Image default
Kritikak

Urruna – Agus Perez

Artikuluaren titulua: “Sumendi ibiltaria” (Berrian argitaratua, 2020ko irailaren 26an).

Konpainia: Tripak kolektiboa. Antzezleak: Maite Mugerza, Marina Suarez, Andrea Berbois, Natalia Suarez. Lekua: Aulestiko udal aretoa. Eguna: Irailak 23.

Aurten irailera aldatu dira Aulestiko ADEL jardunaldiak Pazko astean izan beharrean. Betiko moduan, Euskal Herriko leku askotako irakasleek ematen dituzte arte eszeniko eskolak goizez eta arratsaldez, eta iluntzean emanaldiak datoz.

Astelehenean Atx Teatroaren Tomiris izan zen, asteartean Matriuska eman zuten Kamikaz eta Ttak taldeek paregabeak biak ala biak, eta aspaldi komentatuak hemen eta asteazkenean Gasteizko Tripak kolektiboaren Urruna etorri da. Azken horren kontura, nik uste dut ikusleok zer edo zer diferente eta berria ikusi izanaren sentsazioarekin irten garela emanalditik, eta, gainera, une batzuetan barre sanoak bota eta denbora guztian ondo pasatu dugula. Tripak kolektiboko kideak Marina Suarez, Natalia Suarez, Andrea Berbois, Maite Mugerza eta Mayi Martiarena dira, eta lehenengo laurak agertu dira taula gainean proposamen zoro, fresko, aurreratu eta konplexurik gabeko honekin.

Beren aurreko lanean Aitaren larrua aitatasunaren kontua erabateko askatasunez eta formalki oso era landugabean aztertu bazuten ere, estimatzeko modukoak izan ziren gaiaren hautaketa bera, gaia emakume-ikuspegitik tratatu izana eta bide estetiko-emozional berriak esploratzeko izan zuten determinazioa. Oraingo Urruna honetan, argi dago aurrerapauso handia egin dutela esandako bide emozional-estetiko horietatik, eta, aurrekoan bezala, emakume-ikuspegi garbi eta aurreratua eman diotela aurrean duten/dugun errealitateari. Alde horretatik, nabarmenduko dugu geure begien aurrean, erreparo gutxiz eta naturaltasun osoz eraiki dituztela euren sormenetik irtendako mundu oniriko, absurdu eta poetiko-garaikideak.

Fokua aldatuta, orain ari naiz konturatzen ez dakidala gaurko hau antzerkia ala performancea ote den: antzerkia izateko hari argumental oro falta zaio nahita, zer esanik ez eta performancea izateko antzezleen benetako bizipenak edo izaerak izan beharko lirateke guztiaren oinarria. Eta ez dudarik egin beren bizipenak eta izaerak proposamenaren humus emankorra izan direla, baina, beharbada, performance kontzeptua zaharkitua eta guzti geratu zaie belaunaldi berrietako sortzaileei, eta haiek jada beste jokaleku batzuetan ari dira, testuak, gorputzak, irudiak eta objektuak beste era batzuetan erabiliz eta guretzat oraindik ezezagunak diren kodeak baliatuz, esploratuz.

Horrela izanik eta ideia eszenikoen ekaitzaren erakusgarri, sumendi ibiltaria izan da kanpin-denda distiratsua, testu enigmatikoak entzun ditugu ahots eraldatuen bidez, kea irten zaio burutik biolinistari eta oso eszena iradokitzailea sortu dute abaniko erraldoiekin, tripodeekin eta mikroaren oinarekin. Egia da une batetik aurrera ez genuela jada ezer ulertzen hasieratik bertatik, egia esan, eta orduan esan du mikrofonotik haietariko batek: «Ez saiatu ezer ulertzen, ez dago ulertzeko moduko ezer». Barre artean eskertu diogu azalpena, eta aurrera jarraitu dugu, errealitatean bageunde bezala.

Erlazionatuak

Kaskarot – Arantzazu Fernandez

Admin

Francoren bilobari gutuna – Aiora Sampedro

Admin

“Aske!” – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin