Artikuluaren titulua: “Lubakian eta bakarik”. (BERRIAn argitaratua, 2021eko urriaren 19an).
Konpainia: Atx Teatroa. Ideia, testuak, zuzendaritza eta eszenografia: Atx Teatroa. Kanpo begirada: Ximun Fuchs. Soinu-espazioa: Gartxot Unsain Letona. Jantziak: Marodi Sorkuntzak. Argiak: Ion Chavez. Kartela: Ezequiel Dawson. Antzezleak: Javier Barandiaran, Maren Basterretxea, eta Miriam K. Martxante. Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokia. Eguna: Urriak 15.
Azpeitiko Soreasu antzokian estreinatu du Atx Teatroak bere azken sorkuntza, antzerki arloko sortzaile askoren presentzia eta babesarekin. Ikusmina zegoen konpainia bizkaitarrak estreinaldi honekin eman zezakeenaz, eta beste ezer baino lehen esan beharra dago antzezlan borobila, trinkoa eta aurreratua plazaratu dutela oraingoan ere, hiru antzezleen bikaintasun erabatekoan oinarrituta.
Tadeusz Kantorren estetika gogoratu digun eremu eszenikoa izan da atentzioa eman digun lehen gauza: kanpin-denda urratu batek, lur-zakuekin egindako parapetoak, egurrezko argiztapen-dorreak eta munizio kaxek osatutako paisaian gerlari bakarti hura aurkitu dugu, tai txi ariketak egiten bonba, sirena, eta tiro hotsetan bilduta. Panoramaren erdian hegazkin-pilotu baten gorpua nagusitu da eszenan —Kantorren heriotzaren antzerkia gogoan—, eta haren Ikasgela mortua-ko manikien transposizioa ikusi nahi izan dugu hegazkinlari haren irudi bizigabean eta harekin izandako eldarniozko dantzaldi eta solasaldietan.
Postari gaztearen etorrerak, berriz, Antonin Artauden krudeltasunaren antzerkia ekarri digu gogora une batez, eta argumentuak ez atzera ez aurrera egin ez izana oso La Zarandaren estilokoa iruditu zaigu, talde andaluziarraren lanetan bezala, oraingo protagonista irteerarik gabeko begizta etengabean dabilelako, bere egoeraren preso eta besteen onurarako posizioa defendatzen. Ez dute, ez, balek edo bonbek eroraraziko: bera erori da berak aitzurtutako bizi-lubakian, edo agian bera da libre bizi den bakarra eta gu-geu gara etsaiak aspaldi prestatu zuen kontzentrazio-esparruan preso gaudenak. Edozein kasutan ere, ezuste ederra emango dio bizitzak gure gerlariari, eta heriotzak ere rol ironiko esanguratsua jokatuko du borrokalari zaharraren eta postari gaztearen arteko gatazka konponezinean.
Izan ere, eta aurreko erreferenteen kontrako erara, umore-puntu ugari izan ditu Lubaki lainotsua honek, eta La Zarandakoengan aurkitu ohi ditugun ironia hitsak baino askoz dibertigarriagoak iruditu zaizkigu gerlariak eta pilotuak han-hemenka bota dituztenak. Badakizue, lagunok, inun baino alaiagoa izanen da. Purrustada batzuk solasaldietatik destilatzen zen absurdoan oinarritu dira, eta beste batzuek iturri jarioa aurkitu dute bi pertsonaia helduen gorputz-adierazkortasun landuan.
Gauzak horrela, nik barre askeagoak espero nituen une jakin batzuetan ikusleen aldetik, baina beharbada serioegi hartu dute emanaldiak eskaintzen zien gogoetarako aukera. Zeren eta, egia esan, Lubaki lainotsua ez da komedia bat, horren zantzu ugari dituen arren, kontu sakonetara sendo jotzen duen drama garaikidearen isla baizik.