Izenburua: Kabia. Ideia eta antzezlea: Jone Bengoa Vicente. Zuzendaritza: Hannah Wheelan, Marina Suarez. Tokia: Deba, Agirre Jauregia (“Fokupean” Jaialdia). Eguna: Azaroaren 12a.
Goaz! Debako antzerki taldeak “Fokupean” jaialdia antolatu du berriki, urtero antolatzen zuten jaialdiaren inguruan hausnarketa prozesu bat egin ondoren. Antza denez, zeraz konturatu ziren: emanaldi horietan ikuslegoaren gehiengoa emakumez osatuta zegoela, eta ekartzen zituzten antzezlanetako aktoreak, berriz, ia denak gizonak. Fokupean jarri nahi izan dituzte, hortaz, emakumeak; bai oholtza gainean eta baita hortik kanpo ere. Hori dela eta, ikusle kluba antolatu dute EHAZEren laguntzaz, formakuntza saioa Dejaburen eskutik, eta emakumeon ahotsez josi dute herria hainbat egunez. Horretan ibili da Jone Bengoa aktoresa ere, haren familiako emakumeen, eta haiek bezala, 60.hamarkadan Arabako kapitalera neskame migratu zutenen bozgorailu izan nahi duen obra aurkezten. Gasteiztarrak “teatro dokumental” gisa aurkeztu du, sorkuntza prozesuan hainbat emakumeri elkarrizketak egin eta ikerketa dokumentala egin behar izan baitu. Prozesuan bidelagun izan ditu Marina Suárez zein Hannah Frances Whelan, zuzendaritza paperean, eta Baratza Aretoan egin du egonaldia.
Hamabi urterekin iritsi ziren Bengoaren bi izebak hirira, eta seguruena, haien erabakiak markatu zuen sortzailearen patua, haren gurasoak ez baitira euskal herritarrak. Obrako lehen esaldian esaten duen moduan: “ez bata, ez bestea”. Emakumeen memoriak berpizteko ez-ezik, euskal gizartean eman diren migrazio-mugimenduak gogoratzeko balio digun lana da Kabia, jatorri eta identitatearen inguruan hausnartzen duena.
Protagonismo berezia izan du jardunaldietan Goaz! antzerki taldeak aurkeztutako Lotura basatiak obrak: bost aktoresak ama-alaben inguruko harremanaz jardun dute. Ez dut ikusteko aukerarik izan, baina partaideekin hitz egin ahal izan dut: Irati Barojak aretoa bete dutela azpimarratu du, herrian izanik senitartekoak, lagunak eta ezagunak bildu baitituzte. Emanaldiaren ostean, Debako 50 emakumez osatutako koruak itxi du bilkura, aipatu dutenez, giro hunkigarrian. Bengoak bere ikerketaren harira aipatzen du “herri pertsona” kontzeptua asmatu zuela, hau da: migratzailea haren jatorriarekin konekta arazten zuen pertsona hori; jatorri komun bat, kolektibo bat konpartitzen zutenen konplizitatea azaleratzeko. Halako zerbait sentituko zuten, seguruena, topaketa honen baitan Debako emakumeek: “herri pertsona”, “herri-emakume”.