Kutxidazu bidea, Ixabel

2020-12-14 | Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Kantaidazu bidea, Ixabel”. (GARAn argitaratua, 2020ko abenduaren 14an).

Jatorrizko testua: J. Sagastizabal. Zuzendaria: P. Barco. Dramaturgia: P.  Barco, A. Garmendia
Antzezleak: X. Korkostegi, M. Redondo, A.  Aierbe, I. Tolosa, K.  Ngema,  I. Huitzi, J. Pascualena, S.  Romano.

J. Sagastizabalek 1994 ‘Kutsidazu Bidea, Ixabel’ argitara eman zuenean long seller bat ekarri zuen gure lazara. Horrela, Tolosa aldera «benetako euskara» ikastera joaten den Juan Martin euskaldun berriraren pasadizoak, 2006ean filme eta telesail moduan ez ezik 2003an Gorringo taldearen antzezlana izan genuen ikusgai. Baina, badaezpada ere, hona abisua: azkenaren algaren harrabotsa uxatu behar da bestelako ‘Kutsidazu’ hau ikusteko, zeren, hauxe familia guztiarentzako musikal adeitsua izateko sortua baita. Eta, jakina denez, aipatu generoan, gunea ez da istorioan kokatzen baizik eta istorioa kontatzeko manera ikusgarrian, izan dekoratua, izan ekoizpen handiko fokoen erabilera, izan musikaren erakarpena, edota aktoreen gaitasuna dantzari zein abeslari gisa. Bada, Demode Quarteten eskutik eta haren estilotik eratutako ‘Kutsidazu’ honetan hori guztia aurkitu dugu biziki txalotzeko kalitatean.

‘Kutsidazu’ nobelaren egokitzapenean eszenek abiadura egokian heltzen diote erritmoari. Fokoek dantzan, ahotsak eta musika ederrak ditugu. Ez gara batere aspertzen, gertu dudan umea liluraturik dago. Alta, ikusle helduak atzoko emanaldian Juan Martin bezala – ulertu ezinean- sentitu zen hainbat alditan. Musikarik gabeko elkarrizketa edo ‘a capella’ kantatutakoa salbuespenak salbuespen, abestien letra ez genituen ulertzen nahiz eta aktoreen ahoskapena primerakoa izan. Musikak ahotsei lapurtzen zien protagonismoa harik eta gure «entendimendua» ilundu arte. Eta horrela ezin izan dugu estimatu ‘Kutsidazu’ hau merezi duen neurrian. Eta merezi du, beste geografietan egiten den bezala, familia hartu eta antzokian bertaratzea. Ikuskizunak bere osotasunean merezi duelako eta belaunaldi gazteek Juan Martin eta Ixabelena ezagutu behar dutelako. Oraingo honetan musikaz gozatuz deskubrituko dituzte, eta horregatik, mesedez, «transmisioa» ez diezagula ezerk oztopatu.