“Ama”

2022-05-19 | Maddi Sara Goikoetxea Juanena

Antzezlana: Ama. Ideia eta zuzendaritza (sorkuntza kolektiboa): Marie de Jongh Konpainia. Aktoreak: Ana Martínez, Javier Renobales, Anduriña Zurutuza, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri, Amets Ibarra, Jokin Oregi. Eguna: Martxoak 16. Lekua: Victoria Eugenia Antzokia, Donostia.

Ezagun da Marie De Jongh antzerki konpainiak lengoaia unibertsal bat duela helburu, eta horren adierazle antzezlan honetarako aukeratu duten izenburua; unibertsala bezain partikularra, xumea bezain indartsua… adituek diotenez, horixe da mundu osoko haurrek esaten duten lehenengo hitzetako bat, eta ia berdin ahoskatzen omen dugu: ama.

Hizkuntza eta bereizgarri kulturaletatik haratago doan ulermen edo hunkitze horren bidean, aktoreek maskara “zero” deiturikoa dute aurpegian, guztiz lisoa dena, ezaugarri gizatiarrik gabe, bere horretan inolako adierazpenik ez duena. Paradoxikoki, ordea, horrek are humanoago bihurtzen dituela iruditzen zait: neutraltasun horretatik abiatuta, ezer ez izatetik edonor izatera pasa ahalko balira bezala, pertsonaia arketipikoaren magian sartuz: panpinak diruditen bizidunak edo bizirik diruditen panpinak.

Antzezleen trebetasun fisikoa agerian da, lan honetarako ezinbestekoa dena. Gorputzak bihurtzen dira keinu: arnasaren mugimendua bularrean gora eta behera, barrura eta kanpora, batzuetan motel, bestetan azkar, gehienetan sakon… irribarrearen ordez laztanak, oihuaren ordez, eskuak zabalik. Istorioak pilatzen dituzte gorputzek eta istorio horiek guztiak antzemateko gai gara haiek oholtza gainean ikuste hutsarekin; istorio horiek zeintzuk diren zehazki ez dakigun arren, usaindu ahalko bagenitu bezala, sorginak eskuko lineak irakurtzeko asmoz edukiko lukeen lehen begi-kolpean bezalaxe.

Eszenografiak kontrastea egiten die graziaz mugitzen diren panpinei: haien malgutasun, biguntasun eta koloreen aldean, handiak, zurrunak eta ilunak baitira; gizartearen oinarrien pareko. Errealitate gogor eta gordin horiei aurre egiten ikusiko ditugu pertsonaiak, zaurgarri. Zuzendariaren hitzetan, zaintzaren gaia jarri nahi izan dute erdian, etxe bat “hogar” egiten duen hori zer den, nork egiten duen, eta nola egiten den. “Etxea” eta “hogar” ez da berdin. Elhuyarreko hiztegiak honela itzultzen du: etxe, sutondo, su baxu, familia. Nola esan? Gauza batzuk ezin dira esan. Horregatik bizi da antzerkia, eta horregatik -obra honetan bezala- batzuetan hobe ahoa ixtea. Ea nola moldatzen naizen orduan, hitzez esan ezin dena orain hitzotan islatzeko:

Gure herri eta hirietako kaleetan ez bezala, protagonistak ditugu oltza gainean zaharrak eta umeak. Zaharrek haien dar-dar eta pauso txikien artean beren erritmora gerturatzen gaituzte, eguneroko akzio sinple eta erabat lurtarrak behatu eta kontenplatzera, ohiko dinamika frenetikoekin konparatuta, ia meditazio ariketa bat: “ea nola esertzen den aulki horretan zahar hori”, “ea nola begiratzen duen”, “ea nola uzten duen objektu hori bere tokian”, “ea nola hartzen duen koilara eta eramaten duen ahora”. Izan ere, batzuetan eguneroko eszenatoki sinpleenetan ematen dira bizitzako momentu ederrenak, izar uxoa bezain iheskorrak, harrapatu eta kutxatxo batean gorde nahiko genituzkeen horiek: begiratzeko, gelditzeko, eskua emateko, ukitzeko, burua makurtzeko… modu bat; ez beste mundukoa izateagatik, sinpletasun horren baitan ezkutatzen duen lilura eta (ausartuko naiz) transzendentziagatik baizik: obra honi lotuta hasieran aipatu dudan dualtasunaren paradoxa. Irudi poetikoen bidez giza-harremanen konplexutasuna adierazteko gai izan da oso modu sotilean, estereotipo edo iruditegi errazean erori gabe, eta maitasunaren zein harremanen argi-ilunak taularatu ditu. Soberan litzake aipatzea zentzu teknikoa nola menderatzen duen: argiak, itzalak, musika eta noiz edo noiz txotxongilo erraldoiak fin baliatzen ditu… surrealismoa eta mundu onirikoak ere ezin hobeki txertatzen ditu tinte komikoak dituen drama honek. Hori guztia ez da batere erraza, eta horregatik, maisu-lana iruditzen zait Marie De Jongh-en apustua. Baina batez ere, eragin didan samurtasuna azpimarratu nahi nuke: aspaldian ikusi dudan lan samurrena izan da… eta horrek pentsarazi dit beharbada samurtasuna ez dagoela modan.

Egun hartan, antzezlana amaitu eta txalo-zaparrada baretzean, ondoan eserita nituenek segituen jo zioten galderak formulatzeari: “eta honek zer esan nahi izan du?”, “zer sinbolizatzen du pertsonaia honek?”, “nola ulertu duzue hau?”. Erantzuna duten galderak izango balira bezala, edo erantzun bakar bat. Nire ama gogorarazi zidan, antzerkia ikustera gonbidatzen dudan guztietan, zer iruditu zaion galdetu ondoren gauza bera errepikatzen baitit: “Hau edo hura ez dut ulertu”. Eta aldi berean, ordurako gorputzean pilatuta nituen hainbat hotzikarek irakasle ohi baten hitzak gogorarazi zizkidaten: antzerkia ez dela “ulertu” behar, alegia.