Atzera eginez denboran

"Mira hadi" ikuskizunaren inguruko kritika.

2024-03-19 | Agus Perez

Ekoizpena: Loraldia. Gidoia: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Getari Etxegarai. Musika sortzea: Maite Larburu. Musika-interpretazioa eta abestea: Lide Hernando ‘Liher’. Antzezlea: Maria Urzelai. Argiak: Arantza Flores. Arte bisualak: Alphax. Erakunde kolaboratzailea: Bilboko Euskal Museoa. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Martxoak 7.

Eibarko Antzerki Jardunaldietan ikusi dugu Mira hadi izeneko antzerki dokumentala. Loraldia jaialdiaren ekoizpen bat da, eta izenburuak Eulalia Abaitua aipatzen du: «Eulalia Abaitua andre-begietan» dio, hain zuzen.

Alphax delako bideo-sortzailearen irudiekin hasi da emanaldia, eta lehen minutuetan hainbat lagun agertu dira Abaituari buruz zuten ezagutza aitortzen. Gehien-gehienek ez zekiten nor izan zen, baten bati ezaguna egiten zitzaion, eta emakumezko batzuek bazekiten nortaz ari ziren.

Aurrera jarraitu baino lehen, esan dezagun Eulalia Abaitua bilbotar emakume aitzindari bat izan zela argazkigintzaren alorrean –«lehen emakume argazkilaria» diosku esku-programak– eta fotografia izan zela bere bizitzaren pasioa eta ardatz nagusia. Bere garaian ondotxo esperimentu zuen teknika berriak eman zitzakeen posibilitateekin, baina gurean behintzat, eta antropologiaren munduan oro har, historiara igaro da Euskal Herriko jende apalari egindako erretratu etnografikoengatik.

Esan bezala, zenbait jendek emandako erantzun laburrekin hasi dira proiekzioak, baina ordutik aurrera Abaituak egindako erretratuak izan dira protagonista. Emakume aurpegiak izan dira haiek guztiak ia-ia, nahiz eta argazkilari aitzindariarentzat garrantzitsuak ziren era berean baserritarren lanabesak eta bizimodu arrunteko tresneria. Ordea, oraingo emanaldian ikusitakoak ikusita, gure lehen gogoeta da ze herri indigena izan garen, ze jauzi ikaragarria eman dugun mende batean, onerako zein txarrerako.
Berriro aipatuko ditut argazkien presentzia, Alphaxen lanari esker bolumena, dinamismo neurtua, konposizio plastiko erakargarriak eta maila artistiko ukaezina erdietsi baititu irudien proiekzioak. Elementu eszenikoak ezin bakunagoak izan dira baina efikazak hala ere. Bi egitura poliedriko eta singlerekin bete da nolabait hutsune eszenikoa, eta haiek izan dira dramaturgia soilaren heldulekuak, ondo aprobetxatuta antzezleak eta musikariak beren rolak jokatu zitzaten.

Maria Urzelai izan da kontakizun narratiboaren arduraduna –solasaldi batzuetan Lide Hernandoren parte-hartzearekin–, eta ‘Liher’ berak hartu du, ederto hartu ere, pasarte musikatu ugarirekin emanaldia edertzeko zeregina. Dena egin zaigu fina eta arina, eta aipamen berezia merezi dute eszenen arteko trantsizio ia gainjarriek, horrela erritmo atsegina izan baitu emanaldiak, hitzaldi musikatu soila izatearen balizko mamua uxatuz. Gomendagarria, benetan, geure historia ezagutzeko eta Abaituaren figurak merezi duen lekuan kokatzeko.