Image default
Albisteak

Analisia: “Trantsizio urtea, itxaropenaren zain”

Jarraian duzue Agus Perezek Berrian argitaratutako analisiaren bertsio osatua.

Antzerki konpainiak eta antzokiak normaltasuna noiz helduko zain daude. 2021ean kultur eragileek eta jaialdiek kemen miragarriz sortu eta eszenaratu zuten hainbat antzezlan gogoangarri, oro har arrisku gutxiko panorama nagusitu zen arren. Bestetik, EHAZEk bi ikerketa plazaratu zituen iaz, eta antzerki liburugintzak indartsu jarraitu zuen.

Agus Perez

2020ko annus horribilis atzean utzita, uste hedatua zen 2021ak nolabaiteko normaltasuna ekarriko ziela arte eszenikoei, eta hala izan da hein batean, COVID19aren kontura agindutako neurri murritzaileak gorabehera. Alde horretatik, esan beharra dago iaz ere ibili zirela mugapenak birusa bezain libre, orain aretoen edukiera txikiagoa orain zabalagoa ezarrita eta azken asteotan QR ziurtagiria eskatuta, aurkeztu ezin edo nahi ez duen orori antzokietako ateak itxiz.

Kontua da, hau edo bestea dela kausa, itxialdi gogor haren ostean bizi izan zen ikusleen emanaldi-egarria kontrako fasera igaro dela orain, ekaitz gogor baten ostean olatuek beren denbora behar dutelako fluktuazio onargarrira heldu arte. Areto ezagun batzuetako arduradunek ere aipatzen dute ikusle kopuruaren beherakada, eta ildo horretatik ekarriko ditugu hona Artedrama plataformak bere azken buletinean idatzitako lerrook: «Mauletik Oionera, hitz egiten duzun lekuan hitz egiten duzula, guztiek aipatzen dute publiko eskasia. Bizitzen ari garen aro ilunak oso egunerokotasun hauskorra marrazten digu, batez ere lehendik ere prekarizatuta zegoen sektore batean gabiltzan jendeari».

Izan ere, Kulturklik agenda astero-astero arakatuz gero, esan liteke iazko jardunean izugarri handitu zirela leku askotan programatutako lan makalak edo guztiz konbentzionalak, merkatu hutsaren legeen arabera produktuek zenbat eta errazagoak izan orduan eta ikusle gehiago erakartzen omen dituztelako. Eta ikuspegi ekonomikotik, gauza bera: zenbat eta merkeagoak izan orduan eta galera txikiagoak jasango dituzte konpainiek eta artistek ekoizpen bakoitzean arriskatzen duten diruan.

Eragileak, indarrez eta gogotsu

Hala ere, euskara hutsezko arte eszenikoen eragileek indarrez eta gogotsu ekin zieten proposamen berriak plazaratzeari eta urtean zeharreko jaialdiei antolatzeari. Jaialdiei dagokienez eta ordena kronologikoan, Bilbo Zaharreko Lautan Hiru festibalak mugapen handiekin eutsi zion bere jardunari otsailean, baina hari esker ezagutu genituen Txilin hotsak edota Elkar ezagutu genuen eguna bezalako lan labur bikainak. Martxoan, Loraldia jaialdiak era askotako proposamen ugari ekarri zituen arte mota diferenteak elkarlotuz, eta haien artean gogoangarria zaigu Bilboko AZn emandako Pessoak atera zuen kartzelatik Sarrionandia irakurketa performatiboa. Kurioski, lan hori hilaren 20an plazaratu eta hurrengo egunean eman zen Errenteriako Niessen aretoan Andrezaharraren manifestua –irakurketa performatiboa hura ere–, Mari Luz Estebanen gogoetak erdigunean jarrita. Beranduago, Loraldiak Bilboko Ja! umore-jaialdiarekin kolaboratu zuen, eta horri esker Elkarte Filarmonikoaren egoitzan ikusi genituen Salaketa lehen aldiz eta Tranpola taldearenTxilin hotsak berriro, gustura gainera kasu bietan.

Urteak, bestalde, berrikuntza garrantzitsu bat ekarri zuen jaialdien eremuan, umeentzako euskarazko lanen festibala jaio zelako apirilean Atx Teatroaren ekimenez. Programazioari begira, bikaintasuna emanaldi guztietan nagusitu zen arren, erakundeen aldetik babes eskasa jaso zuen ekimen sortu berriak, baina ikusleen erantzun ona ikusita, espero izatekoa da datozen urteetan finkatzen eta sendotzen joatea. Maiatzean, Gasteizko Baratza aretoak antolatzen duen Zurrunbilo jaialdiak bere izaera presentziala berreskuratu zuen eta han programatu zen, esate baterako, Jon Ander Urrestiren Tribiz, baserri galdue performance dokumental bikaina.

Udaren atarian geundela, berriz ere izan genuen Oreretako Eztena jaialdiko proposamenez gozatzeko parada –han ez dira lan guztiak euskaraz programatzen, baina bai gehienak–, eta han eman ziren, adibidez, Formol Laborategiaren Album, Horman Poster taldearen Antigone eta Dejabu Panpin Laborategiaren Naon Tokin izeneko site specific paregabea. Festibalen egutegian aurrera eginez, Zestoako Antzerki Astea (ZAA!) egin egin zen, baina herriko pabilioi industrial bat egoera berezirako egokituta, eta han Mairu taldearen Iluntzen, Artedrama eta Huts Teatroaren Atzerrian lurra garratz, Eromen produzkioak-en Guateke eta Xake produkzioak-en Fadoak entzuten zituen gizona bezalako lan indartsuak programatu ziren. Bestetik, Artedrama plataformak Aulestin antolatzen ditu urtero ADEL jardunaldiak antzerki-eskola trinkoak eta emanaldiak konbinatuz, baina aurten ere, bigarrenez, irailean egin zituzten Pazko astean izan beharrean. Euskal Herriko konpainia eta lan enblematikoenetariko batzuk programatu ziren –Antigone, Atzerrian lurra garratz, Amua, Porno vs Afrodita, Lurrun minez…–, baina data haietan Donostiako Zinemaldiarekin batera gertatu eta galtzaile atera zen euskarazko antzerki aurreratua erdarazko zine ahalguztidunaren aurrean.

Betiko legez, Azpeitiko Antzerki Topaketak izan ziren udagoienean, eta haietan estreinatu ziren Jon Ander Alonsoren Tempus fugit bakarkako lana eta bi konpainia sonaturen obra bikainak: Atx Teatroaren Lubaki lainotsua eta Kamikaz kolektiboaren Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi, azken hori Soreasu antzokia topera beteta zegoela eta ikusleen harrera apoteosikoarekin. Azkenik, urteko emanaldi eta jaialdien zikloari amaiera emanez, Sormene delako kultur ekimena jarri zen bigarrenez abian Galdakaon –Torrezabalen nagusiki– eta antzezlanen artean arestian esandako Kamikaz kolektiboarena eta Goitibera taldearen Amatxik dixit singlea baina onest eta sakona programatu ziren.

Hala ere, ezin dugu atal hau itxi jaialdietatik kanpo iaz ikusi genituen bi pieza aipatu gabe. Bata Maitasunaren itxiera dugu –Miren Gaztañaga eta Eneko Sagardoiren arteko duelu eszeniko ikaragarria– eta bestea Ogiak hizketan baleki izeneko lana da: Gasteizko Mamiak kolektiboak estreinatu zuen Oihaneder euskararen etxean, egia-ostea eta antzerki dokumentala bikain uztarturik.

Agertokietatik kanpoko jarduerak, indartsu

Bitartean, emanaldietatik kanpo, beste kontu batzuetan jardun zuen iaz ere euskarazko antzerkigintzak. Alde batetik, EHAZEk bi ikerketa plazaratu zituen 2021ean. Haietariko batean Maddi Goikoetxeak euskal antzerki eskolen zentsua osatu zuen eta bestean euskarazko estreinaldien inguruko azterketa egin zuen Lali Marimonek 2016. eta 2020. urteen arteko epea kontuan hartuta.

Antzerki-liburugintzan ere izan zen oparoa 2021a: Susa argitaletxeak eta EHAZEk elkarlanean daramaten Ganbila bilduman beste sei liburu atera ziren iazko bi labealdietan. Lehen hirurak –Jon Gerediagaren Dama, Gaizka Sarasolaren Zerrakuretan eta Agus Perezen Aititaren betaurrekoak– Donostiako Kasilda liburutegian aurkeztu ziren apirilean, baina beste hiruren aurkezpena –Amancay Gaztañagaren 39 lore, Peru Calabaza Sabanen 99 pauso ganorabakoen aldamenean eta Patricia Urrutia Urietaren Porno vs Afrodita– Durangoko azokan izan zen, eta EHAZEren salmahaian antzerkizaleen elkarteak berak argitaratutako beste liburu bi saldu ziren: Galder Perez eta Ane Zabalaren 25 gau eta bat gehiago, Gilkitxaro taldearen 25 urteak gogoratuz, eta Oier Guillan eta Metrokoadrokaren Miss Karaoke. Haiekin batera, Eider Adeletxen Alamedako dantzaldia argitaratu zuen Eztena jaialdiak bertan izandako performance birtual batean oinarrituta, eta esan daiteke liburuok erosleen harrera ona izan zutela eta etorriak izan zirela gure antzerki aurreratuaren fede ematera.

Erlazionatuak

EHAZE Durangoko Azokan

Admin

Eztena jaialdiko liburu berriak EHAZEren standean

Admin

Eleak eta beleak irratsaioa, kritikagintzaz

Admin

Iruzkina egin