Badon ala ez don? Horra hor gakoa

Korrika Kulturalaren bekarekin sortutako lana.

2024-01-18 | Mikel Ayllon

Zuzendaria: Marina Suarez Ortiz de Zarate. Gidoia: Lan kolektiboa. Aktoreak: Xanti Agirrezabala, Ainara Gurrutxaga, Ines Osinaga, Marina Suarez, Oihana Vesga. Ekoizpena: Badon eta AEK
Saioa: 2024ko urtarrilaren 12a, Euskalduna Jauregia.

Kritika postdramatiko bat bost koadrotan.

1. Koadroa

Postdramatikoa termino fetitxea da arte eszenikoetan. Gurean arte eszenikoez hitz egingo balitz, barra-barra entzungo zenuke. Ez baduzu entzun, lasai, horregatik da, gurean ez delako arte eszenikoez apenas hitz egiten. Piz ditzagun, beraz, aretoko argiak apur batez, aurrera egin aurretik.

Ez pentsa, baina termino zahartxoa da. Duela 25 urte, aurreko mendean beraz, Hans-Thies Lehmann ikerlari alemaniarrak 500 orrialde inguruko liburutzarra argitaratu zuen eta Postdramatisches Theater (Antzerki postdramatikoa) izenburua jarri zion. Gaiari buruzko lehen ikerketa xehea da. Konplikatua ematen du kontuak (eta bada, noski, ez baitira alferrik idazten 500 orrialde), baina esplikazio erraza ere onartzen du: gidoi idatzietan oinarritutako dramari krisiak jo zion, eta beste osagai eszeniko guztiak (argiak, eszenografia, irudiak, bideoak, gorputzak, soinuak, musikak eta are ikusleak ere) testuaren pare jartzen hasi ziren antzerkilariak. XX. mendearen erdialdean jarri ohi da osagaien hierarkiarik gabeko aro honen hasiera, nahiz eta badiren zantzu asko lehenago ere bai.

Ez dakit azalpen trakets honek ezer argitu dizun, irakurle. Nolanahi ere, segi Badon ikustera eta berehala ulertuko duzu.

2. Koadroa

Jo dezagun orain apur bat atzerago. XIX. mendera, hain zuzen. Beste alemaniar batekin egingo dugu topo: Richard Wagner. Anakronismoa onartzen bazait, opera Hollywooden atzaparretatik salbatu nahi izan zuen konpositorea. Monteverdirekin hasi zen arte hari arte total deitu zion Wagnerrek, eta espektakulu huts bat baino gehiago zela aldarrikatu zuen. Opera zen beste arte adierazpide denak bakar batean batzeko gai zen superheroia: musika, dantza, poesia, pintura, eskultura eta arkitektura.

Arte totalaren lorratzari jarraikiz, Marxek Hegelen arrastoari bezala (ez da debaldekoa konparazioa), etorri ziren ondoren Edwin Piscator, Bertolt Brecht edo Vsevolod Meyerhold. Hiru sozialista (Marxen antzera) postdramatikotasunaren bidea urratzen eta, antzerkiaren bidez, mundua iraultzeko ahaleginean, testuaz gain, bestelako osagai eszeniko sendoekin, publikoarengan eragin sakona uzteko helburuz.

Horra beste azalpen trakets bat. Barkatuko didazu. Opera bat zer den hobeto ulertzeko, joan Euskaldunara, baina ez Badon programatuta dagoen egunean.

3. Koadroa

Beste alemaniar bat. Zin degit azkena dela. Erika Fischer-Lichte ikerlaria. Munduan ez da inor berak bezain beste jakingo duenik gure hurrengo termino fetitxearen inguruan: performatiboa. Izan ere, Badon ez da opera bat, baina bai ikuskizun nahiko performatibo bat.

Fischer-Lichtek dio antzezlan bat ez dela obra amaitu bat. Antzerkia gertakari bat dela, une eta denbora errepikaezin bat. Gertatu egiten da istant batean eta denok behar gaitu, artista eta publiko. Funtsean, errealitatetik gertuago gaudela fikziotik baino, taula gainean eta besaulkietan.

Badonen estetika oso performatikoa da. Ez dago pertsonaia oso zehatzik, aktoreak pertsona eta pertsonaiaren arteko ezleku horretan daude ia beti, gauzak gertatu egiten dira kontatu baino gehiago, eta publikoa ere gertakari horren parte da.

Oso agerikoa da lengoaia estetikoa lantzeko egindako ahalegina, nahiz eta baden halako euskalduntasun premoderno kitsch bat, karranka apur bat egiten duena, beharbada, desagertu zen hasierako asmotik herentzian hartua (emakumeek euskararen transmisioan egindako lana).

Luze doa kontua eta har dezagun atseden apur bat (hainbeste alemaniarrekin nekatuta egongo zara dagoeneko).

Interludioa

Badakit bizi dugun diglosia kulturalaren isla dela, baina oso amorragarria iruditzen zait. Erreferente kultural espainolez ari naiz, eta euskal antzezlan askotan daukaten presentziaz. Hemen ere bai: Espinete, espainieraren genero-marka pertsonaia batzuen generoa bereizteko… Euskaraz sortzea hautu politiko bat da, eta deserosoa. Hautu politiko (eta deseroso) izateari utzi diezaion (nik ere nahi nuke), besteak beste, diglosia kulturala gainditu beharko dugu. Eta ez gure fikzioetan imitatu.

4. Koadroa.

Taula gainetik etorriko zaigu gaztigu eskergarria: agian ez dago zer ulertu; guk ere ez dugu dena ondo ulertzen. Antzezlan guztietan esan beharko litzateke (eta museoetan, kalean, kontzertuetan, nonahi). Tamalgarriak dira hala gure hezkuntza estetikoa nola etikoa. Eta dena arrazoi (hegemoniko) hutsez ulertu nahi izate hori.

Ikaragarri eskergarria iruditzen zait Badonek dispositibo desberdin bat sortzeko egindako ahalegina. Okerrena, ordea, zera da, ikuslea jitoan uzten dutela itsaso zabalaren erdian. Heldulekurik batere gabe. Funtsean, fabula ahaztu zaielako. Zer kontatua. Gatazka bat. Urgentzia bat.

Emakumeek euskararen transmisioan izandako rolaz hitz egitea omen zen hasierako asmoa. Asmo hartatik, ordea, ez da deus geratzen. Zintzoak izanda, aurkezpenaren egunean, proiektuaren buru zen Ines Osinagak aitortu zuen bidea interesatzen zitzaiela, helmuga baino gehiago. Asmo zoragarria da hori. Baina bideak, bide izateko, helmuga bat behar du, hiri zaratatsu baten erdigunea edo mendi-puntan galdutako baserri txikia. Berdin dio, baina bat. Bestela, bidea ez da bide. Larre da. Edo desertu.

Eta baziren (badira) bidegai oso potenteak. Esate baterako, Madinaren Aita gurea. Eta pantailatik hitz egiten digun izenik gabeko izan apur bat lauso hori. Bi hari horiekin ekidin ezina da lotura Agrupación Señor Serrano konpainia katalanaren Extinción lanarekin. Pantailatik berba egiten digun adimen artifizial estonagarria eta Joan Cererols-en bi meza (de Batalla eta pro Defunctis). Baina katalanenak badu fabula erdiragarri bat, XVI. mendeko inperialismotik gaur egungo nekrokapitalismora eramango gaituena, barkuan igota.

5. Koadroa.

Ekar dezagun frantses bat azken dantzara. Nicolas Bourriaud. Arte garaikidean aditua da Bourriaud eta berak aztertu du Berlineko harresia erori ondorengo arteaz hitz egiteko funtsezkoa den gakoetako bat: artearen eta bizitzaren arteko mugen lausotzea, fikzioaren eta errealitatearen arteko harresien erorketa edo, gauza bera dena, ikuslearen esku-hartzea pieza artistikoaren osaeran. Arte erlazionala izena eman dio fenomeno horri. Bestela esanda: Wagnerren aurretik, plateako argiak piztuta egoten ziren, eszenatoki gainekoak bezala. Wagnerrek erabaki zuen publikoari argia kentzea eta fokoa taula gainera bideratzea. Bourriaudek berriro piztu ditu ikusleen argiak.

Badonen ere piztuta edukiko ditugu (fisikoki batzuetan, metaforikoki besteetan). Bizi dugun garaia ondo irakurtzen dakien ikuskizuna da, alde horretatik. Batzuetan, baina, nago ikusleak pisu handiegia hartu behar duela bere gain, artelanaren osaketa soil-soilik haren esku balego bezala, argiak gure gainean bakarrik baleude bezala. Arriskuak hori dauka, ederra da, baina lokatzezkoa.

Bukatzeko, beste ingeles bat (izenburuan ezkutatuta doanarekin, bigarrena). Peter Brook. Utz zaitzadan bakean behingoz, irakurle, eta hark hitz egin dezala. “Pistola baten kanoia ikusleari begira jartzen badut (behin egin nuen), une batez, harengana modu desberdin batean iristeko aukera daukat. Aukera hori asmo batekin lotu behar dut ezinbestean; bestela, istant bat geroago, ikuslea bere abiapuntura itzuliko da berriro: inertzia da ezagutzen dugun indarrik handiena”.