Porno vs Afrodita

2021-01-29 | Agus Perez

Artikuluaren titulua: “Lagun finlandiar bat” (BERRIAn argitaratua, 2021rko urtarrilaren 29an).

Konpainia: Benetan Be. Egilea: Patricia Urrutia. Zuzendaritza: Pablo Ibarluzea, Elena Olivieri, Patricia Urrutia. Musika: Asier Ituarte. Eszenografia: Amaia Garate Olano. Argiak: Arantxa Heredia. Jantziak: Marodi Sorkuntzak. Antzezleak: Patricia Urrutia, Juanjo Otero, Jon Zumelaga. Lekua: Basauriko Social antzokia. Eguna: Urtarrilak 29.

Egun finlandiar bat nahi zuen Atxagaren olerki hartako maitaleak —Gariren abesti ederrean ezagutu genuen—, egun finlandiar luze-luze bat amodioaz hitz egiteko. Kasu honetan, ordea, lagun finlandiar batez ari gara, bera delako, agian, elementurik disruptiboena Benetan Be konpainiaren Porno vs Afrodita honetan. Egia esan, lagun finlandiar honek ere hitz egingo du bere maitearekin, baina nerabeen modura, hau da, berba gutxirekin eta ekintza traketsekin, pornoak gidatutako eskema sinpleen menpe.

Eta bitartean —edo lehenago, edo geroago, batek daki—, bukatzen ari zaien munduan daude gaztetxo horien guraso edo tutoreak, eurak ere bizitzaren amaraunean ia preso. Haiek ere izan ziren gazteak, sexu-praktikante eta rock-zale amorratuak, eta droga batzuekin ere esperimentatu zuten inoiz, batzuek besteek baino gehiago. Gaurko emanaldian beren despedidako kontzertuaren entseguan harrapatu ditugu, bateria, gitarra, baxu eta anplifikadoreen artean, baina seme-alabekin duten ardura han-hemenka gurutzatuko da azken emanaldi horren prestakizunetan.

Benetan Be konpainia kementsuak ZU-bi delako ekimenari esker hasi zuen bere ibilbidea; Patricia Urrutia du arima, eta bere lehendabiziko lana Inondik inora deitu zen. Orduko hartan ikuspegi heldutik ekin zioten haur-antzerkiari, eta oraingo honetan esan daiteke helduentzako emanaldia dela, baina aldi berean, oso gomendagarria Bigarren Hezkuntzako ikasleek era endemikoan duten des-heziketa sexual eta afektiboari aurre egiten hasteko.

Hala ere, inork ez dezala pentsa produktu didaktiko onbera horietako baten aurrean gaudela: ez. Eta horregatik gustatuko zaie gehiago helduen pedagogiari alergia dioten gazte ikasleei, onberatasun mota hori nekez jasaten dugunoi gustatu zaigun bezainbeste. Eta gero, Patricia Urrutiak bere ekimen agorrezinaz eta mundu-ikuskera aurrerakoi eta baikorraz josi duen artista sare zabala hartu behar dugu kontuan: Pablo Ibarluzea eta Elena Olivieri zuzendaritzan, Asier Ituarte musikan, Amaia Garate Olano eszenografian, Juanjo Otero eta Jon Zumelaga harekin batera taula gainean…

Bide horretatik, esan beharrik ez dago gauzak ez direla ez era linealean ez lengoaia eszeniko bakarrean gertatu. Taula gainean antzezle-musikariak egon dira, zelan ez, baina emanaldian zehar plano kontrajarri askoren eragina izan da: oraingo gazteak eta garai batekoak, zuzeneko musika eta antzezpen biziak, irudi birtualak eta hezur-haragizkoak… Bizitza bezain konplexuak diren pertsonaia samur horiekin enpatizatu dugu, eta beren idoloekin ere bai, ezinbestean. Euren artean bereziki umoretsuak izan dira gaurko balizko John Lennon baten eta Berri Txarrak taldeko liderraren irudikapenak, eta azken horren pertsonifikaziotik dator antzezlanaren azpi-izenburua: I love #gorkaurbizu. Bihotz formako emotikonoa eta guzti, jakina.