Gaizka Sarasolari elkarrizketa egin diote Hitzen Uberanen, Ganbila bilduman plazaratutako Zerrakuretan liburuaren harira.
Gaizka Sarasolak Zerrakuretan antzerki liburua plazaratu du Ganbila bildumaren barruan, azken urteetan Lesakako Mairu antzerki taldearekin taularatutako bi antzezlanez osatua: Txoriak eta zauriak, eta Iluntzen.
2016an argitaratu zenuen lehen liburua, Erleak, satorrak, beleak. Urte asko zeneraman antzerkirako idazten, baina hura izan zenuen lehen aldia paperean. Nolako esperientzia izan zen, nolako aldea batetik besterakoa?
Antzerkia idazterakoan eszenatokia izaten da buruan, eta ez liburua. Kasu horretan ere horrela izan zen. Noizbait antzezteko ideiarekin idatziak nituen hiru testu, eta ondoren etorri zen EDO!ko lagunen proposamena; opari moduko bat niretzat. Esperientzia polita eta aberasgarria izan zen, liburu bat sortzeko prozesua hurbiletik ezagutzeko aukera eskaini zidalako.
Esperientzia haren ostean antzerkirako idazten jarraitu duzu, Zerrakuretan liburu berri hau horren lekuko; gogoz zinen berriz ere liburu formatura bueltatzeko?
Beti ere antzeztuak izateko ideiarekin sortu ditut testuak. Egia da, aitzineko liburuaren esperientziaren ondotik, idazterakoan formari ere bere garrantzia ematen diodala. Horretaz gain, Mairu taldearen lan egiteko moduak, hasieratik testuak definituak egotea eskatzen du, eta horrek antzezlanak liburura eramateko prozesua errazten duela uste dut. Susa-Ganbila bildumaren eskutik etorri da liburua argitaratzeko aukera, eta poza ematen du zenbaitentzat idatzitakoak balio bat izatea.
Zerrakuretan liburuan bi antzezlan datoz, biak azkenaldian Mairu taldearekin taularatutakoak: Txoriak eta zauriak eta Iluntzen. Nola biltzen ditu biak Zerrakuretan tituluak? Nondik dator titulu hori?
Azalaren irudiak eman zidan titulurako pista. Txoriak eta zauriak lanean aipatzen den Toledoko leku batean ateratako argazkia dago oinarrian, eta behin azala ikusita erabaki nuen zerrakura erabiltzea bi lanak biltzeko. Azken finean, bi lan hauetan, pertsonaiak nolabait ere itxitura batean aurkitzen dira. Lehendabizikoan, ezkutuan biziraunez bilatzen dute babesa. Bigarrenean aldiz, beraien mugaren bertze aldetik espero dute etortzea argia.
Txoriak eta zauriak antzezlana (Argazkia: Mairu).
Erleak, satorrak, beleak lanean hiru antzezlan zetozen, hirurak nahiko ezberdinak haien artean tonu aldetik. Haien artean zen Urak ttiki dire pieza, eta lotura ikusi diogu pieza berri hauekin: sinbolismoaren presentzia handia, umore ia onirikoa, giro ilunak, gai politiko eta sozialen oinarria, pertsonaia ugari… Urak ttiki dire lan haien nolabaiteko aurrekaria izan zen?
Ez dakit zer erran bada … Egia da denbora dezente neramala deus idatzi gabe Urak ttiki dire idatzi aitzinetik, eta lan horren ondotik konstanteagoa izan naizela idazkeran, baina ez dakit oraingo lanen aurrekaria bihurtzen ote duen horrek. Ni, azken finean, ikustea gustatuko litzaidakeen “antzezlan hori” idazten saiatzen naiz, eta ez ikusten dudana. Igual horrek ekarri du idazkera propio bat garatzea, baina ni ez naiz horretan sobera kontzientea. Kanpoko begiradak igual nabarituko du hori garbiago.
Aurreko liburuan ere bazen Talaka, bakarrizketa, zuk zeuk oholtzara eraman zenuena aktore. Zenbateraino markatzen dizu antzezlan bat taularatzeko aukera errealak (errealki izango den aktore kopuruak, adibidez), testu bat idazteko orduan? Zer dator lehenik, testua bera edo jendarte batek duen taularatzeko gogoa?
Ba, Talaka hasiera batean zazpi pertsonaiekin idatzi nuen. Sortze prozesua eten behar izan genuen, eta zenbait urtez gordeta eduki ondoren, bakarrizketan bihurtu eta taularatu genuen. Testua sortzerakoan ez du baldintzatzen edo mugatzen, baina noski, nork taularatu dezakeen presente izaten dut, eta horrek ere badu bere eragina.
Mairu antzerki taldearekin egin izan duzu lan batez ere, eta bai Talaka, bai Txoriak eta zauriak eta bai Iluntzenen Manex Fuchs izan duzu kanpo begiradan lagun. Berak idatzi dizu liburuaren hitzaurrea, hain zuzen ere: “Mairu Antzerki Tailerrak zuhaitzak bota, egurra apaindu, batu eta txondorra egiten du, bere barneko sua ilunpetik hona ekarri eta eskaintzeko”. Txondorra ageri da Txoriak eta zauriak lanean, eta txondorraren irudi hori ere hartu zenion zuk ere aurkezpenean zure lanaz hitz egiteko… zer du, zuretzat, txondorrak?
Bueno, Olentzerok eta ikazkinen figurak presentzia handia izan dute gure haurtzaroan. Hortaz gain, txondorra berez, antzezlan bat sortzeko prozesua deskribatzeko irudi ezin hobea da nire ustez. Ikatza egiterakoan bezala, antzerkian ere, inguruan ditugun elementuak hartu, ardatz edo planteamendu nagusi baten bueltan antolatu, eta manipulatu ondoren, bertze zerbait sortzen dugu. Txondorrean enbor mardulenak oinarrian kokatzen diren bezala, guk ere landu nahi ditugun gai nagusiak argi eduki behar ditugu, eta horien gainean ttikiagoak kokatzen joan. Azkenik, hosto, orbel eta lurrez estaltzen da egitura. Hori da testua, ideia eta hitzezko egitura bat, sua eman, landu, eta antzezlan batean bihurtzen dena, egurra ikatza bezala.
Txoriak eta zauriak lanak pertsona errealetatik fikziorako pertsonaiak sortzen ditu: “1940an, Lesaka eta Oiartzun arteko errepidean behartuta lanean ari ziren ikazkin eta musikari bikote batek ihes egitea lortu, eta basoren batean ezkutuan biziraun dute gaur arte”. Zein neurritan da dokumentazio lanaren ondorio lan hau, zein neurritan da errealismo magiko, zein neurritan fikzio?
Ez nuke jakinen nola definitu, edo etiketatu. Ez dago dokumentazio lan izugarririk gibelean. Libururen bat irakurri, elkarrizketa bat, zenbait solasaldi… Azken finean, memoriaren eta kontakizunaren eztabaidaren inguruko kezkak eta zalantzak azaltzeko nahi bat zegoen. Denboraren eragina, hitzen erabilera, minen kalifikazioa… Txondorraren metaforarekin segituz, horiek ziren enbor mardulenak. Horien gainean egitura osatu behar izaten da, eta hor agertzen joaten dire inguruan ikusten duguna, irakurtzen, aditzen, bizitzen… Eta azkenik orbel eta lurrarekin estali; Lesaka eta Oiartzun arteko karretera, Xabier Leteren “Lore bat, zauri bat” kantuko “txori zauritua”, kontrabandoa, Victor Jararen “Amanda”, Olentzeroren figura, txorien inguruko kantutegia… Hor duzu sua eman eta antzezlan bihurtu beharreko egitura. Fikzioa da, edo espazio eta denbora jakin batean kokatzen ditugun “errealitate zatiak”? Ez dakit.
Aurten estreinatu duzuen Iluntzen obra “mundu eta aro baten amaiera kontatzen du, gure herria irudika lezakeen ez-leku bat jendez odolusten ari da”. Gaurko jendarte-kezkekin estuki lotzen zaituen istorioa da, edo proiektatzen duzun beldur bat?
Industrializazioaren eraginez garai oparoagoak bizitako herri bat, indarra galtzen ari dena, erakargarri izan nahi eta kanpotik etorri daitekeenarengan jartzen duena esperantza… Nahiago nuke beldurra soilik balitz! Ez-leku definitu duzu, baina lasai ederrean izan daiteke Lesaka, izan daiteke, Euskal Herriko bertze edozein herri, izan daiteke Euskal Herria bera ere, edo izan daiteke Europa. Antzerkia egiterakoan ispilu bat jartzen dugu ikusleen aitzinean. Horrela bizitzen dut bederen nik.
Bi antzezlan hauek irakurri litezke, kasik, narrazio baten modura. Badituzte komunean iluntasun bat, giro bat, lengoaia bat… Narratibako egiturei begiratzen diezu idazterakoan? Musika aipatu izan duzu lagungarri zaizula, musikari izanda, testuak idazterakoan. Akaso horrek poesiarekin, erritmoarekin, lotzen zaitu gehiago?
Formari garrantzia ematen diot, bai. Mairuko taldekideei testu bat aurkezterakoan ahalik eta osatuena egotea gustatzen zait. Gidoi edo zirriborro bat baino, erraz irakurtzen den idazlan bat nolabait ere. Idazterakoan irudikatzen ditudan soinuak, doinuak, isiluneak, “tempoa” … testuan ere iradokitzen saiatzen naiz. Eta bai, sortzerakoan lagungarriak izaten zaizkit musikak, pertsonaia bakoitzaren arnasa bilatzeko batez ere. Nola ibiltzen da, nola mugitzen da, nola begiratzen du, nola solastu… arnasak ekartzen du solasa. Eta solasak badu bere soinua, bere erritmoa. Musika funtsezkoa izaten dut normalean idazterakoan, baina musikak bezainbat, lan hauetako idazkera poetikoa pertsonaien mugimenduak irudikatu eta barneratu nahiak sortarazten duela uste dut.
Aurkezpenean ekarri zenituen gogora amateur izaeraren ezaugarri batzuk: salmentari lotuta ez egoteak, askatasuna ematen du sortzerakoan. Zertan sentitzen duzu zuk, Mairurekin, askatasun hori?
Galderan bertan erantzun duzu; ez dugula saldu beharrik. Eta horregatik, nahi duguna egiten dugu, gure bertzelako muga guziekin, noski. Denbora, prestakuntza, baliabideak… Baina proiektu bat aitzinera ateratzeko indarrak eta gogoa biltzen ditugunean, errentagarritasuna ez da traba, eta horrek askatasun handia ematen du. Mairu konpainia profesionala balitz, zail izanen luke Txoriak eta zauriak bezalako lan bat taularatzea, sei pertsonaia dituena.
Hala ere, faltan botatzen duzu zuen lanek oihartzun minimo bat, kultur arloan espazio zabalago bat edukitzeko aukera?
Hori bai! Oihartzunarena gure bertze muga bat da. Azken finean, lana egiten dugu proiektu bakoitza aitzinera ateratzeko, eta beti gustatuko litzaiguke pixko bat gehixeago zabaltzea; gure eskualdeaz harago, bertze lekuren batzuetan erakutsi ahal izatea. Lan txukunak eta proposamen interesgarriak egin izan ditugula uste dugu, eta pena da jende gehiagorengana ez iristea. Eskatzen hasita, ederra litzateke herrialde bakoitzean emanaldi bat edo bi eskaini ahal izatea, baina… Zoritxarrez hau ez da Mairutarron arazoa soilik. Lastima da hainbertze sorkuntzak hain ibilbide laburrak izatea.
Iluntzen une honetan eskaintzeko prest zaudete, gerta daiteke liburu hau eskuetan hartzen duenak lana ikusita izatea, edo alderantziz, irakurri ostean ikustea. Zein neurritan aldatuko da esperientzia hartzailearentzat, zein neurritan dira osagarriak?
Ez dakit. Irakurtzea eta ikustea bi esperientzia erabat desberdinak direla uste dut nik. Ez dute zerikusirik, baina aldi berean osagarriak ere izan daitezke. Nik bederen, ikusle bezala, antzezlan aunitzetan izan ohi dut zerbaitek ihes egin izanaren sentsazioa. Kasu horretan, ikusi ondoren testua irakurtzeak, hobekiago ulertzeko, ikusitakoari bertze balio bat emateko, bertze modu batera barneratzeko balio dezakeela pentsatzen dut. Eta alderantziz ere berdin. Egokiena hala ere, biak era independentean egitea dela iduritzen zait. Ikusi, irakurritakoa ez oroituz, eta irakurri, ikusitakoa ez irudikatuz.
Zu zeu izan zaitugu aktore aipatutako lanetan. Zer ematen dizu rol bakoitzak, zure testuak izanda?
Kasu honetan, zailena, aktoreak idazlea ahanztea da. Idazlea eszenatokira ez goitzea. Idazterakoan pertsonaien ibilerak eta mugimenduak irudikatzen ditut. Pertsonaia bakoitza modu konkretu batean imajinatzen dut. Baina gero, nik, aktore bezala baditut nire mugak eta nire ezaugarriak, eta normalean, idazle bezala imajinatzen nuena aktore bezala ez dut gorpuzten. Eta hor agertzen dire idazlearen frustrazioak, eta aktorearen jolasteko aukerak. Eta gainerako taldekideekin berdin. Taldekide bakoitzak ematen dio bere pertsonaiari nik irudikatutakotik zerbait desberdina. Txondorrera bueltatuz, hor hasten da abailtzen egitura, eta sortzen ikatza.