Kaskarot

2019-12-11 | Agus Perez

“Ispiluen metafora”

Ekoizpena eta zuzendaritza: Atx teatroa. Testua eta musika: Gartxot Unsain Letona. Eszenografia: Atx teatroa. Jantziak: Marodi Sorkuntzak. Antzezleak: Natxo Montero, Gartxot Unsain Letona, Maryse Urruti, Jon Koldo Vazquez. Lekua: Basauriko Social antzokia. Eguna: Abenduak 8.

Auñamendi entziklopedian ikusi dut kaskarotek Lapurdiko kostaldean finkaturiko gutxiengo nahiko integratua osatzen zutela. Gehienbat arrantzan eta arrain-salmentan jarduten zuten eta ezagunak omen ziren beren arropa koloretsuengatik eta dantzarako zuten zaletasunagatik.

Kaskarot izenarekin bataiatu du Atx Teatroak haur-antzerkian sortu duen lehen obra, onarpen bikainarekin estreinatu berri dena, bide batez esanda. Kostaldeko Angelugoiti izeneko herrixka hipotetiko batean kokatu da ekintza, eta hango Aner gazteak zigorra jasoko du indarrean dagoen dantza-debekua hausteagatik. Hortik aurrera, Anerrek bere baitako mamuei eta gizarteak ezarritako arau murritzaile absurduei egin beharko die aurre, baina bidean Kaskarot izeneko kaskarot bat aurkitu eta haren laguntzarekin lortuko du bere baitako pozak eta penak, seriotasuna eta alaitasuna, arauekiko errespetua eta haien urratzeak orekatzea.

Gartxot Unsain Letonak idatzitako testuan agure itxurako pertsonaia batek aurkezten dizkie umeei istorioaren hasiera eta amaiera, eta bien arteko tartean plano diskretu batean egon da egile eta musikaria, gehienetan gitarra elektrikoarekin musikak jotzen eta egoerak girotzen —eskusoinua ere jo du une batean edo bestean— eta askotan magia eszenikoa sortzen soinu-efektu delikatu eta zehatzekin.

Zalantzarik gabe, elementuen arteko kohesioa da lan honetatik gehien nabarmentzen dena, eta haietan aipamen berezia merezi du jantzien diseinu aurreratuak: hasiera batean gris gamako tonuak izan dira nagusi —gristasuna da arauak itsu-itsuan betetzeak dakarrena—, eta ukitu poetiko malenkoniatsua eduki dute Anerren zigorrean albo banatan egon diren bi pertsonaien arropek. Bestetik, mami handikoa da ispiluen bidez eratu den metafora, azken finean haietan ikusten duguna geure nahiak eta ezinak izaten baitira.

Bestetik, asmatze ona izan da hiru antzezleen aukeraketa: Natxo Monterok —beti zorrotza bere dantzari ibilbidean— bere presentzia eszenikoa eta keinu-definizioa ekarri ditu sorkuntza honetara; Jon Koldo Vazquezek eskarmentu zabala dauka gaztetxoentzako lanetan —Arabako Pikor teatroarekin batez ere—; eta Maryse Urruti lapurtarrak txundituta utzi gintuen hango Hecho en Casa konpainiaren IZPILIKU sasi gibelean gordeturik, Cyranok lixibaren usain ona zuen izen laburreko ederlan miresgarri hartan.

Esandako guztiari ikuste-efektu politak, Atx Teatroaren ildoko tramankulu eszeniko artegagarriak —ispilu birakariak, garai bateko op-art estetika…— eta han-hemenkako txantxa eszeniko asmotsuak gehitzen badizkiogu, ume txikiek zein helduok sano gozatu dugun emanaldi buruargi baten aurrean aurkituko gara. Gomendagarria benetan, bitan ikusteko modukoa.