“Ama”

2022-03-18 | Agus Perez

(Berria-n argitaratua, 2022ko martxoaren 18an).

Artikuluaren titulua: “Semea”.

Konpainia: Marie de Jongh. Egilea eta zuzendaritza: Jokin Oregi. Kanpo-begirada: Pablo Messiez. Zuzendari laguntzailea: Ana Meabe. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez, Elisa Sanz. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Argiak: Felipe Ramos. Antzezleak: Ana Martinez, Javier Renovales, Anduriña Zurutuza, Jokin Oregi, Maitane Sarralde, Joseba Uribarri, Amets Ibarra. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Martxoak 16.

Arrakasta handiz aurkeztu da DFeria honetan Barakaldo antzokian estreinatu zen Marie de Jongh konpainiaren Ama. Aurreko lanetan urratutako estilo fin eta bereziari jarraituz Izar, Amour, Alabatxo… arta edo zaintzaren gai unibertsala hartu du konpainiak, eta orain arte bezala—Ikilimikiliklik-en izan ezik— hitzik esan gabe eta aktoreen aurpegiak maskara neutroz estalita kontatu digute denona izan daitekeen istorio gizatiar bat.

Ama esan diote oraingo sorkuntzari, hitzaren gaztelaniazko esangura ere balioan jarri nahian agian —Maita ezazu—, baina protagonista hasierako gurasoen semea eta oraingo alabatxoaren aita dugu. Hala ere, amaren figura beti dago presente, semeak halabeharrez ikasiko duen zaintza lanen erakusgarri.

Eremu eszeniko erdi naturalista erdi enigmatiko batean aurkeztuko zaizkigu pertsonaiak, lehen unean maskararik gabe, eta hortik aurrera haiek jantzita une esanguratsu batean izan ezik. Aipatzekoa da lehenik eta behin eremu eszenikoaren egokitasuna, arestian esandako kalifikatiboak direlako seme protagonistaren bizitza definitzen duten ezaugarriak: mundu errealean tokatu zaio bizitzea, guraso zaharrak eta alaba gaztea bere ardurapean dituela, baina egiatan margolaritzaren esfera irrealean aurkitzen da hobekien bere nahia.

Oregik diseinaturiko kontakizunean txandakatze etengabean etorri zaizkigu guraso zaharren aroa, oraingo alaba gaztearena ere badena, eta protagonistaren umezaroa. Dena izan da finezia handiz aurkeztua, eta erronka handia onartu du egileak sendiko istorio elkarlotuei eta pertsonaien nortasun eta bilakaerari sinesgarritasuna eta dentsitatea emateko. Hezur-haragizko protagonistez gain, tamaina errealeko panpina batzuek ere jokatu dituzte unean uneko rol batzuk, eta txabusina zuriz jantzitako hiru laguntzailek eszenografiako atal batzuk desplazatu, margolariaren mihisekin jolas politak deskribatu eta bizitza eman diete panpina handiei. Bestetik, beltzez jantzitako lau figura misteriotsuren esku geratu da norberaren mamuak irudikatzeko zeregina.

Azkenik, esan beharra dago musika-pasarteek, aktore guztien lan zehatzak, isilaldiei emandako garrantziak eta ekintza guztien erritmo lasaiak unibertso poetiko bilakatu dutela berez garratza zen protagonistaren egoera korapilatsua.