Izenburua: Olagarrua. Sorkuntza kolektiboa. Dramaturgia laguntzailea: Maialen Diaz Urriza. Antzezleak: Maitane Perez, Nerea Arriola, Olatz Beobide. Kanpo begirada: Iraia Elias, Amancay Gaztañaga. Tokia: Hernani, Biteri Kultur Etxea. Eguna: Apirilaren 25.
Euskal Herria, ba omen da leku bat -beharbada beste edozein leku baino gehiago- non errua metatzen den. Erruz gainezka eztanda egiten digu bihotzak, baina kanpotik denak dirudi bare, irribarretsu, garden. Itsasoaren kolore urdinak, ordea, ezin du ezinbestean itsas-ertzera azaleratzen den tinta beltza baztertu. Haren testura likatsua azalera pegatzen zaigu, gure aurpegietara keinu higuin bat ekarriz. Olagarruak sententziatu zaitu: erruduna zara!
Maitane Perez, Nerea Arriola eta Olatz Beobide antzezleek dena emango dute antzokiko besaulkietan eserita dauden Euskal Herritarrak kulpa guztietatik behin-betiko libratzeko ahaleginean. Izan ere… zu ere erruduna zara, ezta?
Euskal identitatearen argi-ilunak, irriak eta erruak -batez ere, erruak, premia hori dugu-eta- ikertzera abiatu ziren sorkuntza prozesuaren hasieran Zumaiako herrira, “Geuretik Sortuak” bekari eskerrak. Bertan, herritarrekin gaiaz sakonki solastu ondoren, euskal erruak identifikatu eta horiek akabatzeko exorzismo bat asmatu dute taula gainean, pertsonaia bakoitzak bere estiloan. Funtzionatuko al du erritualak? Norberak jakingo du, bere barrenetan, tinta beltzak zenbateraino zipriztintzen duen, baita hura garbitzeko gai izango den ere… Baina gauza bat argia da: erruaren kontura irri egiteak errua txikitzen, samurtzen, goxotzen edo biguntzen laguntzen duela. Hortaz, dudarik gabe, esango nuke Olagarruaren esperientziatik igaro ondoren, ikuslegoa arinago atera dela antzokitik.
Esan izan dugu abesten ez duen herria ez dela inoiz hiltzen, ezta dantzatzen duena ere. Igual gehitu beharko genioke: erruak azaleratzen dituena ere ez. Haiek uxatu ahal izateko, lehenengo agerian utzi behar baititugu. Beraz, eskerrik asko, olagarro! Eta eskerrik asko, Olatz, Maitane, Nerea: arrantzale eta antzezle, Euskal Herriko erruei kasu egitearren.