Ai gure juaneteak!

Patxo Telleriak idatzitako testua oinarri.

2024-03-22 | EHAZE
  • Tartean - Loraldia
  • 2024-03-15
  • Bilboko Itsas Museoa

AI GURE JUANETEAK: Laboaren kantak gaur egungo gizabere baten begiradatik

SINOPSIA:

“Ai Gure Juaneteak!” ikuskari eszeniko hibridoa da. Hitzak eta musikak osaturikoa. Taula gainean aktore-musikari bat eta bi musikari-aktore. Hitzaren eremua aktorearena da, esatariarena. Baina aktorea ere musikari bihurtzen da tarteka. Musikaren eremua musikariena da. Baina musikariak ere ikuskizunaren partea dira, eta honenbestez, aktoreak.

Testua, Laboaren zenbait kantaren letren berrinterpretazio erabatekoa da, gaur egungo neure ikuspuntutik. “Hegazti errariak”, “Izarren hautsa”, “Bedeinkatua”, “Negu Hurbila”, “Lili bat”, “Oi Pello Pello”, “Haika Mutil”, “Baga biga higa”, “Ihes betea”…

Hamarkadak pasa dira kanta horiek konposatu zirenetik eta ez dute galdu orduko indarra eta zirrara. Eta horrexegatik, gure ondare emozionalaren ezinbesteko zatia direlako, izan dut kantok berregituratzeko, berkodifikatzeko ausardia. Gureak direlako. Nireak direlako.

Jatorrizko bertsioaren zati laburrak kantatuko ditugu tarteka, baina batez ere, kanta bakoitzaren ikuspuntu berriak eskeiniko ditugu. Hitzaren eta musikaren ikuspuntu berriak. Hitzek Laboaren kanten letrak (Artze, Lete, Sarrionandiarenak…) izango dute abiapuntu, baina bide berrietatik garatuko dira, desegituratze eta desitxuratze erradikalarekin. Musika ere abiatuko da Laboaren kanten melodietatik, baina hitzak bezala, berezko bide berriak jorratuko ditu.

Eszenaratzea minimalista izango da, protagonistei, hitzari eta musikari, garrantzirik handiena emateko. Zumetaren iruditeri estetikoa baliatuko dugu eszenografiarako, eta garai hartako agerraldi eszenikoen aurkikuntza estetiko eta eszeniko batzuk (“Baga Biga Higa Sentikaria”, esatebaterako) berrerabiliko ditugu.

LANTALDEA:

Egilea: Patxo Telleria
Zuzendari eszenikoa: Jokin Oregi
Zuzendari musikala: Adrián García de los Ojos
Aktorea: Patxo Telleria
Musikariak: Adrián García de los Ojos y Maider Lopez
Argi diseinua: David Rodriguez
Soinu teknikaria: Borja Arbaiza
Eszenografia: Pedro Rojo (El Cajón)
Ekoizle exekutiboak: Myriam Garzia eta Pio Ortiz de Pinedo
Kanpoko begirada: Mikel Martínez
Jatorrizko Musika: Mikel Laboa
Kartela: Hirudika (Zumetaren iruditik)