Artikuluaren titulua: “Erantzunak bainoago, galderak”.
Konpainia: Metrokoadroka. Zuzendaritza: Oier Guillan, Marina Suarez Ortiz de Zarate. Soinua: Patxi Suinaga. Eszenografia laguntzailea: Alvaro Ledesma. Argiak: Junki Mayo. Jantziak: Idoia Beratarbide. Antzezleak: Maite Aizpurua, Edurne Azkarate, Javier Barandiaran. Lekua: Bilboko La Fundicion aretoa. Eguna: Urriak 13.
BAD jaialdiaren barruan ikusi dugu Metrokoadroka taldearen azken sorkuntza, beraien hitzetan aurrestreinaldia izan dena baina egiatan guztiz borobilduta etorri zaiguna Deustuko aretoa euskaltzale, programatzaile eta antzerki munduko jendez lepo zegoela.
Zeozertan dabil baina ez dakit zertan izenburu kaotikoa jarri diote sorkuntza berri honi anekdota on batetik abiatuta, eta nik uste dut ezin hobeto asmatu dutela horretan, ikusleok errealitatetik kanpoko mundu paralelo batean egon garelako emanaldian zehar. Errealitatetik kanpo errealitatea bera aztertzen ikuspegi surrealistetatik, errealitatea bera oso surrealista izaten delako.
Konplikatua, ezta? Taula gainean ikusi duguna hitzetan jasotzea bezainbeste, lagun. Baina era kolektiboan aukeratu duten gaiak ez du gutxiagorako ematen: familia. Familia guztion bizitzan dagoelako presente, era batean edo bestean, haren kontrolatzaile izan nahiz haren menpeko izan. Horregatik izan dira galderak erantzunak baino ugariagoak. Askoz ugariagoak, egia esan, galderak izan direlako testu eta egoera guztien osagai nagusia aldian behin sitcom formatua hartu duen parodia bikainean. Bide batez, gomendatzen dizuet behin edo behin horrelako telesailak soinurik gabe ikustea, aktoreen keinuak eta jarrerak nola eta zein momentuetan errepikatzen diren antzemateko. Oso ariketa polita, benetan, eta ni seguru nago Zeozertan-ekoek ere ikasi dituztela sitcom-etako keinutasunetik zerbait.
Hala ere, komedia ustez logikoan oinarritutako pasarte horietan beti eman zaio garrantzia esangura literala gainditzeko joerari, eta haietan ezinbestean gogoratu naiz Harold Pinterren ironia finarekin eta gauza ustez begi-bistakoei buelta osoa emateko zeukan abileziaz. Heiner Müller Alemania komunistako antzerkigilea ere eduki dut gogoan, bere Hamletmaschine-ren kontura aldarrikatu zuenean: «Gatazkan sinesten dut. Erantzunak eta leloak ez zaizkit interesatzen».
Eta, azkenik, Galiziako Matarile konpainiaren lanak etorri zaizkit burura, paralelismo ugariak ezarri daitezkeelako hango eta hemengo konpainien lanen kontura, bakoitzaren jatorria eta estiloak gorabehera. Bien lanetan hartzen dute testu esanguratsuek garrantzia handia, baina ez era argumentalean; bietan da ekintza fisikoa osagai pisuzkoa, baina beti kontrastean –ez kontraesanean, ordea– esaten denarekin; bietan bideratzen gaitu gaurko musika aukeratuak alde emozionalera, horrela sarkorragoak izan daitezen gugan itaunak; azkenik, bietan dute gorputz eredu ezberdinek protagonismoa. Ez edozelakoa, gainera.
Zeozertan dabil Metrokoadroka, baina badakit zertan dabil: bere jatorrizko esferatik jende berria zein aspaldikoa ari da erakartzen eta sare berriak ehuntzen egiletzan, zuzendaritzan eta antzezleen eremuan, eta badakit gaur ikusi duguna bizigarri suertatu zaigula –eskerrak!– antzerki aurreratuan fedea erdi galduta genuenontzat.