Antzezlana: Etxea. Taldea: amaHiru konpainia. Antzezleak: Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi eta Iñaki Cid. Zuzendaritza: Jon Ander Alonso. Testua: Iñaki Cid.
Geuretik sortuak programari esker, zenbait proiektu eszeniko hauspotu ditu Udalbiltzak. Hirugarren ediziotik doan ekimen hau benetan polita eta interesgarria iruditzen zait. Sortzaileentzat, bistan da, oso positiboa da euren proiektuak garatzeko eta erakusteko aukera eman dielako; baina publikoaren aldean ere oso eraginkorra delakoan nago, espazio eta ikusle berriak lortzen laguntzen duelako.
Iragan igandean amaHiru antzerki taldeak Larrabetzuko eskolako jangelan antzeztu zuen Etxea obra. Taularik ez, eszenatokiaren atzean gortina sinple batzuk, plastikozko aulkiak ikusleentzat, eta areto osoa inbaditzen zuen jantoki janariaren usain sarkorra. Sarrera librea izanda, jangela-antzokia umez beteta zegoen (gehienak neskak, bide batez esanda); haur txikitxoak titiari atxikita eta koskorrak tarteka mugitzen, hitz egiten edo sartu-irten egiten aretotik.
Lehenengo gogoetan batek pentsa dezake hori ez dela lekurik egokia antzerkirako; alde estetizista bati pizten zaio eta pentsatzen du Shakespeareren arte handiak antzezleku solemneagoak eta giro serioagoak behar dituela. Zorionez berehala pasatu zitzaidan tonteria konturatzeko hain zuen ere horiexek direla arteak, oro har, eta (gure) antzerkiak, konkretuki, konkistatu eta inbaditu behar dituen espazioak. Herri txiki baten egunerokotasun xaloan txertatuta; familien errutina naturalean tartekatuta; merienda, parkeko txirrista eta afariaren artean aurkeztua; euren kabuz antzerkira joatea erabaki duten umeen aurrean, eta kausarako irabazitako espazio publiko batean; ba ote da, berez, hori baino eremu hoberik amesten dugun antzerkiarentzat? Ez, duda barik.
amaHiru taldeak paisaia paregabe horretan aurkeztu zuen Etxea antzezlana, eta oso tarte atsegina pasarazi zigun jangelan bilduta geunden ikusle guztioi. Tonu dinamiko eta bizi batean, egungo gizartean oso sentsibleak diren zenbait gaietatik igarotzen da lana (lan prekarietatea, etxebizitzaren krisialdia, zaintza… besteak beste). Komedia samurretik eta drama hurbilaren artean mugitzen da aktore hirukoteak, kohesio eta elkar-ulertze handia erakutsiz taula gainean. Eszenografia nahiz atrezzo soil baten laguntza nahikoa da zenbait egoera dramatikoetatik erraztasun eta xalotasun handiarekin publikoa eramateko. Oso harreman hurbila sortzen dute hasieratik ikusleekin –kasu honetan espazioak lagunduta, noski–, eta beronen arretari eusten diote bukaerara arte –baita aspektu honetan hain exijenteak diren 10 urteko ikusleena ere–. Aktoreak ilusio handiz aritzen dira eta barruko gozamen hori ikusleei heltzen zaie.
Aipamen berezia eskatzen du obraren testuak. Bitxia eta interesgarria baita istorioak egiten dituen bihurguneak lur orotako bidaia honen zehar; satira soziala diruditen momentuak, absurdo ukituak dauzkaten elkarrizketak, autofikziozko une barnerakoiak, edota iraganeko sekretuetan ikertzen dituzten eszena klasikoagoak. Izan ere, idazteko orduan ere askatasun handia antzematen da; helmuga jakin batera heltzeko ezta genero batean geratzeko autoinposiziorik ez. Osagai horiek guztiak batuta, ikuslearentzat oso emaitza atsegina eskaintzen du obrak.