Artikuluaren titulua: “Omenaldi emanaldia” (Berrian argitaratua, 2020ko ekainaren 12an).
Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Ekainak 10.
Koronabirusaren krisiaren ondorioz azken hiru hilabeteotan itxita egon ostean, herenegun zabaldu ditu berriz ere ateak Donostiako Viktoria Eugenia antzokiak, eta lehen saioari Zero emanaldia deitu diote, haren helburuak, arte eszenikoei bainoago, beste xede batzuei begira egon direlako. Haietariko lehena antzokiko osasun-neurriak probatzea izan da, eta alde horretatik besaulkien desagertze alternoa izan da neurririk ikusgarriena.
Hala ere, beti da komeni gauza berriak benetako ikusleriarekin probatzea, eta xede horretarako kolektibo ezin egokiagoa da osasungintzako langileena. Egia da beste sektore asko egon direla aste hauetan arriskuaren lehen lerroan, baina ukaezina da osasungintzakoek ikusi dutela beren begiekin jende askoren mina eta bizitza askoren galera. Beraz, arlo horretako gonbidatuek bete dute aretoa, eta haien omenez egin da gala izaerako zero emanaldia.
Horrek, ordea, ez du kentzen ezinegonak bizirik jarraitzea, are gehiago azken egunetako kutsatzeak ikusita —haien erdiak osasungintzako beharginak—, eta horren seinale izan da sarrera nagusiaren aurreko espaloian langile batzuek pankarta bati eutsi izana, menos homenajes, más protección (omenaldi gutxiago, babes gehiago) leloarekin. Beheko lerroan beste zerbait zekarren euskaraz, letra txikiagoz idatzita, baina ezin izan dut irakurri, aretora zetozen ikusleek eragotzita.
Eta galari begira, zer? Tira, esan bezala, hasieratik ez zegoen helburu artistiko handirik, baina, hala ere, arte eszenikoetako pieza polit batzuk elkartu dituzte zero emanaldirako, eta nik behintzat —hiru hilabeteko egarriak jota—, gogoz edan dut agertokitik eta txukuntasun osoz eskaini digutena. Jaime Otamendi beteranoak gidatu du emanaldia, eta artista fisikoen txanda heldu aurretik artistak benetakoak izan direla esan behar izatea ere! Donostia Kulturak hilabeteotan egindako ahalegin sistematikoa aurkeztu da bideo-proiekzio batean. Egia da arlo askori eutsi dietela —idazleen presentzia, umeentzako ipuinak, Antzokia Etxean egitasmoa…, eta niretzat behintzat erreferente izan direla, BERRIA Aretoarekin batera, isolamenduari aurre egiteko.
Bideoaren ostean etorri den pasarte antzeztu eta dantzatua Sara Cozar, Aitziber Garmendia eta Igor Calongeren esku egon da, eta benetan inspiratuak eta bikain gorpuztuak iruditu zaizkigu bai hiruren pertsonaiak, bai dialogo dibertigarriak. Ea abiapuntu horretatik tiraka sortzen den hemendik gutxira pieza luzeagoren bat, eskertzekoa baita oraingo hau gaiaren kontura sor daitekeen hipergluzemia kutsutik urrundu izana.
Antzerkia eta dantza konbinatu dituen atal horren ostean, Kresala dantza taldearen agoteak, fandangoa eta arin-arin bat etorri dira, eta amaierako Orfeoi Gazteak antzokiko galeriatik abestu ditu Leonard Cohenen Hallelujah eta Gatiburen Euritan dantzan, agertokiko piano joleak lagunduta. Anartean neurrikoak izan dira Eneko Goia alkatearen eta Arantxa Aguilo Donostia Ospitaleko Larrialdi Zerbitzuko buruaren hitzak, eta, amaiera solemnea gauzatzeko, Orfeoi Gaztearen Agur Jauna-rekin zutitu gara guztiok gure eserleku bakanduetatik.