Hiru kortse

2022-11-15 | Maddi Sara Goikoetxea Juanena

Antzezlana: Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi. Konpainia: Kakimaz kolektiboa. Aktoreak, zuzendariak, testu-egileak: Amancay Gaztañaga, Iraia Elias, Erika Olaizola. Data: azaroak 6. Lekua: Errenteria/Oreretako Niessen aretoa.

Eredu victoriarra absurdoaren muturrera eramaten duten hiru emazte -inoiz baino hobeto esanda- dira Amancay, Erika eta Iraia. Tisana eta pasteltxoen mahai- inguruan esertzen dira, soinean daramaten kortseek bizkar-hezurra zuzendu eta saihetsak estutzen dizkieten bitartean, itolarriaren itolarriz aurpegia moretu eta hainbat kiloko makilajea izerdiak difuminatzen dielarik. Begiak zabal-zabal, eta irribarrea berriz: ukiezin, bikain, dotore, apain, aparteko, garbi…! Batzuetan irudi bakar batek mila hitzek baino gehiago esaten omen du, eta irudiaren boterea da, besteak beste, antzerkiak konbokatu eta konkistatu beharreko hori. Kasu honetan Kamikaz kolektiboak ezin hobeto egin du, eta hitzen lihoa iruteko nire lana zaildu dute: nola adierazi haien gorputz, aurpegi, keinu, barre, oihu, negar eta ahotsek erreproduzitutako parodia? Ezinezkoa denez, irakurle oro gonbidatzen dut antzezlana ikustera, hainbat herritatik barrena ibiliko baitira: gogotik egingo duzue barre, eta hori gutxi balitz, hausnarketa politiko-kolektiborako tartea dago, beti ere modu arinean, egileek errepikatzen dutenez: “herriak ez baitu energia dentsoa atsegin”. Dagoeneko ez, ez omen dugu atsegin.

Geroz eta ohikoagoa da antzerkilariek -eta esango nuke artistek, orokorrean- euren sorkuntza prozesua bera taularatzea: hau da, ez bakarrik hortik atera duten emaitza, ondorio, edo -nolabait esatearren- “produktua”… baizik eta hori sortzera eraman dituzten galdera, eztabaida, zailtasun, gogo eta bulkadak; baita bidean aurkitu dituztenak ere. Zentzu horretan, bada paradigma aldaketa bat, bidea ere balorean jartzen duena, eta batez ere, ikusgai izateko merezimendua ematen diona.

Dirudienez, sorkuntza honen metxa luzea piztu zuen txinparta Bridgerton seriea izan da – XIX. mendeko Londresen familia aristokratiko batean kokatutako drama erromantiko bat-, edo exenplu hori hartu dute behintzat, fikzioaren narratiban genero-arrakala nabarmendu, eta zapalkuntza patriarkalen zein baldintzapen guztien gainetik askatasuna aldarrikatzeko. Izan ere, fikzioa ez da fantasiazko mundu horretan geratzen, modu sotilean geure pentsatzeko, sentitzeko eta ekiteko moldeetan eragin zuzena baitauka. Istorioak gizonek -gizon zuri, heterosexual, erdi-mailako… zerrenda profil homogeneoan luzatu daiteke- asmatzen dituzte eta horietan emakumeek duten “protagonismoa” gizonekiko harremanera mugatzen da. Hau da: gizon baten ama, alaba, emaztea edo maitalea. Eta gizon horren nagusitasuna limurtzera mugatuko da paper horretan, gelditzen zaizkion bi rol bakarrak erreproduzituz: santa edo puta. Edo puta edo santa, nahiago bezala.

Hara! Kronika honek ere panfleto itxura hartu du, eta dagoeneko aipatu ditut “patriarkal”, “aldarrikapen” eta “askatasun” hitzak, eta beharbada irakurleari aurpegia pixka bat ilundu eta begirada ozpindu zaio, ohiko gai serioekin -ohikoak zirkulu batzuetan- sartu garelako, non denoi -batzuei beste batzuei baino gehiago, ejem, ejem- autokritika eskatzen diguten eta etika zorrotz baten epaiaren mehatxupean jarduten dugun: hitz-totelka hanka sartzeko beldurrez batzuk, probokazio desafiantean beste batzuk, edota amorru biziz beste asko. Gai honen bueltan, minak, lotsak eta isiltasunak ere tripak mugiarazi diezazkioke antzokian eserita dagoen ikusleari, baina sentsazio hori deserosotasunean urrunegi joan baino lehen, rapeatzen hasten dira neskak eta maniki edo panpin itxurako gizon-buruak airean jaurtitzen dituzte batetik bestera; haien ahalegina izan baita, lehen aipatu moduan, adierazpen hau sinbolikotik eta modu arinean egitea. Modu “arinean” baino, modu samurragoan esan beharko nuke?

Ezin izendatu gabe utzi buru horien bidez objektu-antzerkiari edo maskarei egindako keinua, eta alde fisikoan adierazitako intentsitatea eta trebezia, zeinak obra honen lengoaia artistikoa markatu eta balore erantsi bat ematen dion.

Amaieran, esperantza edo baikortasun argi bat transmititzen digute eta itzulerarik gabeko bidaia batean gaudela gogorarazi, zenbaitek irrikaz hartuko dutena eta beste zenbaitek ez horrenbeste, baina…:

“Badator, badator… izaki berria

Badator, badator… prest al da herria?”