“Salmahaiaren atzetik”

2021-12-13 | Agus Perez

Agus Perezek idatzitako KRONIKA.

Iazko etenaldiaren ostean, gogotsu ginen Durangoko Azokara berriz ere bueltatzeko. Etxeko ganbaratik jaitsi ditugu standa dekoratzeko trasteak, eta abenduaren lehen egunetako arratsalde euritsu batean ekin diogu, etxean, guztia berrikusteari. Banbalina gorriek ondo eutsi diote bi urteko denboraren iragateari; zorionez, salbu egon dira balizko itoginen eta beti gose dauden sitsen mehatxuetatik, baina oihalezko atzeko hanka beltzek plantxatu bat beharko dute, ageriko tolesdura-markak dituztelako.

Espero zen bezala, fokuetarako barrak ondo daude, baina honezkero ez gara gogoratzen nola muntatzen ziren haietan fokuei eusteko angelu metalikoak. Kartoizko fokuek, ordea, nahiko itxura eskasa dute orain, palak erdi jausita dituzte eta kartulina beltza leku askotan desitsatsi da. ZIU moduko batean sartu ditugu haiek guztiak, pintzela, kola zuria eta arropa eskegitzeko pintzak lagun, eta atseden-gau baten ostean, biharamunean baieztatu dugu egoera kritikotik irten eta senda-agiria eman ahal geniela. Uffff!!!

Okerrena da ez gaudela seguru standeko egitura metalikoaren neurriekin, ez dakigula orain hankak eta banbalinak luzeegiak edo laburregiak izango ote diren, eta orain dela bi urte hartu genituen argazkiek ez digute asko laguntzen, gehiago izan ziren argazki dekoratiboak praktikoak baino. Beraz, muntaketaren unean erabaki beharko dira gauzak.

Eta hara goaz! Zorionez, abenduaren 2a ere habilitatu dute muntaketarako, eta han topatu ditugu Josu Zubia eta Oier Guillan, gu bezain gogotsu, ez dakit zenbat kaxatatik zientoka liburu ateratzen, guzti-guztiak saldu beha bagenituzke bezala. Gurea bai optimismoa, eta eurena zer esanik ez. Kontua da antzoki itxurako dekorazioa muntatzeko salmahaiaren gainean jarri behar ditugula gure zapata bustiak, eta guk amaitu arte ezin direla liburuak ganoraz atondu. Hamar minuturako lana zena ordu erdirakoa bihurtu da laster batean, eta azkenean ordubete baino gehiago hartu digu, baina dena geratu da txukun eta Susako Josu Landak argazkiak eta guzti egin ditu, darion umore on inbidiagarriaz hornituta.

Eta gero, txandak. Txandak egiteko muntatu dugulako hau guztiau, eta ez liburuak saltzeko. Ez gaitezen engainatu: idaztetik ez gara inoiz biziko, eta are gutxiago liburuak saltzetik, eta are-are gutxiago antzerkia bezalako esparru mugatuan esklusiboki arituz gero. Baina, tira!, 140 bat liburu saldu omen ditugu –inoiz baino gehiago, nik uste– Susako salmahaian Ganbila bilduman saldutakoez gain, eta hori aurtengo baldintza mugatuetan, jende kopuru mugatuak bisitatu duelako Landako eta egunean zehar salmentarik gabeko hainbat etenaldi izan direlako –ordu erdikoa haietariko bakoitza– bisitari txanda bat hustu eta hurrengoari sarrera emateko.

Hala ere, txandak egiteak badauka bere xarma, ez egin dudarik, batez ere bezeroek eta bisitariek ekartzen duten xarma. Esate baterako, hara non lehen txandako lehen minutuan aulkia berotzera heldu eta nor eta Txomin Hegi bera dagoela bezero plantak egiten gure aurrean! Ez dakigu orain zerbait erosi duen ala ez, baina lehen ere esanda dago ez garela hona etorri liburuak saltzera, presente egotera baizik, eta gure arteko harremanak ehuntzera, Iparralde eta Hegoaldearen artekoak, idazleen eta irakurleen artekoak, antzerkizale diren eta ez direnen artekoak. Egunotan berriz ere baieztatu dugu aurretiaz ere bagenekiena: gutariko bakoitzarentzat pisu handikoa dela beste aldean norbait dagoela jakitea. Eta beharbada beraientzat ere handia da jakitea salmahairen atzetik euskarazko antzerkiaz arduratzen den elkarte bat dagoela. Bere txikian, baina badagoela.

Bide horretatik, eta gure txandetan bakarrik, Iñaki Ziarrusta, Mikel Martinez, Ane Zabala, Galder Perez, Eneritz Artetxe, Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte, Ander Fernandez (Muskulo eta Rouge Elea), Peru C. Saban eta batek daki zenbat gehiago igaro dira salmahaiaren aurretik. Batean esanez, «hemen uzten dizuet liburu hau ez dakit norentzat, gero pasako da bila»; bestean, «irakurri ditut zure burutazioak, lagun, oso gozagarriak»; eta hurrengoan, «hau ilusioa, gure liburu atera berria esku artean edukitzea!».

Baina dena ez da izan txandak egitea, jakina. Eguraldi petralak lagunduta, ezinezkoa izan da kanpoaldean aspaldiko lagun eta ezagunekin trago batzuk hartu eta hitz-aspertuan aritzea baina, gutxienez, liburu-aurkezpenak eta Szenatokiaren antzerki programazio aurreratu eta egokia –Tribiz, baserri galdue, Album, Lurrun minez…– geratu zaizkigu. Musika eskolan Eider Perez ‘Adeletx’-en Alamedako dantzaldia, Gilkitxaro taldearen 25 gau eta bat gehiago eta Oier Guillan & Metrokoadrokaren Miss Karaoke, sormen prozesu baten erraiak aurkeztu genituen elkarte bezala, eta Ahotsenean Susa argitaletxearekin daramagun Ganbila bildumako azken aleak plazaratu ziren: Amancay Gaztañagaren 39 lore, Peru Calabaza Sabanen 99 pauso ganorabakoen aldamenean eta Patricia Urrutia Urietaren Porno vs Afrodita.

Uzta oparoa, benetan, aurtengo Durangokoa. Pozik geratzeko modukoa, nik uste. Orain trasteak batu eta hurrengo erronkei ekiteko prest egotea tokatzen zaigu.