Artikuluaren titulua: “Tripetatik”. Antzezlana: Platea. Ideia eta zuzendaritza: Tripak kolektiboa. Aktore sortzaileak: Natalia Suarez, Marina Suarez, Andrea Berbois, Maite Muguerza, Garazi Navas. Kanpo begirada: Mayi Martiarena. Eguna: ekainaren 12a, Errenteria/Oreretako Eztena jaialdian. Lekua: Lekuona.
Haien obratik “burua garbi” atera nintzela esan, eta keinua egin dut bi eskuetako hatzekin bekokian: erdialdetik bazterretara, lokatza eduki eta hura barreiatuko banu bezala. Bihotza dardarti, baina burua, adimena, gogoa… Motel.
Liluratuta. “Zer ikusi dut?” Ez dakit, eta ez dut zertan jakin. Idatzi izan dut kroniketan, sarritan aipatu eta amari bereziki -haren arrazionaltasunagatik- errepikatutakoa: “Antzokira zoazenean ez duzu zertan dena ulertu behar”; baina onartu beharra daukat ezin ulertu horrek niri ere eragiten didala deserosotasunik. Ulertu nahi dudala, ulertzeko premia dudala, eta gogoa horretara joan ohi zaidala, esanahien eta istorioaren lihoaren bila.
Tripak kolektiboaren Platea antzezlanak, ordea, oso bestelako sentsazioa utzi zidan. Ezin hitzekin adierazi, gorputza ase: astindu bat eman izan baliote bezala, astindu goxo bat. Esperientzia horri inolako puntu edo komarik gehitzeko asmorik gabe, baina kronikariaren betebeharrari eutsiz, teklatuari eragiten lagunduko didan ideien bila bildu naiz Marina Suarezekin.
Itsasoa taula gainean: ostrak, enborrak, muskuiluak, makiltxoak. Olatuek ekarri izan balituzte bezala, hiru emakume erdi biluzik, gorputzean ostrak pegatuta, ileak aurpegian. Akordeoia, biolina eta koruko ahotsak. Irudi poetikoak, malenkoniatsuak hausten dituzten txantxak, bat-batean: Ei, geu gara, bost antzezle, ongi etorri antzokira. Ez ezazue eztulik egin eta itzali mugikorrak.
Gogotik barre egin dudala aitortu diot, arrazoi garbirik gabe edozerk eragiten zidala egundoko algara, mugimendu txikienak eta keinurik inozoenak. Estruktura bat egon bazegoela sumatzen nuen arren, inprobisazio etengabea iruditzen zitzaidala: kaotikoa, askea, absurdoa. Guztiz zorrotza, halere: bazegoen agian publikoarentzat ezkutuan mantentzen zen zentzu bat, dena lotzen zuena, eduki mamitsu bat. Ezer ez zen ausazko.
Mahai luze bat. Banketea. Mahai-oihal fina. Zilarrezko kopa txikiak eta kubiertoak. Erdi aroko soldadu bat. Bere buruaz beste egiten duten pertsonaiak. Heriotza eta bizitza. Jainkoa. Dena batera, nahastuta eta gaurkotua. Ikuslearengandik hurbil, humorez kateatuta.
Suarezek sorkuntza prozesuaren berri eman dit, gaiaren eta pertsonaien lanketaren nondik norakoa argituz. Hala berretsi ahal izan dut aurretik intuizioz jasotakoa: istorio potente baten aurrean gaude.
Bueltan esan diot, dena dela, ez nukeela ezer aldatuko: nire buruan jakin berri dudan honek ez diola bizitako esperientziari ezer gehitzen, ez ezer kentzen. Halakoak izaten omen dira benetako katarsiak.