Image default
Kritikak

Sisiforen paperak – Estitxu Eizagirre Kerejeta

Artikuluaren titulua: “Elkarrizketak eta interrogatorioak” (ARGIAn argitaratua, 2021eko urtarrilaren 29an).

Sisiforen paperak antzezlana urtarrilaren 28an Donostiako Victoria Eugenian. Ezin galdu euskarazko kazetaritzaren historiako pasarte beltzenetakoa trama gisa duen obra ikusteko aukera. Blog honetan lantzen dugun ARGIAren historian ere zirriborro beltza da. Zorionez, antzerkiak asmatzen du pasarte umoretsuen eta hausnarketen bidez tortura berez den dramaren putzuan ez itotzen, ikusleak aktoreei begira egingo duen bidaia emozionalean orekari eutsi ahal izateko moduan.

Harkaitz Canok idatzitako hariak josten ditu aldi berean bi mundu, taula gainean askotan momentu berean ikusiko ditugunak: kontakizuna ekintzen bidez aurrera eramaten duen epaitegi eta komisarietako mundua, batetik, eta lankideen harremanen garapena kontatzen duen egunkari baten erredakzio barruko bizitza, bestetik. Mundu horietako bakoitzak du bere hizkuntza, epaileak eta torturatzaileak gaztelaniaz mintzo baitira. Mundu horietako bakoitzak bere gaiei buruzko gogoetak eta autokritikak, ofizioei lotutako bitxikeriak… eta bi munduak tarteka lotu egingo dira: agerikoa denez, epaile eta guardia zibil horiek erredakziora sartu eta egunkaria itxiko dutelako, eta mundu bakoitzaren gogoetak eta erreferentziak bestera iritsiko direlako. Metafora indartsurik ere bada: komisarian torturan oinarritutako interrogatorioak egiten ari diren bitartean, erredakzioan kazetaritzako elkarrizketen helburuaz arituko dira hausnarketan; hiru bider errepikatzen da joko hau, bakoitzean elkarrizketaren helburua bat dela teorizatuz: kazetariak nahi duena elkarrizketatuaren ahotan jartzea; elkarrizketatuak esan duena ahalik leialen islatzea; eta elkarrizketatuak esan nahi izan duena (baina esatera iritsi ez dena) idaztea lortzea. Estimatzen da kasu zehatz batzuei beharrean, egiturazko arazoari eusten diola antzezlanak: torturan oinarritutako interrogatorioek botere banaketa omen dagoen demokrazia batean jokatzen duten paperaz hausnartuko dute torturatzaileek eta epaileak.

Alegiazkoak dira Alea egunkaria eta pertsonaiak, baina errealitatean gertatu zirenen fikziozko isla ere bai eta ikuslea ezinbestean arituko da igarle lanean, nor zen nor asmatu nahirik, eta egiazko zein pasarte zegoen jolasezkoaren oinarrian. Joko horretan nahasgarri da bi denbora errealak fusionatu izana, nahiz eta obra bezala funtzionatzeko baliagarri dela ulertu: alegia, itxi zutenean egunkarian lanean ari ziren pertsonak, elkarrizketa gaiak, garaia… bat zirela, eta atxilotu zituztenen garaia, giroa, pertsona-taldea eta funtzioak beste batzuk, egunkariaren sorrerakoa.

Egunkaria itxi zuteneko garaia ongi islatzen dute manifestazioko irudi errealek, beste egunkari bat martxan jartzeko langileen kemenak eta ekimenak, eta erredakzioko langile batek telefonoz duen elkarrizketak: “Justiziari bere bidea egiten utzi behar zaiola? Benetan hori da zure adierazpen ofiziala? Eskerrik asko, Kultur Kontseilari jauna”. Jakinik fikzioak badituela bere arauak eta dena ez dagoela taularatzerik, atxilotutako guztien erreferentzia (alegizkoa) gehitzea ekarpen handia litzateke herritarrak oraindik oso presente duen gertakizun haien oroimenerako.

Zorionak antzezlana taularatu duen talde handi eta osoari, hurrengo egunetan buruan oihartzunak eta gogoetak uzten dituen horietakoa baita. Hainbeste, zeren eta ia-ia kirol orriak irakurtzen hastera animatzen baitu.

Erlazionatuak

Alferrik ote da?

Admin

Sisiforen paperak – Agus Perez

Admin

“Iluntzen” – Arantzazu Fernandez

Admin

Iruzkina egin