Image default
Kritikak

Ama Kuraia – Amets Aranguren Arrieta

Artikuluaren titulua: “Arratsalde bat antzerkian” (ARGIAn argitaratua, 2021eko martxoaren 14an).

Noiz: otsailak 20
NoN: Iruñeko Gaiarre antzokian

Zinemarekin bezala pasatzen zait antzerkiarekin. Ez naiz askotan joaten, baina joaten naizenetan gogoratzen dut gozatzen dudala eta gehiagotan joanen banintz, are gehiago gustatuko litzaidakeela. Ama Kuraia zuten antzeztekoa Iruñeko Gaiarre antzokian larunbat iluntzez eta azken orduko plan aldaketaren ondorioz erosi genituen geratzen ziren azken bi sarrerak.

Aretarekin (nire giza entziklopedia kulturala) nindoan antzokira eta berak azaldu zizkidan antzezlanaren inguruko pare bat kontu antzokira sartu aitzin: zer nolako kritika onak jaso dituen orain arte eta zein izen handiko aktore arituko diren, besteak beste. Motibatua nindoan.

Hasi bezain pronto harritu ninduen produkzioak. Detailez beteriko eszenografia landuak eta aktoreen jantzi zaindu bezain bereziek batez ere. Ekin zioten antzezlanari. Ez naiz bereziki ona istorioak jarraitzen, erraz despistatzen naiz. Kostatzen zait esplizituki esaten ez dituztenak ulertzea eta badakit nire arazoa dela, ohitura falta edo. Kontua da minutuak pasa ahala gero eta galduago nengoela, ezin hariari heldu. Lagunaren belarrira hurbildu eta “Areta, agobiatzen ari naiz, ez naiz ezer ulertzen ari” xuxurlatu nion.

Eta ezin barreari eutsi. Aretarendako ere zaila ari zen izaten istorioa segitzea eta horrek lasaitu ninduen hein batean. Aitortu behar dut ez nuela istorioa ezagutzen batere, ez nekien zeri buruzkoa zen, ez norena ezta noizkoa ere. Eta galdera bat etorri zitzaidan orduan burura. Ulertarazi behar al dio antzerkiak kontatu nahi duena deus ez dakienari? Ala publikoak jakintza minimoa izanen duela suposatuz eraikitzen da pieza?

Ez genuen etsi eta adiago egoten saiatu ginen, detaile guztiei erreparatuz. Bat-batean konturatu nintzen sekula pasa ez zitzaidan zerbait ari zitzaidala pasatzen: ez nintzen gai obra geografikoki eta denboran kokatzeko. Euskarak ere ez zidan pistarik ematen. Zaila behar du gero eszenografia atenporala lortzeak.

Ia eszena bakoitzaren aurretik mezuak ageri ziren, pasako zena aurreratzen zizkiguten paragrafotxoak. Eta, tarteka, kantak ere sartzen zituzten, obrarako sorturikoak, protagonistek kantatuak. Barneko arropetan Forever young kantatuz eman zioten bukaera bi ordu pasatxo irauten duen antzezlanari, haien atzeko paretan mezuak eta irudiak proiektatzen zituzten bitartean. Gerretan zenbat jende hiltzen den zioten mezuek, garai batean ehuneko zenbat ziren militarrak eta zenbat herritarrak eta nola dagoen kontua gaur egun, besteren artean.

Horrek lagundu zidan antzezlanaren parte handi bat ulertzen, baina, aldi berean, are gehiago deskolokatu ninduen. Gehiagotan joan behar dut antzerkira.

Erlazionatuak

Ikimilikiliklik – Agus Perez

Admin

“Orereta meets Gasteiz” – Agus Perez

Admin

Porno vs Afrodita – Agus Perez

Admin

Iruzkina egin