Antzezlana: Minotauroaren egarria. Konpainia: Khea Ziater. Testua: Jon eta Alex Gerediaga. Euskaratzea: Kepa Errasti. Dramaturgia eta zuzendaritza: Alex Gerediaga. Eszenografia eta jantziak: Azegiñe Urigoitia. Argiak: Oier Ituarte. Bideoak: Jesus Pueyo. Antzezleak: Ainhoa Artetxe, Arrate Etxeberria, Leire Ucha, Txubio Fernandez de Jauregi, Jon Ander Urresti. Poker jokalaria: Miriam K. Martxante. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 2.
Alex Gerediagak zuzentzen duen Khea Zeater faktoriak bere azken sorkuntza estreinatu du Bilboko Arriaga antzokian, hasieratik hartutako bidean beste pauso bat emanez. Bide joria da honezkero, zinea eta antzerkia uztartzeko ahaleginean emankortasuna frogatu duena aspalditik, originala eta beti bizigarria izateaz gain. Hona hemen, adibidez, Khea Ziaterren lanetariko batzuk: Malmö, Satisfaktion, NOT (Never on Time), Gloriaren kantua, Oymyakon…
Greziar mitologiaren arabera, minotauroa zezen burua eta gizon gorputza zeuzkan izakia zen, eta haren arriskutik salbatzeko eraiki zuten Minoseko labirintoa, harik eta Teseok animalia mitikoa akabatu zuen arte. Jon eta Alex Gerediagaren oraingo bertsioan Teseo deitzen da Il labirinto izeneko tabernako zerbitzaria, baina izen hori sare sozialetan komunikatzeko erabiltzen duena baino ez da. Ezizen horrekin kontaktatuko du bere geroko maitearekin, eta izen aldaketak komeria franko ekarriko dizkio, ekarri ere.
Ikusten denez, orain arteko planteamendua zinemaren komedia erromantikoetan askotan baliatu den mamia da, baina horretaz ari gara azken finean. Hau da, zinemak gure sentimenduetan eragiteko daukan gaitasunaz. Hala ere, ez da hor guztia amaitzen, ustezko Teseo horren tabernan beste bezero batzuk eta beraien bizipenak elkartuko baitira, erromantizismo hutsa izan zitekeenari lokal ilunetako giro mehatxagarria, jokoak eragindako zorrak eta beste maitasun istorio bat gehituz.
Horren guztiaren erdian Dukea izeneko pertsonaia berezi bat jarri dute egileek, protagonisten ibilbide gurutzatuetan semaforoarena eginez, esku-programako txartelan subliminalki adierazten den bezala. Txubio Fernandez de Jauregik gorpuzten du rol hori, eta bai rola bera, bai haren interpretazioa ikustearren merezi du emanaldia ikustea. Aurreneko emanaldi hau elebiduna izan da, pertsonaia batzuk euskaraz aritu eta besteren batek erdaraz hitz egin duelako, eta antzezlana gaztelaniazko bertsio elebakarrean ere zirkuitatuko da. Bestetik, esku-programan dakar Leire Ucharen pertsonaia Miren Gaztañagak ere jokatuko duela aldizka, eta gustatuko litzaiguke haren lanaz berriz eszenatokietan gozatzea.
Alex Gerediagak ondo fusionatu ditu antzerkiaren eta zinemaren baliabideak eta lengoaiak, ez bakarrik alde fisikoetatik –eszena filmatuen proiekzioak lokalaren balizko leihoetan proiektatuz, adibidez–, baizik eta bi mundu horien izpirituak ahalik eta gehien hurbilduz. Argien eta jantzien diseinua lagungarria izan da emanaldiari sinesgarritasun filmikoa emateko, musikak ere ondo girotu ditu eszenak –batzuetan zuzenean joa izan da gitarran– eta eskertu egin dugu tabernaren itxura naturalista soila. Antzezle taldeak fin eta txukun jardun du, bakoitza bere rolean ondo sartuta, eta, esan bezala, Txubio Fernandez de Jauregik ñabardura askotako pertsonaia maitagarria eraiki du, denok gure bizitzaren une batean edo bestean alboan eduki nahi genukeen edarizale baikor, jakintsu eta maitekor horietako bat interpretatuz.