Sei teatro nobedade Durangoko Azokan, EHAZEren mahaian

2021-11-29 | EHAZE

Aurten, sei antzerki nobedade eramango ditu EHAZE-Antzerkizale elkarteak Durangoko Azokara: GANBILA bildumako hiru, EHAZE-liburuak bildumako bi, eta Eztena-Liburuak bildumako bat. Horiez gain, 2021ean Ganbilan publikatutako beste hiru titulu ere mahaian izango dira. Agus Perezek eta Lali Marimonek apainduko dute antzerkilarion txokoa. Jarraian nobedade guztiei buruzko informazioa.

http://www.susa-literatura.eus/liburuak/ganb13

Egilea: Amancay Gaztañaga.

Ilustrazioak: Arrate Rodriguez.

Deskribapena:

Krudelak iruditu zaizkit beti antzezlanetako heroi femeninoak.
Krudelak beraien zauriak.
Krudelak beraien auziak.
Krudelak emakume hauek, gizonezkoen buru horietan, egitera behartuta zeuden ekintzak.
Krudelak beraien fama.
Krudelak beraien lanak eta dramak.
Krudelak ere ateratako kanak.
Nahiko nituzke askatu.
Nahiko nituzke askatu.
Zuen kargak

http://www.susa-literatura.eus/liburuak/ganb14

Egilea: Peru Calabaza Saban.

Azala: Junkal Altzugarai.

Deskribapena:

Munduan zehar poeta edo maisu deitzen zioten. Bere herrian ganorabako.

99 pauso emango ditugu ganorabakoen aldamenean, ea fundamentu gutxiko erantzunen bat aurkitzen dugun gure galdera handientzat, hala nola: Zeintzuk dira gure pentsamoldeak jartzen dizkigun tranpak? Zer gertatzen da dagoenaren inguruko diskurtsoekin? Zer da menpean egotea? Non ditugu mugak? Zerk liluratuko gaitu bihar?

Gure barnean dugun fundamentalista ttiki oro da lan honen jopuntu.

Baita inguruan ditugun fundamentalista handiak ere.

Ganorabakoak potentzialki indartsuenak dira. Ez dakigu zertarako, baina badaezpada ere euren inguruan bildu beharko genituzke indarrak.

http://www.susa-literatura.eus/liburuak/ganb15

Egilea: Patricia Urrutia.

Azala: Roberto Quintana eta Ainhoa Resano.

Deskribapena: Gaztetxeko azken kontzertua izango da. Gaztetxea betiko ixtera doa. Gazteak hazi egin dira eta ez dago inor lekukoa hartzeko prest. Taldearen azken kontzertua ere izango da. Seme-alabek, lanak, nekeak, gain hartu dute. Kontzerturako soinu-proba aurrera doan heinean, taldekideen eta inguruko ume eta gazteen bultzada, galdera eta pasioen argazki musikala, zuzeneko bideoklipa, izango ditu ikusleak zentzumenen aurrean.

Sei gizabanako hilkor, bizitzarekin ahal duten moduan moldatzen, bi heroi super cool, eta bi jainko-jainkosa ahalguztidun lurtar gaixoek debekatuta duten guztiaz gozatzen. Desioaren arrazionalizazioa, erabakitze ezintasuna, tabuak, fantasiak, proiekzioak eta eguneko ametsak. Rapa, trapa eta rocka. Eurak eta gu. Digitala eta analogikoa. Pornoa eta Afrodita. Aseezintasuna. Eta guztia zeharkatzen, blai egiten, musika.

Izango da antzerkia, izango da musika, izango da barre-algara, mina, pasioa, haragia, odola. Izango da rock and rolla.

p://eztena.liburuak.eus/liburuak/alamedako-dantzaldia

Egilea: Eider Perez.

Deskribapena: 2020ko irailean Alamedako dantzaldia izeneko performancea gidatu zuen Sra. Polaroiska kolektiboak Eztena arte eszenikoen jaialdiaren barruan. Proiektu hura Errenteria herriaren 700. urteurreneko ospakizunekin lotuta egin zen. Sra. Polaroiska kolektiboa osatzen duten Maria Ibarretxek eta Alaitz Arenzanak elkarrizketak egin zizkieten herritarrei udan zehar, eta irailean Oier Zuñiga, Alizia Otxoa, Gaizka Chamizo eta Alazne Corral aktoreen laguntzarekin osatu zuten proiektua. Ez zen edonolako erronka izan: mundu mailako pandemia baten ondorioz ia debekatua geratu zen dantza egitea, gorputzak gorputzen pare izerditzea, eta testuinguru horretan dantzaldi bat gauzatzea zen erronka. Emaitza audio-pieza bat izan zen, eta jaialdiaren barruan egindako entzunaldi kolektiboa, askatasun keinu bat.

Alamedako dantzaldia, oro har, esperimentu handi bat izan zen, eta bulkada horri berari jarraika beste urrats bat eman dugu aurtengo Eztenan: enkargua egin diogu Eider Perez ‘Adeletx’ aktore eta idazleari idatzizko sormen lan berri bat egin dezan, Sra. Polaroiskak egindako lana oinarri.

Esku artean duzue emaitza.

Egileak: Ane Zabala eta Galder Perez.

Kolaboratzaileak: Josu Camara, Goizane Aizpurua, Fredi Paia, Jon Gerediaga, Ander Lipus, Edorta Jimenez, Txuma Murugarren, Mikel Martinez, Gaizka Sarasola, Jon Basaguren, Irati Jimenez, Idurre Eskisabel, Lutxo Egia, Aitor Garcia de Vicuña Gartxito, Oier Guillan, Olatz Gorrotxategi.

Deskribapena: Liburu hau Galder Perez eta Ane Zabalak osatutako Gilkitxaro antzerki taldearen 25. urteurrena ospatzeko sortu da. Liburuaren barruan bi atal topatuko ditu irakurleak, nagusiki: batetik, Euskal Herriko hamaika antzerkilarik partekatutako oroitzapenak, Gilkitxarorenik lotuta baina, era berean, euskal teatroaren garai oso bateko erretratua osatzen dutenak. Bestetik, taldearen hiru obretako gidoiak: “Honolulu, leku bat”, “8 begi” eta “Adarretatik zintzilik”.

Egileak: Oier Guillan eta Metrokoadroka.

Kolaboratzaileak: Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran.

Deskribapena: EHAZEren argitalpen honetan ez duzue aurkituko antzerki naturalistaren ez logikarik ez manerarik. Aldiz, Oier Guillanen “Arra-Arraroa” (2010) eta “Mr. Señora” (2016) izenekoetan zeuden ideiak nahiz idazketa-estiloa antzemango dituzue. Ikuskizun honek hibridazio, identitate, auto-pertzepzioa, generoen auzia eta, halaber, antzezpenari buruzko gogoetak zentrifugatu zituen, betiere irudi poetiko, umoretsu eta kitsch-ak erabiliz.
Liburuan “Miss Karaoke” antzezlanaren bi bertsio daude eskuragai: jatorrizko testua eta oholtzara eraman zena, sormen prozesuari buruzko kronika mamitsu batekin batera. EHAZEk testuok irakurtzeko eta gozatzeko proposamena egiten dizue, antzerki-osteak euskal antzerkiaren sisteman daukan tokiaren adierazle gisa.

2021eko udaberrian plazaratutako liburu hauek ere mahaian izango dira:

Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak liburuak plazaratu ditugu GANBILA antzerki bilduman, ohiko moduan, Susa argitaletxearekin elkarlanean.

Egilea: Jon Gerediaga.

Dama obra argitaragabea da. Edith Sodergran idazlearen poemak dramatizatu, eta fikziora eraman du egileak tragikomedia moduan, edetasunaren, poesiaren eta poetaren beraren paperaz gogoeta eginez. Aitziber Alonsok egin du azala, eta Iñigo Martinez Peñak idatzi du hitzaurrea. Bertatik atera ditugu hitz hauek:

Damaren hitzak enigmatikoak dira. Poema asko begiak itxita errezitatzen ditu eta pitonisa igarle baten mezu ezkutuak direla dirudite; beste errealitate edo beste dimentsio batetik etorritako hitzak. Horrela al da? Edo ameslari bakarti baten jolasaren aurrean gaude? Hitzen, doinuen, esanahien erabilera ludiko-poetikoa ote da berea? Mozkorraldi existentziala? Bizitza eta poesia maite ditu Damak. Eta, berea, edozein herritako edozein tabernatan idazten dagoen poetaren istorioa izan daiteke. Taberna bazter batean, anisa edaten, idazten. Zoritxarrez, susmopean jar dezake horrek: zertan ari da? Ez al du beste lanik egiten? “Aurkitu duzu lanen bat edo poesiarekin jarraitzen duzu?”. Ika-mikak, existentziaren “errentagarritasuna” erakusteko presioak, justifikatu beharrak. Zentzu horretan, agian, edozein artistak ikus dezake bere burua Damaren ispiluan islatuta. Artea zer den sekula ez dago argi eta artista gisa norbere burua izendatzea ez da gauza erraza. Krisi existentzialera kondenaturik al dago artista, poeta, idazlea, dantzaria…? Bere bizimodua justifikatzeko kontzeptuen eta argudioen bilaketa nekagarrian aritu behar du?

Galderak galdera, Damaren hitzetatik askotariko ahotsak irudika ditzakegu: naturaren kantu ahistorikoa, orakuluaren mezu ezkutua, ameslari bakartia, artista anonimoa. Batera zein bestera izan, hitz ederrak dira bereak, iradokitzaileak, hunkigarriak.

Egilea: Gaizka Sarasola.

Deskribapena:

Liburu honek egilearen bi obra dakartza barruan: Txoriak eta zauriak eta Iluntzen, biak Lesakako Mairu antzerki tailerrarekin taularatutakoak. Aurkezpenean argitaletxeko kideek aipatu zutenez “Bere obretan bada sinbolismo bat gai politiko eta sozialen erraietatik datorrena, baina beti ere pertsonen, umorearen eta kontraesanen neurrira idatzia tenez”. Egileak berak Mairuren amateur izaerak dituen ezaugarriak ekarri zituen gogora, bere testuak kokatzeko, “Talde amateurra izateak bere mugak ditu, baina baita ere lotura gutxiago, lan egiteko askatasuna”. Maider Arrieta Tapiak egin du azaleko irudia, eta aipatutako lanetan kanpo begiradan lagun izan duten Manex Fuchsek hitzaurrea. Hauek dira bere hitzak:

Pier Paolo Pasolinik errana: “Antzerki erraza objektiboki burgesa da, antzerki zaila elite burges jakitunentzat da; demokratikoa den antzerki bakarra oso zaila da, antzerki herrikoia asmatzeko saiakera guztiek argiki erakusten duten bezala”. Gaizka Sarasolak ez du antzerki erraza idazten, herrikoia da bere funtsa. Bere antzezlanak taularatzeko, gorputzez, ahotsez eta irudimenez inplikatzea ezinbestekoa da. Lesakako Mairu Antzerki Tailerra bide horretan dabil azken hogei urte hauetan. Egin dituzten proposamenak ausartak eta berritzaileak dira.

Antzerki herrikoia sortu nahi duenak lanak izaten ditu: Mairu Antzerki Tailerrak zuhaitzak bota, egurra apaindu, batu eta txondorra egiten du, bere barneko sua ilunpetik hona ekarri eta eskaintzeko.

Egilea: Agus Perez.

Aurkezpenean aipatu zutenez, hogeita hamar urteko ibilbidean, Agus Perez euskarazko eszenaen berri eman duen kritikari ia bakara izan da, bide batez garai oso baten kronika egin duelarik, ondare bakana osatuz. Saiakera moduko liburu hau ibilbde horren lagina izango litzateke: batetik, Perezek ofizioari buruz idatzitako memoriak eta gogoetak datoz, eta bestetik, ondare horren lagina den hogaita hamar kritikaren antologia. Idoia Beratarbide Arrietak egin du azala. Batez ere Euskaldunon Egunkaria eta Berriaren ibilbideei loturiko lana da Agus Perezena, eta ez kasualitatez, Mikel Lizarraldek idatzi du hitzaurrea:

Askotan galdetu diot neure buruari. Zerk eramaten du pertsona bat —kasu honetan bi, Agus Perezen izena aipatzeak beti dakarrelako segidan Lali Marimonen aipamena— asteburuero autoa hartu, kilometro mordoxka egin, batean Bilbotik Gasteizera, hurrengoan Donostiara, segidan Luhusora… joan, antzezlan bat ikusi, etxera itzuli, eta goizaldeko ordu txikietan egunkarirako kritika idaztera? Erantzunik ez daukat, baina pentsatzen dut oholtza gaineko arteak asko maitatu behar direla horretarako. Are gehiago. Antzerkia, dantza eta zirkua maitatzeaz gain, kazetaritza ere maitatu behar da, kazetaritza sortzaileen eta hartzaileen arteko zubi izan daitekeen neurrian. Agusek maite ditu arte eszenikoak, maite du kazetaritza, eta esango nuke bi maitasun horien emaitza dela bere lana.