“Salaketa” eta “Txilin hotsak”

2021-10-21 | Agus Perez

Artikuluaren titulua: “Kar kar festa”.

Antzezlanak: Salaketa´ eta ‘Txilin hotsak’. Konpainiak: Tartean eta Tranpola. Lekua: Bilboko Elkarte Filarmonikoaren aretoa. Eguna: Urriak 10.

Bilboko Ja! umore jaialdiaren azken egunean ikusi ditugu Loraldia jaialdiak bultzatutako umorezko pieza bi. XIX. mendearen amaierako areto dotoreak bere itxura erromantiko berriztatua erakutsi digu handik hogei urtean behin-edo igarotzen dugunoi eta, behingoagatik, ateak zabaldu dizkio antzerkiari, euskarazko antzerkiari kasu honetan. Ikusle kopuruaren aldetik, nahiko ondo bete da neurri ertaineko antzokia, batez ere kontuan izanda ordutegiaren erabateko desegokitasuna.

Patxo Telleria eta Mikel Martinez izan dira emanaldia aurkezteko arduradunak –gaualdi hitza ezin dugu erabili, arratsaldeko 18:00etan hasi baitzen–, Telleria fraka eta guzti jantzita eta Martinez ere elegante, gris gamako traje eta alkandorarekin. Izan ere, jaka erantsita, oso aproposa suertatu da bere janzkera funtzionario baten rolean sartzeko, emanaldiko lehen atalak –Salaketa– eskatzen zuen bezala.

Salaketa Goiatz Labandibarren testu bat da, borobila, irudimentsua eta landua, eta Martinezek bultzatzen dituen Cafe Bar Bilbao sarietako bat (euskarazkoa) 2019an irabazteaz gain, Kriseilu saria eta Antzezle Onenak saria ere irabazi zituen 2021ean Bilboko Pabilioi 6k antolatzen dituen Antzerki Laburreko Jardunaldietan.

Martinezen zuzendaritzapean berak eta Gaizka Chamizok jokatu dituzte hurrenez hurren langile publikoaren eta salaketa jarri nahi duenaren pertsonaiak, mahai xume bat, hiru aulki eta idazmakina izan direla elementu eszeniko bakarrak. Labandibarren testuan abilezia handiz eraiki dira bi pertsonaiak, eta hainbat egoera eta dialogo surrealista tarteko, ezusteko amaiera batera ailegatuko da pieza burutsu honetako argumentua. Bitartean Martinezen sendotasunaz eta deklamazio garbiaz –besteak nire gusturako azkarregi hitz egin du– eta Chamizoren presentzia eszeniko eta gorputz-adierazkortasun aberatsaz gozatu dugu eta, amaitutakoan, ikusleek gogoz txalotu dute pieza labur honen egokitasuna.

Aitortu behar dut jarraian etorri dena –Txilin hotsak, Ane Gebarak eta Josune Velez de Mendizabalek sortua– hirugarrenez ikusi dudala honezkero. Lehenbizikoa otsailean izan zen, Lautan Hiru festibalean Euskaltzaindiaren areto ezin kaxkarragoan –horrela daude gauzak Guggenheimeko hiri arranditsuan, lagunok–, bigarrena Eztena jaialdian izan zen, ekainean, Niessen aretoan eta baldintza egokietan, Orereta meets Gasteiz emanaldi laukoitzean, eta hirugarren oraingoa izan da. Baina nire esku balego, arratsalde guztietan ikusiko nituzke beren burua aldarrikatzen duten bi emakume gazte horien aldrebeskeriak, pailazokeriak, zentzugabekeriak, etenik gabeko ezuste eszenikoak, demasakeriak, zer demontre! Biba zuek! Bazen garaia umerik gabeko –adinez nagusiak izan arren– eta umekeriarik gabeko emanaldiak aldarrikatzen dituzten lanak ikusteko. Bazen garaia geure burua –garen hori eta etengabe disimulatu behar dugun hori– beldurrik gabe, lotsarik gabe, konplexurik gabe, inori baimenik eskatu gabe publikoki eta umore basatiz aldarrikatzeko!

Dena esan behar badago, atzeko lerroko bi edadetuk sano egin dute barre emanaldian zehar, baina bestetik, beste ikusleren batek txarto begiratu gaitu hasierako minutuetan lehen barreei eutsi izan diegunean, orain berrogei urteko La vida de Brian irreberente hartan gertatu zitzaigun bezala. Orduko hartan are larriagoa izan zen, areto osoko ikusleek isiltzeko eskatzen zigutelako, temati, uste izanda aste santuko ohiko film erlijioso baten aurrean zeudela. Egia berdaderoa, e? Ai, nire Bilbo malapartatu hau! Zelan gogoratzen naizen Arestiren zugatiko minarekin!