Image default
Kritikak

“Satiro” + “Panpina” + “Erresistentzia arazo fisikoa da” – Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Eztenako ziztadak” (GARAn argitaratua 2020ko abenduaren 23an).

Eztena jaialdia.
Antzezlanak: ‘Satiro’, ‘Erresistentzia arazo fisikoa da’ eta ‘Panpina’.
Tokia: Niessen 2020/12/19-22 (Errenteria/Orereta).

Eztena antzerki jardunaldiak, Covid-ak behin baino gehiagotan moztutako programazioari berriro eutsita, Xanti Agirrezabalaren ‘Satiro’, Maite Aizpuruaren ‘Erresistentzia arazo fisikoa da’ eta Erika Olaizolaren ‘Panpina’ eskaini dizkigu azken txanpan. Hartara, hiru dira lerro hauetan hizpide izango ditugun antzezlanak.
Guztiz ezberdinak baina kezka feminista eta garaikide beretik sortuak: gorputza/itxurak, zenbateraino askatzen nau, zenbateraino nauka preso? Zenbateraino dugu gozamen iturri ala (auto)debeku? Zenbateraino gara besteok ikusten duten forma hori?

Hiru aktore, hiru antzezlan, hiru testu, hiru bakarrizketa. Hiruretan ironia, probokazioa eta ausardia. Hiruretan oholtza eta publikoa ziurtasunez menperatzen duten antzerkigile gazte ausartak, euskal eszena berritzen eta indartzen. Hiruretan umore, barre eta algarez bilduriko ikuskizuna, exagerazioaren bidetik, parodiaren bidexkatik, burlaren xendratik. Horixe dute tonu komuna, baita gustu oneko teatro burgesa alde batera uztea ere.

Satiroz mozorrotutako Xanti Agirrezabala aktorea erotismo eta sexu instintuaz mintzo zaigu kaiola baten barruan dagoela. Arren genitaletatikoak, bultzada erotiko dionisiakoak aletzen dizkio publikoari. Maite Aizpuruak, aldiz, txosten mediku eta ariketa fisikoen artean korri egiteko zintadun makina lagun duela, haurtzaroko gorputz gaixo eta ‘akastuna’ gorputz disidente bihurtzen du. Erika Olaizolaren protagonistak bi irudi ezberdinekin lotzen ditu istorioaren bi muturrak: hasierako musika-kaxatxoko dantzari perfektuak, ikusleen gozamena asetzen duena, bukaeran bere buruari ematen dio plazera. Guztiz eraldatu eta askatu da Erika Roibos izeneko aktorea, kamerino zein eszenatokian zehar bere bizipen eta erabakiei buruz kontu-kontari dabilkiguna.

Hori guztiagatik ezin isilean utzi, Miren Gaztañagaren ‘Stereo’ lana. Aldeak alde, baina hemen iruzkindutako hirurekin batera familia bat osatzen dute gure antzerkiaren genealogian. Badakizue, ‘nolako zura, halako ezpala’. Eta, hori guztiagatik, Gaztañagaren piezak izan dituen antzeko prestigio eta emanaldi oparoak izan beharko lituzketelakoan gaude.

Erlazionatuak

Gabriel Arestiren etxea defendituko dut – Agus Perez

Admin

Ama kuraia – Agus Perez

Admin

“Tribiz, baserri galdue” – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin