“Mesede bat egitearren”

2021-07-07 | Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Plazara!” (BERRIAn argitaratua, 2021eko uztailaren 7an).

Konpainia: Trapu Zaharra. Aktoreak: Asier Soto, Lierni Fresnedo. Zuzendaria: Isidoro Fernandez. Gidoia: Santi Ugalde. Lekua: Igeldoko Goiko Plaza. Eguna: Uztailak 4.

Ze ondo pasatu dugun!» eta «Hau barrea!» esan dute askok Trapu Zaharra taldeak Igeldoko plazan eskainitako emanaldia bukatu ondoren. Esaldi horiek bizitakoaren laburpen ezin hobea iruditu zaizkigu, eta horregatik ekarri ditugu hona. Azken finean, kale antzerkiaren kalitatea neurtzeko, zeintzuk dira, bada, kritikaririk egokienak, zuzeneko ikusleak ez badira?

Trapu Zaharra ezagutzen duen edonork daki tinko heldu diotela kale antzerkia egiteko manera tradizional zein eredugarri bati. Espezialistak ditugu atrezzo gutxi baina imajinazio teatral handiko pieza ganberroak sortzen. Ofizio handiko komedianteak dira, eta komedianteak diot, miresmen eta errespetu guztiz, 1983tik egundaino eutsi diotelako gure kale kantoiak alaitzeari. Are, trapero hauek ez dute ez aparteko erretorika ez marko teoriko postmoderno baten beharrik izan Euskal Herriko txokoetan arrakastatsu aritzeko. Euren buruari inportantziarik eman gabe, garrantzizkoak izango ez balira bezala jokatu ohi dute. Horren harira, hona beste galderatxo bat: ba al dago, gaur egun, gauza garrantzitsuagorik, herrikideak plazara deitzea baino?

Antzinako konpainia nomada sinpleen antzera, ez dute karparik ere behar saioa abian jartzeko. Ohikoa dutenez, abiapuntu zoro batetik hasi zaizkigu tiraka. Mesede bat egitearren, eta hauteskundeetarako hamabost egun falta direla, alderdi bateko afiliatu bihurtu gaituzte ikusleok antzezlanean. Kontua da hautagai nagusia (Asier Sota) beldur eszenikoak jota dagoela, eta, horren ondorioz, haren bikiaz baliatuko direla kanpaina aurrera eramateko. Horrela, mitin bateko partaideen itxurak bete ditugu entsegu edota entrenamendu moduan: orain sarreran emandako banderatxoa astindu, orain txalotu, orain argazkiak atera, orain hautagaiari adore emateko kantatu… Hori guztia, gezurrezko politikaria laguntzeko ahaleginetan ziharduen aholkulari (Lierni Fresnedo) baten gidaritzapean.

Aire zabalean egoteak antzerkiari hainbatek atxikitzen dioten erreberentzia kentzen dion heinean, ikusleen portaerari askatasuna ekartzen dio. Horrela, publikoa bihurtzen da antzezpenaren —eta jolasaren— ezinbesteko muina. Eta Igeldokoek plaza bereziki aproposa dute teatro zereginetarako, zaleen zein aktoreen energia primeran biltzen dituen txokoa baita. Hala, dena izan da festa eta konplizitatea, gertutasuna, antzezleen eta ikusleen arteko joan-etorriko konfiantza. Gainera, antzokien iluntasunetik kanpo egoteak begi bistan ipini dizkigu ikusleen partaidetzak ondu dituen eszena fotogenikoak. Horregatik, aitortu beharra dago ondo pasatzen dela Trapu Zaharrako antzezleei begira, baina, baita haien jarduerak herritarrengan aktibatzen duen erantzuna behatzen ere.

Esandako guztiagatik, osasuntsuago irten gara plazatik. Eta esandakoa: Hori barrea! Zein ondo pasatu dugun!