Image default
Kritikak

“Amua” – Arantzazu Fernandez

Artikuluaren titulua: “Pertsonala izango da ala ez da izango” (BERRIAn argitaratua, 2021eko apirilaren 21ean).

Zuzendaritza: Ximun Fuchs. Antzezleak: Maite Larburu, Manex Fuchs, Ximun Fuchs. Musika: Maite Larburu. Eguna: Apirilak 16. Lekua: Hernaniko Biteri Kultur Etxea.

Axut taldearen Amua ikuskizunak era delikatu, umoretsu eta adimentsu batez planteatzen digu pertsonala dena baino gai politikoagorik ez dagoela. Teoria feministak elikatuta, maitasunari buruzko uste eta maneren inguruko hausnarketa oholtzaratu digute ikuslearen gozamenerako. Eta gozamenerako diot, zeren, gurean, komedia generoa eta maitasun kontuak nahasten direnean, bulebarreko antzezlan zaharkitua ikusteko parada handia izaten ohi baitugu antzerkizaleok. Horregatik deritzogu gaiari emandako buelta hau publikoak biziki eskertuko duela.

Gauzak horrela, Amua titulua baino gehiago, azpititulua nabarmendu nahi dugu lerro hauetan: haien lana «komedia sentimental politikoa» dela diote Axut-ekoek, eta bete-betean asmatu dute. Protagonisten bizitzan iraultza politikoa atzean geratu bada ere, iraultza pertsonala egiteko aukera suertatuko zaie Iratiko basoko etxola batean. Udazkeneko asteburu bat elkarrekin pasatzeko bildu dira hiru lagun: Ane, Txolarre eta Aitor; kanpoan, oreinak arramaka, gizonezkoen begiak maitasunak txolinduta, desioak txatxanduta baina… Zertaz ari gara maitasunaz aritzen garenean?

Aktoreen hirukoteak primeran funtzionatzen du, konplizitatez, protagonista bakoitzaren nortasuna ondo diseinatu eta antzeztuta dagoela. Bereziki onak dira gizonezkoen arteko elkarrizketa bizi eta lehiakorrak. Apartekoak dira Fuchs anaien hazpegiak —bakoitzak bere estiloari eutsita— zein Anaren, pertsonaia ameslarienaren, musuaren espresioa. Musika eta kantak garrantzi handikoak ditugu antzezlanean; horretan, Maite Larbururen partaidetza azpimarratzekoa da. Instrumentuak taula gainean, esker eta eskuinean paraturik, eszenen arteko trantsizioak egiteko erabiltzen dituzte argi aldaketa koloretsu eta nabarmenaz lagundurik. Erdiko egurrezko tramankulua efikazia handikoa da bere sinpletasunean. Atrezzo gutxi baina esanahi handikoa, jantziak ere oso egokiak. Eta asmakizun eder bat: barreneko horma zuria funtzio bikoitzekoa da; une oro da hor, baina hainbatetan dutxako gortina garden bat balitz bezala azaltzen da, eta besteetan, berriz, proiekziorako pantaila gisa. Azken horretan ikusitako irudiek —ederrak izateaz gain— kulturaren eta naturaren arteko bikoiztasunaren isla esplizitua eskaintzeaz batera, estetika garaikidearekin lerratzen digute antzezlana. Gainera, espazio intimo eta publikoaren arteko muga bezala irakur daitekeen elementua dugu.

Artefaktu teatral txiki honek bertute ugari biltzen dituelakoan nago. Gutako batzuen erradiografia izaki, 2010eko Errautsak gogoangarri hura akordura ekarri, eta beste sentsibilitate berri baten adierazlea dugu Amua, aipatutako haren ifrentzua. Komedia ezaugarritzen duen endredoaz baliatuta, Axut-ek gure izaera eta pentsamenduen aldakuntzaren testigantza gozo — eta aldi berean irmo— eskaini digu, eta eskertzekoa da «pertsonala izango da ala ez da izango» dioen leloari atxikitzen zaion Amua hau.

Erlazionatuak

Fadoak entzuten zituen gizona – Arantzazu Fernandez

Admin

Sisiforen paperak – Agus Perez

Admin

Alferrik ote da?

Admin

Iruzkina egin