Artikulua: “Hiru komedia labur”. (Berrian argitaratua, 2020ko irailaren 8an).
Konpainia: Pez Limbo. Zuzendaritza: Raul Camino. Eszenografia: Eskenagorri. Jantziak: La Funambulista. Antzezleak: Raul Camino, Begoña Martin, Ainhoa Alberdi, Aitor Perez. Lekua: Gasteizko Zulueta jauregiko lorategia. Eguna: irailak 4.
Aspaldi nenbilen Gasteizko Pez Limbo konpainiaren Herdoila ikusteko gogoarekin, eta azkenean euren hiriko jauregi bateko lorategi polit batean izan dut sorkuntza kolektibo hau ikusteko parada.
Beste ezer azaldu baino lehen argitu behar dugu Gasteizen ondo errotuta dagoen konpainia hau duela hamar urte sortu zela, eta taldearen webgunean irakurtzen dudanez, beren sorkuntzetan «umorea, garraztasuna eta poesia elkartzea bilatzen dute, betiere errealitatearen gaineko begirada kritiko batetik abiatuta». Abiapuntu ideologikotzat ez dago txarto, gero!
Egia esan, Herdoila hau askoz ezagunagoa egin da Euskal Herrian zehar gaztelaniazko Oxido izenburuarekin, eta lorategian bildutako ikusle euskaldunen aurrean maila sinbolikoan geratu da euskararen erabilera hasierako aurkezpenean. Hala ere, euskarak bere lekua berreskuratu du egitaraua osatzen duten hiru komedia laburretan, antzezle guztien prestakuntza eta hurbiltasunari esker, eta ikusleok gaualdi gozagarri bat izan dugu bizitzan galduta edo gizartearen arauetatik kanpo dauden pertsonaia berezi eta maitagarrien kontura.
Adibide bat jartzearren, bere bizimodu grisaren eraginez izpiriturik gabe geratu den gizona izan da lehen ipuinaren Madame B protagonista, eta iragarle baten iradokizunei jarraituz lortu du ate argitsuren bat aurkitzea bere bizitzako pasabide ilunean. Homo amabilis-en, ordea, arazoak ditu protagonistak ingurukoekin beti abegikor eta adeitsu jokatzeagatik, eta azkenik, Margarita Molotov-en bi emakume desesperaturen komeriak ikusi ditugu desastre txiki batzuetatik erabateko hondamendira doan jatetxe surrealista batean.
Ikusten denez, elkarren segidako hiru komedia labur oparitu dizkigu Pez Limbo konpainiak, eta nik esango nuke garraztasuna bainoago, garai bateko umore zuriaren eremuan geratu direla hirurak, Homo amabilis zertxobait urrunago joan den arren. Seguruenik, argumentuen eta testuen garraztasun falta hori egiletza kolektiboaren ondorioa izan da, benetako gidoilari aurreratu baten ezean. Dena den, atseginak eta txukunak dira hiru testuak, eta are gozagarriagoak egin zaizkigu elementu eszenikoen gutxitasun aberasgarriaren eraginez eta antzezle guztien lan politaren ondorioz.