“Album”

2022-05-19 | Maddi Sara Goikoetxea Juanena

Apirilaren 28an, Hernaniko Biteri Kultur Etxean

Antzezlana: Album. Ideia: Formol Laborategia. Zuzendaritza: Edurne Azkarate. Antzezleak: Intza Alkain eta Mikel Ibarguren. Eguna: apirilaren 28a. Lekua: Hernaniko Biteri kultur etxea.

Txiklea mastekatzen sartu naiz antzokira. Ordura arte ez nuen horrenbeste nabaritzen baina txiklea xehe-xehe eginda daukat ahoan eta indar-bulkada batek are gehiago xehetzera bultzatzen nau: kosk, kosk, kosk! gogor eragin masailezurrari. Batzuetan, arratsaldetan, antsietatea sartzen zait, ez dakit zergatik, arratsaldea gauaren iragarle izango balitz bezala. Hau idazten ari naizen bitartean pentsatzen dut ea kronika bat hasteko modu egokia den, ez ote den xelebreegia, egozentrikoa. Amak behin nire intimitatea azaleratzen nuen partea kentzeko gomendatu zidan, gaiarekin zerikusi zuzenik eduki ez izanagatik, edo, nolabaiteko “objektibotasun” horretatik urrundu nintzelako… “objektibotasun” komun bat omen dago denon interesekoa dena; norberak sentitzen duena adierazi daiteke baina ez edonola, jakin behar da norbere iritzia nola txertatu, edo, badaude beste espazio batzuk horretarako. Badaude?

Zer pentsatzen dugu gazteok? Mikrofono bat eszenatokiaren erdian. Aurrekarien oihartzunak manifestazio doinua dakar, egun dekadentzian eror daitekeena, lekurik aurkitzen ez duena, edo zentzu existentzial bat agortu zaiona. Ez, guri ez zaigu ohorezko belaunaldi bat izatea tokatu: bizipoza eta freskotasuna kontagiatzen duena, ez gara protagonistak, aitzindariak, iraultzaileak. Guk, ez dakigu gu nor garen ere -maska, maska, maska txiklea-.

Obra honetan ostruka hartu dute maskotatzat. Ostrukak burua lur-azpian sartzen duenean ez du errealitatetik ihes egiteko asmorik – errealitatetik ihes egin nahi izana erabat zilegi bada ere -, kontrara, jan bila dabil; edota zulo bat egiten, kabia sortzeko. Garaiak aldatu dira eta aldatzen jarraitzen dute: gizartearen oinarriak erori diren honetan etxea berriro eraikitzeko bidean gabiltza… eta hainbat heriotzaren testigu izan ondoren, oraindik ez gara jaio.

Ur handitan aritu dira Intza eta Mikel eszenatoki gainean, publikoari begira, baieztapen baino galdera gehiago aurpegiratuz. Barrea eta itolarria konbinatu dituzte, kolore pasteleko txandala soinean, egungo gazteen infantilizazioa umoretsu barneratuz. Umorea eta absurdoa muturreraino eraman dituzte, hainbeste, ezen, antzerki inprobisazioko ariketa bat dirudien. Segundo gutxitan algara arinena ilundu egiten zait, eta, irribarrea oraindik aurpegian, ohartzen naiz sartu didatela angustia, testigu naizen hori jada ez dela hain barregarria… edo gauza bera baina alderantziz. Trantsizio azkarrak, harrigarriak, publikoaren aurreikuspena oztopatzen dutenak.

Belaunaldi galdu bat gara? Norbera bere galdera indibidualetan galduta dagoena? Galdu dugu geure burua, ez dakigu nor garen, eta ondorioz, ez dago “gu”-rik, ez dago kolektiborik? Pribilegiatuon krisi existentziala ote? Izan ere, ausartu gintezke kexatzera? Eskubiderik dugu horretarako?

Antzezleak laukizuzen batean daude paraturik, argi fosforitoz markatutako laukizuzenean. Laukizuzen dotorea, alaia, koloretsua, baina laukizuzen, finean. Arrainak arrainontzi batean lez. Inoiz itsasorik ezagutu ez duen arrainak maite al du arrainontzia?

Pentsatzen dut askatasunean eta nola antzerkia, nire ustetan, aske izateko jaio zen: Eremu seguru gisa, testuinguru bat non zilegi izan daitekeen edozer gauza azaltzea, gizartearen arauak kontuan hartu gabe, edo, hain justuki ere, horiek zalantzan jartzeko asmoz. Halere, antzerkia egiteko ereduak sortu ditugu eta eredu horiek tresnak ematen dizkiguten hein berean mugatu ere egiten gaituzte. “Album” ikustean eredu hertsi horiek hautsi dituztela sentitu dut, azkenaldian ikusi dudan lanik autentikoena iruditu zait, agerikoak diren arrazoietatik gaindi.

Beharbada gazteok ez gara beste belaunaldiak bezain desberdinak. Antzeko helburua izan dezakegu: Zaharkitua dena haustea, berriari bidea egiteko.