Image default
Kritikak

Fadoak entzuten zituen gizona – Agus Perez

Artikuluaren titulua: “2020-PAM” (BERRIAn argitaratua, 2020ko azaroaren 5ean).

Konpainia: Xake. Jatorrizko ideia: Kepa Errasti. Zuzendaritza: Getari Etxegarai. Musika: Pascal Gaigne. Eszenografia: Eider Ibarrondo, Isabel Acosta. Argiak: David Alkorta. Antzezleak: Iñigo Aranbarri, Kepa Errasti, Ane Gabarain. Lekua: Barakaldoko antzokia. Eguna: Urriak 31.

Era profetikoan beharbada, 2020- PAM darama matrikulatzat Marioren kamioiak. Euskal Herritik Portugal hegoaldera doa, eta bidean Ander hartuko du bidelagun. Kilometro asko dira, eta biak aspaldiko lagunak direla konturatzean hasiko dira komeriak.

Dena den, hasieratik bertatik eta esandako biak agertu baino lehen ezagutuko dugu Masku izeneko emakumea, bere rol estrainio bezain xelebrean sartuta eta ikusten ez dugun Txarli delako batekin etengabeko berbaldian. Delako Txarli horrekin kontu asko argitu beharra daukala igartzen zaio Maskuri, baina kontuok argitu bitartean bere kabuz dabil hara eta hona, bizitza propioa balu bezala eta kamioi barruko bi gizonezkoengandik aparte.

Denborak argituko ditu Maskuren portaera alderraiaren arrazoiak, baina bitartean berak jarriko die umore-kontrapuntua kabina barruan dauden bi gizonen arteko dibagazioei, beraiek Masku entzun eta ikusten ez duten arren. Iruzkin laburrak baina mamitsuak tartekatuko ditu beren solasaldien erdian, bera izango da errepideko geldialdietan aurkituko dituzten zerbitzari, mekanikari eta guardia zibilen pertsonifikazioa, eta berari esker jarriko dira erdigunean eta ezbaian bi gizon haien maskulinitate ereduak.

Izan ere, maskulinitatearen ereduak auzitan jartzeaz gain —haien artean mamitsuena da zergatik uste ote dugun fadoak emakumeen kontu esklusiboa direnik—, beste kontu batzuk azaleratuko zaizkie bi lagunei beren bidaian zehar, hala nola bakardadea eta norbaiten konpainiaren beharra, norberaren gurasoak hil aurretik ikusi nahia eta, bereziki, gizonezkoen munduan emakume izatearen esangura.

Getari Etxegarairen zuzendaritzapean, ugariak izan dira dramaturgian txertaturiko txantxa eszeniko laburrak, Ane Gabarainek bere histrionismo emankorraz burutu dituenak. Argumentuak ezinbestean gogorarazi dizkigu Argentinako road movie haiek, non amaierarik gabeko paisaien monotonia eta gizakien arteko harremana besterik ez dagoen, eta non pertsonaiek, isolamendu neurrigabe horretan, beren auziei ekitea beste erremediorik ez duten.

Esan bezala, Ane Gabarainen esku geratu da protagonismoaren zati handi bat, baina Kepa Errastik eta Iñigo Aranbarrik sendo eutsi diote erronkari, eta ikusleek, une batzuetan sano barre egin ostean, gogoz txalotu dute proposamena, haietariko batzuk zutik eta guzti jarrita.

Erlazionatuak

Ni, munduko txarrena – Agus Perez

Admin

“Lubaki lainotsua” – Maddi Sara Goikoetxea Juanena

Admin

“Alderray” – Tartean teatroa

Admin

Iruzkina egin