“Maitasunaren itxiera”

2021-05-04 | Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Haustura bikoitza” (BERRIAn argitaratua, 2021eko maiatzaren 4ean).

Testua, zuzendaritza, eszenografia, argiak eta jantziak: Pascal Rambert. Itzulpena eta bertsioa: Eneko Sagardoi, Danele Sarriugarte. Antzezleak: Miren Gaztañaga, Eneko Sagardoi. Zuzendari laguntzaileak: Lucia Astigarraga, Nagore Nabarro. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 30.

Bi dira bi Miren eta Eneko pertsonaia borobilak; bi dira bi Sagardoiren eta Gaztañagaren antzezpen apartekoak. Pascal Rambertek idatzi eta zuzendu duen Arriagaren ekoizpen honetan, bikote baten haustura mingarriaren lekuko dugu publikoa. Lanak bi bakarrizketa lotzen ditu: lehenbizikoa, gizonarena, eta bigarrena, emakumearena. Bi zati horien arteko trantsizioa ahalbidetzeko, ezustean, entseatu behar duela dioen umeen koru koloretsua agertokiaren erdian pausatu zaigu. Goizean argia hastean melodiaren gozotasuna zein malenkonia nagusitzen dira aretoan, baina hori kontrastezko momentutxo bat, arnasketa unetxo bat baino ez da izan, boxeoan kanpaia jotzen dutenekoa bezalakoxea.

Abagune horretan izan ezik, gainerako aldietan Sagardoik eta Gaztañagak hitzezko enfrentamendu krudela antzeztu digute gorputz guztiarekin, indar osoz. Maitasunaren itxiera-n gupidarik gabeko hitzez eraso egiten diote elkarri bi bikotekideek, gelditu gabe, arnasestuka, amorrazioak bultzaturik. Borrokak bi round ditu: Enekok ankerki okaztatu duenari Mirenek hartu dio segida txanda iritsi zaionean. Bi ekitaldietan punta-puntako antzezpen aparta eskaini digute biek.

Agertokiaren goiko aldeko argi fluoreszenteek ez dute inolako argi graduaziorik baimentzen, eta laborategiaren zein kirurgia gelaren giroa ekartzen dituzte gogora. Bonbilla zuri eta zorrotzen argitan, Arriagako oholtzak are handiagoa dirudi. Muturreko izkin batean Eneko; zeharkako muturreko txokoan Miren. Horrela, haien arteko distantziak oholtza guztia hartzen du denbora gehienean. Hizketan ari dena entzuten ari denari oldartuta hurbilduko zaio, oso gertu jarri arte. Horren ondoren, hasierako kokapenera itzuliko da berriro ere, beste hainbatetan mugimendu-sekuentzia bera gauzatzeko.

Entzuten ari denak, guztiz mutu dagoenak, berriz, publikoari bizkarra emanez gorputza sotilki uzkurtzen duk abailduta dagoela adierazteko. Bikotekidearengana aurreratzeko ahalegin guztiak mozten ditu hiztunaren debekuak: «Geldi zure tokian», eta men egingo du, hurrengo ekitaldian hitza hartu arte, non aurreko eszenen ibilbide eta energia maneiu guztiak errepikatuko dizkiguten, teatro-asmazio sinple baino arras eraginkorrean.

Bolumen indartsua behar dute ahotsean, antzokiko kaxa guztia betetzeko ez ezik, publikoarengana iristeko. Hitzak armak dira, maite izan dutenaren aurkakoak, gozotasunik gabekoak, erremediorik gabeko maitasunaren akaberari buruzkoak. Airea hitzez bete dute antzezleek; eta, aldi berean, antzezlanaren testuak erakutsi digu etenak eta isiltasunak zeinen garrantzitsuak diren berben itsasaldian. Antzezleek irakatsi digute bestearekiko entzuketa-estiloak nola laguntzen duen norbere hizketaldia era egokian garatzen. Publikoaren arreta aditzea posible dela uste duzuen horietakoak bazarete, baduzue gozamenerako aukera Maitasunaren itxiera-n. Jakin-nahiak ez ezik, miresmenak gorpuzten zuen publikoaren arreta.

Ramberten testu eredugarrian, bi pertsonaiak dira urrutitik elkarri hitz egiten diotenak; bi aldiz, bi ikuspuntuetatik, molde bereko bi bertsioetatik. Heriotza bikoitza (Doble Malta) ahaztezin hartan bezala, Sagardoi eta Gaztañaga ditugu errepikatzen den antzezpen-bikotea. Oraingo honetan, aktore gisa duten gaitasuna bikoiztuta, biderkatuta, ahaldunduta, era bikain batean Ramberti esker.

Horregatik guztiagatik, halako eskaintzak gozatzeko aukera gutxitan izaten dugulako, edaria altxatu (doble malta), eta topa egin dugu zuengatik eta zuena behin eta berriro errepika dadin.