Artikuluaren titulua: “Egia zikinak” (BERRIAn argitaratua, 2021eko azaroaren 2an).
Taldea: Mamiak kolektiboa. Testua: Edu Zelaieta. Zuzendaritza: Marina Suarez. Ikus-entzunezkoa: Irantzu Lekue. Ikerketa historikoa: Ander Gondra. Komunikazio arduraduna: Txema Ramirez de la Piscina. Antzezlea: Josune Velez de Mendizabal. Lekua: Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxea. Data: Urriak 29.
Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean sortu da miraria, hango Vital Fundazioarekin batera otsailean antolatu zuten TopArabaren kontura. Deialdira aurkeztu ziren zientoka egitasmoen artean batzuk aukeratu eta haietariko bat dugu Ogiak hizketan baleki aurreratu, garaikide eta artegagarri hau, Txema Ramirez de la Piscina kazetari eta ikerlariaren buru-txinparta miresgarri bati esker. Izan ere, Gasteiz, herioaren hiria erakusketan Jose de Elosegiri egindako aipamenak piztu zion Ramirez De la Piscinari lan honen jatorrizko ideia.
Jose de Elosegi oñatiar okinak desertzio-sare erraldoi bat antolatu zuen lehen karlistadan eta, bestetik, ogi pozoitua eman eta Gasteizen zeuden 8.000 soldadu ingelesetatik 1.500 hiltzeaz izan zen akusatua, torturatua eta garrotean hila. Berak desertzio-sarearena aitortu bai, baina ogi pozoituarena ez zuen inoiz onartu. Uste izatekoa da ingelesen mendeku bat izan zela, haien tropetako hiltze-tasa itzela —tifusa, jaki ustelduak, hotz ikaragarria…— hala edo nola zuritzearren. Azken finean, hobe zen desertzio sarearena ez hauspotzea: okin pozoitzailearen kontua askoz hobeto zetorren bat jende xehearen morbo egarriarekin. Egiak, garbiak; gezurrak, zikinak. Egia zikinak orduan ere zebiltzan ahorik aho, beti boteretsuen mesedetan.
Okinaren testamentuan agertzen den Josefa de Mujika, Gasteizko bizilaguna —Elosegiren emaztea— aiputik tiraka eratu da oraingo kontakizuna, eta alargun haren ikuspegitik nahiz gaurko prisma batzuetatik aztertu ditugu orduko gertakizunak. Sortzaileek libreki eta sormen-ikuspegi zabaletik jokatu dituzte euren kartak, ikerketatik irtendako datuei tratamendu jostagarria emanez askotan, orduko Josefa eta oraingo Josuneren arteko harreman dialektiko polita ezarriz, egia-ostea eta fake news direlakoak zorrotz biluztuz eta erantzunak bainoago elkarri eta ikusleoi botatako itaunak eginez. Dena ere Suarezen sormen aberasgarrian eta Velez de Mendizabalen gaitasun eszeniko harrigarrian oinarrituta eta objektuen, argien, irudi proiektatuen eta soinu-eremuaren esanguran bermatuta.
Kazetaritza performatiboa deitu diote arte eszenikoen alor nahiko berri honi, eta Argentinako Anfibia agerkari feministaren ekimenean kokatu dute haren sorrera. Bide beretik, Euskal Herrian ildo horretako beste lan batzuk ikusi ditugu daborduko: Galiziako Chevere konpainiaren Curva España-k (2018) maisuki aztertu zituen España abizeneko ingeniari baten heriotza argitu gabea, Espainia eta Galiziaren arteko botere-harreman ilunak eta fake news-ak; Laida Azkona nafarrak eta Txalo Toloza txiletarrak Guggenheimdarrek Txilen egindako espoliazioa plazaratu zuten Extraños mares arden zoragarri harekin (2016), eta bikote beraren Tierras del Sud-Bilduma —Argentinako maputxeen genozidioaz zorrotz jardun zuena— euskaraz eman zen Aulestiko 2019ko ADEL jardunaldietan.