Image default
Kritikak

Herri hura – Nagore Fernandez

Artikulua: (Ez) hemengoa eta (ez) hangoa.

Liburua: Herri hura.

Egilea: Maialen Diaz Urriza.

Argitaletxea: Elkar, 2020.

Kritika: Berria, 2021-05-09.

Hilabeteak pasatu dira antzezlan bat azkenezkoz irakurri nuenetik, eta genero literario horri berriz heltzeko gogoz ibili naiz aspaldion. Gogotsu hartu dut, hortaz, Maialen Diaz Urrizaren Herri hura obra. Antzerkiak Euskal Herriaz hitz egiten du gehienbat, izandako herri hartaz, iraganean izan zen hartaz, orainaldian existituko ez balitz legez. Eta, egia esan, liburuko bi protagonistek era horretan bizi dute euskal lurraldea, nork bere erara eta nork bere ikuspuntutik, baina bi-biek iraganetik. Abeliñe, familiak hala inposaturik, oso gazterik bere jaioterritik Tuterara bizitzen joandako emakumea dugu; Bernardo, dirua egiteko asmoz Idahora artzain doan mutil gaztea, eta uste izan barik, bizitza ia guztia bertan pasatzen du. Egoerak bestelakoak izanagatik, bi protagonistak bat datoz zerbaitetan: dauden lekuan egonik ere, ez dira kapaz etxean bezala sentitzeko, beren lekuaren bila dabiltza; han, jaioterritik kanpo egonik, ez dira hemengoak; baina, aldi berean, hangoak eta hemengoak dira, nomadak.

Guztiz apurtzailea deritzot antzezlanaren planteamenduari; izan ere, Diazek Aristotelesen hiru unitateen legea irauli egiten du guztiz: batetik, antzezlana ez da bilbatzen ekintza bakarrean, ezpada askotariko bizitzetan eta korapiloetan. Bernardoren bizitza fokalizatzen zaigu, bai Amerikan bizi duena, bai Euskal Herrian. Eta horrekin batera, ez dira falta bere inguruko pertsonaiak eta lekuak. Gauza bera esan dezakegu Abeliñez: bere familia, bere beldurrak eta minak, bere etxeak, guzti-guztiak ekartzen ditu Diazek orrietara. Bi protagonista, lau bizitza, hainbat korapilo eta trama. Bestetik, denboraren erabilera ere askotarikoa dugu. Protagonistak orainaldian agertzen dira, 60 urte ingururekin, baina, era berean 25, eta, are, 35 urte dituzten unera egiten du salto maiz konposizioak. Bada agerraldi bat benetan gertatutakoa dirudien arren, Bernardoren imajinazioan soilik gorpuzten dena, eta hortaz, ez diharduena denbora fisikoaz eta ekintza errealez, ezpada dimentsio sinboliko eta inkontzienteaz. Erabilera horrek are gehiago korapilatzen du denbora bakarraren legea, eta nire ustez, asko aberasten antzezlana. Espazioei dagokienez ere asko dira eszenaratzen direnak, pertsonaia eta garaia zein diren: Idaho, eta bertako ingurumariak, protagonisten jaioterria iraganean eta orainean, Tutera, besteak beste.

Euskal diasporaren trataerari dagokionez, hizkeraren hibridotasunak atentzioa eman dit. Alegia, Meredith pertsonaiak, lehen orrialdetik bertatik, ingelesez blaitutako euskara hibridoa darabil, eta ez da harritzekoa, kontuan izanik bere gurasoek, behinola, Euskal Herria utzi eta Amerikara emigratu zutela, eta ingelesarekin batera, euskara ere irakatsi ziotela, etxeko esparru pribatuan bada ere. Bitasun horrek sinesgarritasuna ematen dio aipatu pertsonaiari. Hala ere, nago bitasun linguistiko hori hasieran bakarrik dela agerikoa, eta antzezlanak aurrera egin ahala, lausotzen doala. Meredith pertsonaiarengan Bernardo Atxagaren Old Martin bat aurkitzea espero nuen, hizkeraren hautuari dagokionez, bederen. Faltan sumatu dudan ezaugarria izan da hau.

Erlazionatuak

Herdoila – Agus Perez

Admin

Sisiforen paperak – Agus Perez

Admin

“Maitasunaren itxiera” – Arantzazu Fernandez

Admin

Iruzkina egin