Image default
Kritikak

“Ximur” – Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Fantasia” (BERRIAn argitaratua, 2021eko ekainaren 5ean).

Sorkuntza (musika, testua, koreografia): Jaso ikastolako ikasleak. Eszenografia: Jaso ikastolako ikasleak eta Javier Larreina. Zuzendaritza: Imanol Janices, Irantzu Zabalza, Eva Lopez de Lahoz. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: ekainaren 3a.

Hasteko, nire miresmen guztia adierazi nahi diet Jaso ikastolako Ximur musikala sortu dutenei, oholtzan azaldu nahiz alde teknikoan aritu; txalo beroenak merezi dituzte artista hutsak direlako, artistak bere esanahi osoan. Eta eskola proiektu honen atzean dagoen Imanol Janices, Irantzu Zabalza eta Eva Lopez de Lahozen taldeari, benetan, chapeau, erakusten duten ezagutza teatral orokorra zein genero musikalaren arloko jakinduria berariazkoagatik.

Fantasy zirkuko pailazoek erretiroa hartuko dute laster; hori dela eta, zuzendaria haien lana beteko duten langileen kontratazioa itxi nahian dabil. Hirukote bat du gustuko, baldin eta bikote bihurtzen badira. Bide horretatik, Ximur, kontakizun mailan, kezka sozialera lerratzen da, apartatu nahi duten hirugarren komikoa, Redo, alzheimerra sumatzen hasia delako. Horrela, generoaren ezaugarriek ekartzen duten alaitasunean murgilduta, «zaharreria hau arazo handia» abestu digute haur eta gazteek idatzitako libreto honetan, zeinetan aipatu gaixotasuna eta adinduen zaintza erdigunera ekarri diguten.

Lasai asko esan dezakegu musikal hau gauza serioa eta anbiziotsua dela, eszenografia itzelagatik zein narrazioaren geruzengatik. Zahar etxean, Redo pailazoaren inguruan daudela, denbora jauziak eginez, pailazo horren azken urteetako bizitza birpasatzeari ekingo diote, kantuz eta dantzaz. Fantasy zirkuko garaiko gertakizunak antzeztuko dizkigute, zeintzuetan, esate baterako, Junbo pailazo jeloskorrak tigreen kaiola irekitzearekin batera, taldeko akrobatei aukera eskaini zien oholtzan aritzeko, eszena gogoangarrietako bat sortuz. Izan ere, Ximur generoak dituen ezaugarri guztien arragoa da, musikal oso bat; baina ez, aurrez pentsa zitekeen moduan, haren txikian, baizik eta generoko klasikoek duten handitasunean.

Aspaldian ez dut ikusi geure parajeetan sortutako horren ahalegin handia eszenografia mailan. Eszena aldaketetarako dekoratua etengabe aldatuz ibili dira tramoiako aukeraz profitatuta. Argien erabilera liga handietakoa izan da, abusatu gabe, gainera. Beste alde batetik, musika eta hari narratiboak primeran lotuta egoteaz gain, eskertzekoa da kantarien artikulazio ona. Istorioa oso ondo jarraitzen da, eta hori ez da, tamalez, usukoa geure musikaletan.

Deskribatutako guztia eskola mailako proiektua dela berriro esateko eta azpimarratzeko modukoa da, batik bat, artea, sorkuntza, eskoletan tokirik gabe geratu dela gogorarazteko. Ximur salbuespenak, bere eredugarritasunean, itxaropena ekartzen digu. Jaso ikastolakoek —eta eskola mailan aritzen diren beste teatrozale guztiek— ondo dakite zeintzuk diren arte eszenikoen onurak ikas komunitatearentzako. Pentsamendu berekoak dira, esate baterako, Erresuma Batuko National Theatreko arduradunak, eta horregatik lantzen dute ikasleekin lotura estua. Hemen, berriz, ez dugu ez Euskal Antzoki Nazionalik, ez hezkuntzan sormenerako espaziorik ere. Alta, badugu Iruñeko eskola bat, zeinetan kapaz sentitzen diren euren buruak Londresko musikalak eredutzat hartuta sortzaile bilakatzeko. Horrela, fantasia hau proposatzera ausartu dira, Broadwayko Sondheim eta Goldman txiki batzuk balira bezala, jakin badakitelako, artearekin, musikarekin eta emozioarekin hobeto bizi garela.

Horregatik, bukatzeko, bolo ugari izan ditzazuela opa nahi dizuet!

Erlazionatuak

Herri hura – Javier Rojo

Admin

Kutxidazu bidea, Ixabel! – Agus Perez

Admin

Birritan bortxatua – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin