Image default
Kritikak

“Iluntzen” – Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Distirak ibaiaz beste aldean” (BERRIAn argitaratua, 2021eko martxoaren 30ean).

Zuzendaritza: Mairu antzerki tailerra. Kanpo begirada: Manex eta Ximun Fuchs. Testua: Gaizka Sarasola. Aktoreak: Iban Garro, Gaizka Sarasola, Juanen Saralegi, Ritxi Abril. Soinu diseinua: Ibai Gogortza. Argiak: Andoni Mendizabal. Ahotsa eta barea: Josune Etxepare. Txotxongiloak eta elementuak: Battitt Halsouet. Atrezzoa: Eduardo Conde eta Beñat Saralegi. Lekua: Berako Kultur Etxea. Eguna: martxoak 3.

Ibaiaz beste aldeko herrian hamar lagun baino ez dira bizi, eta, gainera, Enarak, argiaz hornitzen dienak, alde egin nahi du. Bururik gabekoa eta burdinazkoa den Cristobal erraldoiaren laguntzaz zeharkatzen da erreka, eta, horregatik, Shepherd artzaina, Erramun errementaria eta noraezean dabilen angularia konplotean arituko dira, neskaren eskapuari traba egiteko.

Baina, aldi berean, pertsonaia horiek beraien artean solastatzen dutenean, dioskute alde egin nahi duenak beti aurkituko duela iheserako modua, eta, horiek horrela, biztanle gazteak alde egitea lortu duela azalduko digute azkenean.

Haien munduan ipurtargiak, argiak, txingarrak, angulak, joareen hotsa, jendea… gutxitzen ari dira; ez da itsasontzirik lehorreratzen; ez da biztanle berririk agertzen; burdina eta gazta egiten jakitea ez da nahikoa herriaren biziraupenerako, eta, trena hortik gertu pasatzen bada ere, ez du geltokirik bertan.

Atentzioa eman digute bai soinu diseinu apartak bai argiteriaren erabilera zehatzak.

Uraren jario eta burdinolako kiski-kaskaren presentzia handi eta nahiko jarraikorrarekin batera, bada hasiera-hasieratik ibaia irudikatzen duen argi efektu bat, zeinak ikusleen eta aktoreen arteko laugarren pareta erreka bihurtzen duen. Horrela, asmazio eszenografiko horrek adierazten digu protagonistak gure logika edota pentsamolderako guztiz ezberdina den beste mundu batekoak direla: ibaiaz beste aldeko eremukoak, non, alegietako mundu magiko eta onirikoaren itxuraz, herri txikien benetako hustuketaz mintzatzen diren zenbait izaki harrigarri, oholtzako hiru altura ezberdinetako guneetatik.

Perratzailearen kasuan salbu, gainontzeko pertsonaiei animalien edo txotxongiloen tankera ematen dieten jantziak nabarmentzekoak ditugu, haien aktoreen antzezpen kalitatearekin batera.

Erritmoari eusteko, Cristobalek tartekatzen dituen mikroipuinak eta otsoaren eta barearen sartu-irtenak ez ezik, gelditzen ez den trenaren argi-soinu efektuek aipamen berezia merezi dute, eta baita hari egindako agurrak ere.

Baina, erne, lerro honetaraino iritsi zaren irakurle hori. Badaezpada ere diot. Ez naiz umeentzako ikuskizun bat deskribatzen ari, zeren aipatu mundu absurdo, surrealista eta oniriko eta fantasiazko honen mezuak errealitate ilunago batekin baitu lotura zuzena. Ez da kasualitatea Mairu taldea lesakarra izatea, non ubideetako ura etengabe aditzen den, non aspaldian mailuen kinki-kanka entzuten zen, non altzairuaren pindarrek hain garrantzi handia izan duten. Gainera, muntaiak jakinduria teatral handiz sorturiko dispositibo sofistikatua eskaini digu, ipurtargien antzera, une distiratsu eta erakargarriez beterik.

Erlazionatuak

Herri hura – Nagore Fernandez

Admin

Apirilak 26

Admin

Simplicissimus – Aiora Sampedro

Admin

Iruzkina egin