Artikuluaren titulua: “Aresti zuri-beltzean” (Berrian argitaratua, 2020ko uztailaren 12an).
Zuzendaritza: Calixto Bieito. Testuak: Gabriel Aresti. Antzezleak: Miren Gaztañaga, Mikel Losada, Gabriel Ocina, Itxaso Quintana. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Uztailak 9.
Uda berezi honetarako Bilboko Arriaga antzokiak prestatu duen programazioan, Gabriel Arestiren testuei eskainitako saio bat etorri da aste honetan, Gabriel Arestiren etxea defendituko dut izenburu argigarriaren pean.
Forma eta tamaina guztietako berrogeita hamar bat bozgorailuk bete dute agertokiko behegaina. Lehen uneetan Arestiren beraren ahotsa entzun dugu grabazio txukun batean bere Bilbaoko kaleak olerkiaren zati bat errezitatzen, eta deigarriak egin zaizkigu haren ahotsaren indarra, garai bateko naturaltasuna eta hitzei emandako kadentzia pertsonala. Haren hitzekin eta argi aldaketa leun batekin batera agertu dira lau antzezleak bozgorailu banaren gainean, laurak orri zuriak eskuetan eta praka zein jaka beltzak eta alkandora zuria jantzita, kontzertu baterako prest baleude bezala. Izan ere, «musikarik gabeko kantata» bezala definitu du Bieitok bere proposamena, eta «lehor» berba gehitu haren aurkezpen idatzian. Neuk ere ezin izango nuke hobeto adierazi esperimentu bokal honen funtsa, onerako zein txarrerako.
Xede horri begira, esandako olerkiaren hasiera behin baino gehiagotan nagusitu da interpreteen ahotsekin jolasean, seguruenik suite bateko leitmotiv-aren funtzioa hartuta, eta emanaldian zehar musika moduko jolas batzuk gertatu dira poemen errezitatzeen bidez. Haien artean, lau antzezleek Esan eta esanen dudana-ren ahoskatze zatikatua izan da pasarterik bitxiena, baina, kontrako platerean, eztabaidagarria da poetaren testu batzuk erdarazko bertsioan eman izana, batez ere itzulpenean jatorrizko metrika, erritmoa eta prosodia ezinbestean galdu direlako.
Alderdi plastikoei begira, hasierako janzkera zurruna zertxobait lasaitu da emanaldian zehar, interprete batek jaka erantzita, besteak alkandora gerritik aterata eta besteren batek lepo aldeko botoi bat askatuta. Dena den, eta bilatu den dotorezia solemneari men eginik, zuri-beltz erabatekoan gertatu da guztia, batere musikarik gabe, olerkien arteko pausa luze-luzeak eginez eta ahots grabatu nahiz bizien konbinaketari protagonismo handia emanda.
Argiek ere ñabardurarik gabeko zuritasuna hartu dute, baina esan beharra dago rol garrantzitsua jokatu dutela, ez beharbada balizko emozioak bideratzerakoan, baina bai haien bidez dramaturgia joko ia subliminalak sortzean. Alde horretatik, eredugarri deritzot Bieitok berak eta Arantxa Herediak argiztapen diseinuan egindako lanari. Dramaturgiaren alorrean jarraituta, jolas fisiko batzuk garatu dituzte lau antzezleek, bozgorailuen artean korrika eginez batzuetan eta batetik bestera erdi saltoka ibiliz besteetan, baina dena geratu da neurritasunaren eremuan, Bieitorengan hain ohikoak diren gehiegikerietan inoiz jausi barik. Proposamenaren bide aszetiko horretatik, Arestiren olerkiak eta testuak geratu zaizkigu soilik, eta haiek plazaratzeko lau antzezleen bikaintasuna. Izan ere, mirestekoak izan dira haietariko bakoitzak hitzei emandako zentzua, gorputza, jarrera eta barne-dentsitatea, eta nik esango nuke haiei esker hartu duela emanaldiak bere balizko balio osoa.