“Lakoste”

2021-10-12 | Maddi Sara Goikoetxea Juanena

Antzezlana: “Lakoste”.

Taldea: Eneritz Artetxe / Dxusturi teatroa.

Lekua eta eguna: 2021eko irailaren 25a, Igeldoko Herri Eskolan (Donostiako Poltsiko Antzerkiaren barruan).

Kronikaren egilea: Maddi Sara Goikoetxea Juanena.

Larunbat arratsalde-gau partean, “normalena” (zentzu gorrotagarriki “orokor” batean) poteatzea litzateke, baina nik antzerkira joateko plana dut, bakarrik, gainera. Zenbat deja vu etorri zaizkidan burura! Zenbatetan ez naizen arraro samar sentitu arratsaldeko zazpiak aldera Boulevard-a zeharkatzen, antzerkira bidean: jende guztia taberna edo jatetxeetan, kopak airean, bikoteak elkar musuka eta nerabe koadrilak taldean. Ni, ordea, bakarrik, eta (gainera!) antzerkira noa.

Oraingo honetan, ordea, aitzakia perfektua daukat, nire lanaren parte bihurtu baita. Hala ere, erritual elegante bat bihurtu nahi dut eta “erdi apain” joateko helburua ezarri diot neure buruari (“apain-apain” espektatiba handiegiak izango direlakoan): Horra hor non jantzi dudan garbitu berri dudan alkandora zuria, eta bakeroak, eta ustez konjuntoan doazen botak. Baina antza denez, odolean daramat denboraren kudeaketa eskasa, eta erosketa batzuk egitetik bueltan farmazia bateko erlojua begiratuta, ohartzen naiz, gaurkoan ere korrika egin beharko dudala. Dagoeneko molestatu egiten didate botek eta bero gehiegi egiten du. Etxerako lau pisuak arrapaladan igo eta erosketak utzi ostean, lasterka jotzen dut kotxerantz, hamar minutuko distantzian dagoena. Ez dut neure buruan konfiatzen eta egin ditut jada hainbat pelikula: azken momentuko presak ez dira onak, gauzak okerrago egingo ditut, konfunditu egingo naiz, galdu egingo naiz, istripu bat izango dut orain dela gutxi erabiltzen hasi naizen kotxearekin. Imajinatu dut, baita ere, iritsi eta aretoa beteta egongo dela, eta ez didatela pasatzen utziko: Donostia Kulturako web-orrian jartzen baitu aforoa bete arte sarrera librea eta doakoa dela. Nire sarrera erreserbatu ezin dezakedanez, hamabost minutuko aurretiaz iritsi nahi dut gutxienez. Berez ordu erdi lehenago iristea zen helburua, ingurutik buelta bat eman eta lasaitasun mentalarekin emanaldira sartzeko… Horixe errepikatzen diot frustrazioz neure buruari izerdi-patsetan eta ziztu bizian Igeldorantz gidatzen noan bitartean, bi leihatilak irekita eta bi GPS entzuten aldi berean, bata okertzen bada, bestearen bidez irits nadin.

Garbitu berri dudan alkandora zuriak jada izerdi usaina izango du eta ilea bustita, aurpegia gorri, daramat. Emanaldiaren ondoren Eneritz agurtzean neska xelebrea naizela pentsatuko duela pentsatzen dut. Frikia sentizen naiz: Nor iristen da larunbat gau batean antzerkira horrela? Aitzakia on bat behar duzu eta nik ez daukat, pitza batzuk erostera joan naiz Eroskira eta denboraren kontzepzioa galdu dut. Igeldoko Herri Eskolara iritsi eta hiruzpalau pertsona ikustean barre egin dut nire inozentziaren kontura: Itxuraz ez da inongo arazorik egongo aforoaren kontua dela-eta.

Kronika hau modu bereziki zaurgarrian hasi dut: nire frikismoa, segurtasun-eza eta neurosia azaleratuz, horretarako gonbitea egin didala sentitu baitut Lakoste obrak. Eneritz Artetxek oda bat egiten dio ezkutuan gordetakoari, lotsaz estaltzen, politikoki zuzena ez izanagatik ekiditen eta ausartzera esaten ez garen egia konfrontatzaile horiei. Beste nolabait esatearren, denok barruan daramagun krokodiloa -eta bortxaz domatzen saiatzen garen hori- samurtasunez ekartzen du oholtza gainera.

Izan ere, ez al gara samurrak aktoreak? Eneritzek bufoiarekin jolasten du, jolas bat dela azpimarratuz: aktoreok gorrotoa adieraz dezakegu, sentimendu eta emozio ankerrak taularatu, norbaiti heriotza desio… baina antzerkiak permititzen digun plataforma horretan besterik ez. Egon badaude benetan jendea hil, torturatu edo preso sartzen dutenak… eta kasu horietan ez dirudi gizartearen moralari ileak puntan jartzen zaizkionik.

Lakoste-k horixe errepresentatzen du: gizartearen alkandora zuriaren atzean dagoen kiratsa, edo itzala, krokodiloa, iluntasuna, hipokrisia. Zorrotzak eta desafiatzailek dira Artetxeren hitzak, estralurtar baten prismatik epaitzen baikaitu:

Zer da Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren “saria” ? – deialdi honetako lehenengo saria eskuratu du aurten Lakoste-k-. Laudorio moduan hartu beharreko zerbait al da? Txalotuak izan garenaren seinale?

“Hara: Hain da ona zure obra, ezen, lau aldiz egiten utziko dizugu… eta ordainduta, gainera! Esker-onekoa sentitzen zara, ezta? Ez da gutxiagorako…”.

Esaldi honetatik azpimarratuko nituzke “utziko dizugu” eta “ordainduta, gainera!”. Beste komentariorik ez honen inguruan. Obran zentratuz:

Makil batekin kobre itxurako tramankulu bati bibrazioa ateraz hasten da bidaia, gora-gora doan bibrazioa, geroz eta altuago… eta zartakoa! Kanka! Pum-pum! Desatsegina egiten ez zaidan baina limitean dagoen zarata sortarazten du antzezleak. Limitean edukiko gaitu hasieratik bukaerara. Hori ez da momentu bakarra izan publikoarenganako kezka sumatu dudana: egoera sozial deseroso batean zaudenean sumatzen den bezalaxe. Gogoratu naiz aretoan haurrak daudela, eta imajinatzen dut zer zegoen gurasoen buruetan antzerkira joateko espektatiba horien atzean: “Polita izango da…” edo halako zerbait. Haien deserosotasuna imajinatzeak deseroso sentiarazten nau. Baina deserosotasun hori ez da zurruna: urduritasun bulkadaz sentitzen dut gorputza, egin nahi duzun baina ausartzen ez zaren hori egitean bezalaxe, kitzikagarria da, dibertigarria: Eneritzen umoreak, mugimendu, soinu eta keinu ez-ohikoek, barre algaraz lasaitu dizkigute giharrak, eta hartara irekiago gaude, erlaxatuta haren hausnarketak jasotzeko: gizarteak arteari dion mespretxua, menopausiaren inguruko ezjakintasuna, familia eredu estandarra…

Apustu ausarta egin du Artetxek, erraietakoa ateraaz. Aitortu du ez dakiela interesgarria, barregarria den hari gertatzen zaiona. Nigan badu jarraitzaile bat. Eta izan bada, izan da, autentikoa. Eta horrek ez du preziorik.