Image default
Albisteak

Miren Tirapu: “Lehendabiziko kolpean dena polita erakusten duten gauzek ez didate erakartzen”

Elkarrizketa egin berri diote Miren Tirapu Goikoetxeari Hitzen Uberan literatur atarian, bere antzerkigintza eta Bazterreko ahotsak (Susa-EHAZE, 2019) liburuaren harira. Bertan bere bi antzezlanen testuak biltzen dira, Atte hil aurretik (Maika Etxekopar-ekin batera idatzia) eta Manifestu bat (Gaizka Sarasolarekin batera sortua). Bazterreko ahotsak liburua osorik irakurri dezakezue Susaren webgunean. Jarraian duzue elkarrizketa osorik.

(Ikus jatorrizkoa HEMEN)

2016an, Beheko Larraine konpainia sortu zuen Miren Tirapu Goikoetxea antzezleak, eta, harrezkero, bi antzezlan taularatu ditu: Atte hil aurretik eta Manifestu bat. Bestalde, pasa den udazkenean, Ganbila bildumaren barruan argitaratu ziren bi lanak, Bazterreko ahotsak izenburupean, “estetika propio baten bilaketaren lekukotza” eskainiz, zeinak “bazterreko pertsona eta pertsonaiei ahotsa emateko” xedea baitu. Oiartzunen Manifestu bat ikusi eta biharamunean hitz egin dugu berarekin.

Noiz eta nola hasi zinen antzerkia egiten?

Hasiera, data bat zehatz emateagatik, 19 urterekin izan zen: Basauriko antzerki eskolan sartu nintzen, baina azkenengo urtea izan zen. Eskola itxi behar zen eta kurtso erdian enteratu ginen horretaz. Orduan Bartzelonara joan nintzen. Ni oso zinezalea izan naiz betidanik, eta Bartzelonan zine-eskola batean sartu nintzen antzezpen-kurtsoa egitera. Hura bukatu eta bi pertsona ezagutu nituen, niretzat oso bereziak izan zirenak: Peter Gadish eta Maria Stoyanova. Bulgariatik zetozen eta antzerki fisikoa egiten zuten, Grotowskiren haritik. Nahiz eta zine eskolan kamera aurreko antzezpenak-eta lantzen diren, nik antzerkiarekin harremanetan jarraitzen nuen, oso presente nituen Eugenio Barba, Grotwoski, Stanislavski… eta Mariak eta Peterrek hainbeste irakurtzen nuen antzerki-teknikak praktikan jartzeko aukera eman zidaten. Beste antzerki bat deskubritu nuen. Bere garaian, Basauriko eskolan Ander Lipus sartu zen ordezkapen bat egitera, eta niri tokatu: antzerki antropologiaz hitz egiten hasi zen. niretzat hori zoragarria zen, hori entzuten nuen lehendabiziko aldia zen, gero ikertzen jarraitu nuen eta Bartzelonan gehiago sakontzeko aukera izan zuen bi pertsona hauekin. Bartzelonatik bueltan, Artedramarekin topatu nintzen, ADELen ikastaro bat eman nuen, eta hortxe hasi zen espero ez nuen ibilbidea.

Nolatan itzuli zinen Euskal Herrira?

Ni Euskal Herrira asmo batekin bueltatu nintzen: Argentinara joatea. Baina dagoeneko hamar bat urte pasa dira–. Nire asmoa zen diru pixka bat egitea eta Argentinara joatea antzerkiarekin jarraitzera. Niri bidaiatzea gustatzen zait, eta antzerkiak aitzakia perfektua ematen zidan beste lurralde batera joateko. Hemen nintzela, ADELen eskolak ematea proposatu zidaten eta zoragarria iruditu zitzaidan; enpresa handietatik aparte, hor bor-borrean zegoen euskal antzerkigintza gertutik ezagutzeko aukera izan nuen eta pertsona batzuk ezagutu nituen eta handik proiektu batean parte hartzea eskaini zidaten Artedramatik –Idazlea zeu zara irakurtzen duzulako–.

Hortik kate batean sartu nintzen, Publikoari gorroto egin nuen, gero Hamlet, euskal antzerkigintzan bide bat ireki zitzaidala ikusi nuen, eta ulertu nuen beharrezkoa nuela euskaraz sortzea. Alde batetik euskal antzerkigintza egin nahi nuen, Nafarroatik, eta beste alde batetik euskal kulturari pizturik irauten lagundu nahi nion, zeren azkenean herri bat kulturarik gabe ez da existitzen. Nire ekarpena hor egotea nahi nuen, euskal antzerkigintzan, nire barrenak, zalantzak, ideiak… euskararen bitartez adierazten, hasi nintzen horretan apustu egiten.

Erdaraz ere lan egingo dut, zergatik ez, nik gaztelera oso ongi hitz egiten dut, eta komunikatzeko beste modu bat da, baina Beheko Larraineren apustua da euskaraz bakarrik sortzea.

Zeintzuk dira zure ekarpenaren ezaugarriak? 

Egia esan, horretan ari naiz, deskubritzen. Zoragarria iruditzen zait, zeren nire konpainian aukera daukat nire lengoaia propioa bilatzeko; nondik hitz egin nahi dudan, zer istorio kontatu nahi ditudan… Banoa gutxinaka marrazten perfil bat. Ikusle bezala beti izan dut gustu bat, ideia batzuk beste batzuk baino gehiago erakartzen naute, edo lan egiteko moduek; gutxinaka ari naiz nire estiloa marrazten, modu dinamiko batean noski. Pertsonaiak oso ironikoak gustatzen zaizkit, giro zakarrak, ilunak, misterioa, hori asko gustatzen zait eta askotan pentsatzen dut: zergatik? Zikinkeria horretan gordeta dagoena deskubritzea gustatu izan zait beti. Lehendabiziko kolpean jasotzen duzun hori oso ederra bada,  ba ez du xarmarik, dena itxuran geratuko balitz bezala, azalean. eta horren ondoren zer dago? gauza batzuk horrela dira, eta politak izan daitezke ere bai, baina nik zerbait sortu behar badut, gustatuko litzaidake ikusleak gehiago sakontzea, bide luzeago bat egitea benetako edertasun ezkutu hori topatu ahal izateko. Adibidez, pertsonaia bat, hasiera batean atzeraka pixka bat ematen dizuna, bada ohartzea baduela bere bihotza. Gauzei denbora ematea, diren bezala azaltzeko. Pertsona bat ezagutzen duzunean, joaten zara gutxinaka hura ezagutzen, eta hor bilatzen duzu edertasuna, niri bidaia hori izugarri gustatzen zait. Edertasuna ulertzeko modu diferenteak daude, ezta?

Atte hil aurretik antzezlana.

Atte hil aurretik obran bada sekretu bat. 

Sekretuak eta asko gustatzen zaizkit, sekretu batek beste pisu bat ematen dio istorioari. Badira garai politiko/sozial batzuk sekretu potolo batzuk gordetzera behartu gaituztenak. Gero horrek kalte handia egiten dizu zuri eta zure inguruari, azkenean zuk hori bizitzen duzu, barrenean geratzen zaizu, eta hori transmititzen da belaunaldiz belaunaldi, hitzez ez bada ere. sentsazioa, emozioa, mina … Hori badoa garai batetik bestera pasatzen, eta gu hori gara, gure aiton-amonek gordetako sekretu horiek guk baditugu; Inportantzia handia ematen diot ondare emozionalari, ondare materialari ere bai, baina ondare emozionala oso potentea da, gure arbasoek bizi zituzten garaien arabera, zama hori guk barrenean daukagu. Izan daiteke, emozioak adierazteko momentuan ez ditugula adierazten, edo beldur bat daukagula, hor ez dakiguna nondik heldu den, eta azkenean da gure arbasoek zeukaten energia bat zerbaitekiko, eta guri heldu zaigu. Horrelako gauzei buruz hitz egiten nuen Atte hil aurretik obran.

Atte hil aurretik obran bazen pertsonaia bat, lan horretan halako garrantzirik ez zuena, eta berreskuratu egin duzu Manifestu baten. 

Pertsonaia hau jaio zen eta niretzat izan zen zerbait zoragarria, pertsonaia honek izugarrizko askatasuna ematen dit, mundiala.. Maitemindu egin nintzen pertsonaiarekin, eta aurreko obran ez zeukanez halako pisurik, pena ematen zidan aparte uzteak, zuku gehiago atera nahi nion, harekin jolastu. Bere istorioa kontatzea erabaki nuen.

Bazterturik bizi den pertsonaia bat da, eta hemen bere beldurrak kontatzen ditu, lehen pertsonan, zer trauma eduki dituen: herrikoen txotxongiloa izan da beti, besteen bromak  egiteko txotxongiloa, eta bera ez da ohartu azken momenturaino. Orduan obra mendeku bihurtzen da. Oholtzan gainetik jendeari hipokrita deitzeko baimena eman diot nire buruari, ez ikusleei berei noski, baina  jendearen hipokresiaren inguruan hitz egin nahi nuen eta ez zitzaidan modu hobeagorik okurritzen, ez bada hipokresia kritikatzea oholtza gainetik.

Manifestu bat obran elementu gutxi daude, baina gorputzaren eta ahotsaren bidez transmititzen da umorea, tentsioa… Indar handiz, gainera. Antzerki fisikoa aipatu duuz lehen, nola prestatzen zara horrelako emanaldietarako?

Hori da gehien gustatzen zaidana, gorputzaren transformazioa. Zer transmititu dezakeen gorputz batek. Manifestu bat, maila horretan, oso exigentea da, leher eginda bukatzen dut, baina zer plazerra sentitzen dudan gero… Niretzat oso jolas polita da aktore bezala. Hasieran, nire buruari galdetzen nion;  kapaz izango naiz holako gauza bat egiteko? Eta… Asko disfrutatzen dut Manifestu batekin.

Iazko udazkenean Ganbila bildumaren barruan argitaratu zenituzten Beheko Larrainek orain arte egin dituen bi obrak, Bazterreko ahotsak izenburupean. Nolako esperientzia izan da? 

Sekulako oparia izan da. 2016an hasi nintzen nire ibilbide honekin, bi lan aurkeztu ditut eta ezin naiz batere kexatu, oso erritmo onean noa, eta hau ezin nuen sinetsi. Atte hil aurretik amaitu zen; Manifestu bat, oholtzan dago oraindik baina  biak beren ibilbide propioa jarraituko dute, eta hori niretzat izugarria da.  Antzezlana ikusi ez duen jendeak, berea imajinatuko du, bere pertsonaiak, baserria… Beste imajinario batzuk sortuko dira, obra berriak jaioko dira hortik… Flipantea iruditzen zait, Antzezlanak, ez dira oroitzapenean soilik geratuko. hilezkor bilakatu dira. Oso polita eta niretzat oso inportantea da hona ailegatu izana.

Ganbila bildumaren aurkezpenean, udazkenean (argazkiaren iturria HEMEN).

Zer proiektu daukazu eskuartean? 

Manifestu bat obraren hurrengo emanaldia maiatzak 15ean izango da, Azpeitian. Salto handia dago maiatza arte, baina martxoan Bidaietaz lana estreinatu dugu. Migrazioaren inguruko lan bat da, 7-12 urte bitarteko umeentzat, lehen hezkuntzako umeentzat sortua, eta eskolaz eskola ibiliko gara Iparraldean apirilaren 3ra arte [Koronabirusari aurre hartzeko neurriak iragarri baino lehen egin zen elkarrizketa hau]. Denera 32 emanaldi egingo ditugu. Oier Guillanekin eta Iraia Eliasekin egingo dut proiektu hau, eta Axuten laguntzaren eta Hirigune Elkargoarekin. Manifestu bat lanarekin ez dakit zenbat gehiago aterako zaizkidan, bidaia luzea opa diot!

Baina salmenta gogorra da eta zorionez badaude konpainia gehiago eta azkenean denontzat lekua egin behar da, jende asko gara. Ezin naiz kexatu, ateratzen dira batzuk, baina pena ematen dit Manifestu bat hemen uzteak eta espero dut emanaldi gehiago ateratzea egia esan.

Ezer gehitu nahi zenuke? 

Manifestu bat lanean Gaizka Sarasolak lagundu zidan testuaren idazketarekin, baina aipatu nahi dut Arkaitz Lasarte Olano; nire bikotekidea da, hor egon da hasieratik, eta hor dago, niri edozertan laguntzeko prest, oso. Orain Manifestu bat lanean nirekin dabil teknika egiten, baina horrez gainera ezinbestekoa izan da bi proiektu hauetan, maila askotan, bai dramaturgian, eszenografian… Nire ezinbesteko bidelaguna izan da, eta ez dut aipatu gabe utzi nahi.

Erlazionatuak

EHAZE Zurrunbilo Jaialdian

Admin

Eneritz Artetxe Aranazen “Karanbola hirukoitza” liburua argitaratu du EHAZEk

Admin

Teatro esperientzia ez ohikoa Maite Agirreren zuzendaritzapean

Admin

Iruzkina egin