Soka fin gorri batez

2024-11-18 | Agus Perez

Antzezlana: Paktua. Ekoizpena: Loraldia gaztea. Dramaturgia eta antzezleak: Maria Iturbe, Maialen Ramirez. Lekua: Bilboko Bira kultur gunea. Eguna: Azaroak 14.

Soka fin gorri batez lotuta agertu dira Paktua izeneko antzezlan laburrean Maria Iturbe eta Maialen Ramirez, kamiseta tirantedun zuriak eta praka beltz dotoreak jantzita. Bata bestearen atzetik kokatu dira, eta beren lehen pausoetan aurrerantz egin dute musika inguratzailean bilduta, atzekoak aurrekoaren hankartetik burua lehen eta gero gorputz osoa ateraz, eta segida horretan argi utziz amarengandik alabarengana doan lotura beti errepikatua baina beti desberdina.

Jarraian etorri den eszenan soka gorriak lotzen zituen bi protagonisten gerriak, baina bakoitzak korrika egiteari ekin dio bestearengandik urrundu nahian. Plastikoki erakargarria eta metaforikoki ona egin zaigu bigarren eszena hori ere, eta hura amaituta hasia nintzen pentsatzen agian hitzik gabeko emanaldi batean nengoela, baina ez. Eta hobe horrela, horrek esan nahi duelako hitzak behar izan direnean erabili dituztela, betiere neurrian, ez gehiegi ez gutxiegi, jakitun izanda hitzen erabilerak testu on baten beharra duela, eta haiek, sen onez, nahiago izan dute hitzen ekonomiari jo, baina gauza esanguratsuak esan, ez beti hitzekin.

Emanaldiak erritmo naturala izan du, bizigarria baina ez biziegia, eta ondo egokitu da planteatzen ziren egoerei. Haien artean benetan dibertigarria eta freskoa izan da leotardoen koadro berez komikoa, non biek ezin hobeto planteatu duten emakumeen apaintasun behartuaren gaia. Amatasunarena eta jaio berriarekiko menpekotasuna ere oso era plastikoan ekarri dute taulara, eta horretan ere jokatu du kordoi gorriak bere funtsezko rola.

Baina ama eta alabaren arteko harreman ez beti errazak amaiera aldera erdietsi du bere betetasuna, garai bateko alaba erreboltariak ama zahartu eta ahulduaren gorputza amultsu eta maitekiro garbitu duenean. Eszena hunkigarria, benetan, eta maila bikainekoak iruditu zaizkigu gero etorri diren oheratzea, alabaren kezka aurpegia eta amaren joana, hari gorritik tiratuz hura eten arte.

Baten batek esan lezake dena kontatu dudala lerrootan. Eta egia da kasik. Nik, ordea, zera esango nioke balizko irakurle horri: joateko ikustera, funtsezkoena ez baita zer kontatu duten, nola kontatu duten baizik. Emanaldira etorri direnek ere horrela ulertu eta txalo bero bereziekin eskertu dute gaiaren tratamendua eta eszenaratzearen finezia.