UMOREAREN TIRANIA
Konpainia: Tartean. Testua eta dramaturgia: Patxo Telleria. Zuzendaritza: Patxo Telleria, Jokin Oregi. Zuzendari laguntzailea: Aitor Borobia. Eszenografia eta jantziak: Ikerne Gimenez. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Antzezleak: Patxo Telleria, Olatz Ganboa, Getari Etxegarai, Adrian Garcia de los Ojos. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 26.
«Hemen
umorearen diktadurapean zaudete!», esan digu hasierako minutuetan Olatz
Ganboak Fritz Grunbaum umoristaren rola jokatuz. Alemania naziaren
urteetan gaude, Berlingo kabaret batean, eta denok dakigunez, erregimen
autoritarioek ez dute umorea maite: badakite haren bidez jasangarriagoa
dela zapalkuntza, eta beren benetako nahia da zapalkuntza jasangaitza
izatea. Bestela, beren jaiotzetiko sadismoa ez da erabat asetzen. Eta
horrek frustrazioa eragiten die. Gizajoak.
Arriaga antzokian estreinatu berri den Simplicissimus honetan
garai eta hiri hartako kabaret batean aritutako hiru artista
berreskuratu dira, eta haien bidez birpasatu urte haien bilakaera, gure
aroan lezioren bat atera daitekeelakoan. Xede horri begira ezagutu
ditugu Fritz Grunbaum, Kurt Gerron eta Werner Finken figurak. Lehenengo
biak sarraski-esparruetan hil zituzten eta Fink bizirik irten zen
gerratik. Brechtek berak dedikatu zion olerki bat —Eulenspiegel überlebt den Krieg
(Eulenspiegelek bizirik dirau gerra amaitu ostean)— eta polita da
jakitea Till Eulenspiegel oso pertsonaia maitatua dela alemaniar kultura
herrikoian, eta arau-hausle porrokatua dela, axolagabekeriaren
pertsonifikazioa izateaz gain.
Taula gainean Olatz Ganboa, Getari Etxegarai eta Patxo Telleria agertu
dira lehen esandako hiru umoristak hurrenez hurren gorpuzten, eta
teklatuetan Adrian Garcia de los Ojos aritu da, musikak eta abestiek
erabateko presentzia izan baitute emanaldian zehar. Hala ere, eszena
batzuetan beste pertsonaia batzuk jokatu ditu musikariak, eta bitartean
Telleriak interpretatu ditu pianoan unean uneko melodiak. Ikusten
dugunez, bi emakumek jokatu dituzte umorista biren rolak, kabaret-arloko
ohiko itxura androginoari jarraituz. Gainera, oso txukuna eta
erakargarria suertatu da lau interpreteek beren pertsonaiei emandako
maila, makillaje egokiak lagunduta eta pertsonaien diseinu maitagarrian
oinarrituta.
Alde eszenikoei begira, sei argizko aterekin egindako zirkulu-erdia izan
da elementu nagusia, eta efikaza izan da, soil-soila izan arren. Erdian
plataforma birakari bat kokatu da hiru umoristen agerraldietarako, eta
haren mutur batean pianistaren lekua jarri dute. Horri guztiari jantzien
egokitasun soila gehitzen badiogu, esan dezakegu oso elementu
gutxirekin erdietsi dela emanaldiak eskatzen zituen egoerak girotzea.
Azkenik, aipatzeko modukoak dira amaierako kanta eta esaldiak: «Ez dugu
ikasten», diosku Finkek Telleriaren ahotan, iradokiz orduko gertaerak
errepikatu daitezkeela gaur egun ere.