Bi liburu berri “EHAZE-liburuak” bildumaren barruan

2022-01-08 | EHAZE

EHAZE elkarteak liburu kolekzio propioa jarri zuen abian 2016an, euskal teatroaren baitan sor daitezkeen gogoetak eta transmisio beharrak asetzen laguntzeko asmoz. Bilduma horren barruan bi lan berri plazaratu berri ditu:

Liburua: 25 GAU ETA BAT GEHIAGO: Gilkitxaro antzerki taldeak 25 urte.
Egileak: Ane Zabala eta Galder Perez.
Kolaboratzaileak: Josu Camara, Goizane Aizpurua, Fredi Paia, Jon Gerediaga, Ander Lipus, Edorta Jimenez, Txuma Murugarren, Mikel Martinez, Gaizka Sarasola, Jon Basaguren, Irati Jimenez, Idurre Eskisabel, Lutxo Egia, Aitor Garcia de Vicuña Gartxito, Oier Guillan, Olatz Gorrotxategi.
Deskribapena: Liburu hau Galder Perez eta Ane Zabalak osatutako Gilkitxaro antzerki taldearen 25. urteurrena ospatzeko sortu da. Liburuaren barruan bi atal topatuko ditu irakurleak, nagusiki: batetik, Euskal Herriko hamaika antzerkilarik partekatutako oroitzapenak, Gilkitxarorenik lotuta baina, era berean, euskal teatroaren garai oso bateko erretratua osatzen dutenak. Bestetik, taldearen hiru obretako gidoiak: “Honolulu, leku bat”, “8 begi” eta “Adarretatik zintzilik”.

Liburua: MISS KARAOKE: sormen prozesu baten erraiak.
Egileak: Oier Guillan eta Metrokoadroka.
Kolaboratzaileak: Edurne Azkarate eta Javier Barandiaran.
Deskribapena: EHAZEren argitalpen honetan ez duzue aurkituko antzerki naturalistaren ez logikarik ez manerarik. Aldiz, Oier Guillanen “Arra-Arraroa” (2010) eta “Mr. Señora” (2016) izenekoetan zeuden ideiak nahiz idazketa-estiloa antzemango dituzue. Ikuskizun honek hibridazio, identitate, auto-pertzepzioa, generoen auzia eta, halaber, antzezpenari buruzko gogoetak zentrifugatu zituen, betiere irudi poetiko, umoretsu eta kitsch-ak erabiliz. Liburuan “Miss Karaoke” antzezlanaren bi bertsio daude eskuragai: jatorrizko testua eta oholtzara eraman zena, sormen prozesuari buruzko kronika mamitsu batekin batera. EHAZEk testuok irakurtzeko eta gozatzeko proposamena egiten dizue, antzerki-osteak euskal antzerkiaren sisteman daukan tokiaren adierazle gisa.

Informazio gehiago duzue hemen:

www.ehaze.liburuak.eus