Jaime Valverde: “Esperimentu gogoangarriak”

2020-04-07 | EHAZE

Jaime Valverdek Rakel Marinen Teatro experimental y cambio de milenio liburuaz iruzkina idatzi du. Liburu honetan, Legaleon-T. eta Antzerkiola Imaginarioaren ekarpenak aztertzen dira.

Egilea: Marín Ezpeleta, Rakel

Titulua: Teatro experimental y cambio de milenio. Euskadi como reflejo. Genealogías, contextos y procesos

Argitaratzailea: Euskal Herriko Unibertsitatea

Argitaratze urtea: 2020

ISBN: 9788413191249

 

ESPERIMENTU GOGOANGARRIAK

Jaime Valverde

Rakel Marín Ezpeleta Bartzelonan bizi den antzerkigile eta ikerlaria da. Euskal Herriko Unibertsitateak argitaratu berri dion lan mardul honetan gure antzerkian aztarna sakona utzi duten bi antzeztalde gakoren ibilbideak aztertu ditu: alegia, Legaleon-T eta Antzerkiola Imaginarioa.

Marínen lanak 2003. urtean du abiapuntua, Universitat Autònoma de Barcelona-n aurkeztutako ikerketa batean hain zuzen. Handik aurrera, testuak hainbat aldaketa, osatze eta bertsio aldaketa bizi izan ditu, harik eta EHUren argitalpen zerbitzuak kalera atera duen arte. Poztekoa da azkenean publikoaren eskura heldu dela, baina tamalgarria hain eduki interesgarria izanik hainbeste urte egotea argitaratzeko bidea ezin topaturik. 2003tik hona zenbait argitalpen atera dira gaiaren inguruan, baina hala ere, liburuak ez du interes izpirik galdu; batetik, Rakel Marinenena perspektiba original eta interesgarria delako eta, bestetik, gaiaren garrantzi bereziagatik.

Izan ere, ohiko formatu dramatikoetatik atera nahi izan duen teatroari dagokionez, Legaleon-T eta Antzerkiola Imaginarioa talde funtsezkoak izan dira gurean. Hamaika izen ezagutu dituen eta sare teorikoetan harrapatzeko hain zaila den teatro mota horri –edo horiei, beharbada– “esperimental” deituraren bidez heldu dio Rakel Marinek. Bada, noizbait norbaitek Euskal Herriko “antzerki esperimentalaren” genealogia arakatzen badu, bi talde hauetan kokatu beharko du historiaren abiapuntua, biak ala biak, bakoitza bere erara, aitzindari izan direlako.

Liburuaren lehendabiziko bi ataletan ikerketaren testuinguru teorikoa ezartzen du Rakel Marínek. Ikerketa akademikoetan ohikoa den gehiegizko dentsitatean erori gabe, XX. mendeko teatro mendebaldarraren bilakaeran arakatzen du testuan zehar erabiliko dituen lotura estetiko eta ideologikoen aurrekariak ezartzeko.

Hirugarren atalak liburuaren mamia dakarkigu: talde bien ibilbideen azterketa sakona. Informazio ugaria emanez eta irakurketa interesgarriak plazaratuz, bakoitzaren antzezlanak aletzen dira kronologikoki. Zaleek zein ikerlariek eskertuko dute zenbaitetan mitiko bilakatu diren obra batzuen dokumentazio lan aberatsa: esaterako, El silencio de las xigulas (Legaleón-T, 1994), Psicofonías del alma (Legaleón-T, 2002), 8 Olivetti poetiko (Antzerkiola Imaginarioa, 1999) edo Yuri Sam, Otoitza (Antzerkiola Imaginarioa, 2003).

Atal honen bukaeran talde bien arteko loturak nahiz dibergentzien gaineko gogoeta egiten du Rakel Marinek, ondorio moduan bata zein bestearen oinarri estetikoak bere perspektibatik azaltzeko.

Teatro experimental y cambio de milenio. Euskadi como reflejo, beraz, oso ekarpen baliotsua da azken urteotan gutxinaka-gutxinaka eraikitzen ari den Euskal Herriko antzerki historiografia berrian, bi esperientzia paregabe eta errepikaezinen lekukotza sakona ematen baitigu, teatro lengoaia “esperimentalak” ulertzeko eta momentu historikoan kokatzeko erreminta askorekin batera.