Jaime Valverdek Rikardo III eta ni antzezlanari buruzko iruzkina idatzi du.
Antzezlana: Rikardo III eta ni. Zuzendaritza artistikoa: Igor de Quadra / Horman Poster. Idazketa dramatikoa: Eneritz Artetxe Aranaz / Dxusturi Teatroa. Oinarritzat hartutako testuaren autorea: William Shakespeare. Rikardo III.ren laginen euskaratzea: Xabi Paya. Ideia eta sorkuntza eszenografikoa: Horman Poster / Igor de Quadra. Laguntza eszenografikoa: ATX Disenua eta Sorkuntza. Antzezleak: Leire Ucha, Ion Zumelaga, Eneritz Artetxe Aranaz. Dantzaria: Pette Jaragoyhen. Argiztapenaren diseinua: Amaia Yurrebaso. Jantziak: Alberto Sinpatrón. Soinu espazioa: Asier Renteria, W. Walton, A. Bruckner, Pette Jaragoyhen, Xiberoots. Argazkiak: Ainhoa Resano.
Rikardo erregeari buruzko testua ez da Shakespeareren beste obra handi batzuk bezain ospetsua, baina hala ere xarma handia sortu izan du betidanik anti-heroi batez egiten duen irudikatzeagatik eta, batez ere, hasierako bakarrizketa zoragarriagatik. Kasualitatez aurten beste bertsio bat eraman dute taulara; bata, Arriaga Antzokiak ekoiztua aurrekontu handiarekin eta bestea, hauxe, Dxusturi Teatroak eta Horman Posterrek sortutakoa, baliabide xumeekin baina oso planteamendu interesgarriarekin.
Baina nola taularatu Shakespearen testu bat gaur egun? Ez da ohikoa obra klasikoak gure hizkuntzan ikustea oholtzan, erronka handia dakartelako. Testuen aire erretoriko, nahaspilatsu eta biziki poetikoa ez da erraz sartzen gure belarrietan. Pertsonaien arteko harremanak urrun sentitu ahal ditugu 300 edo 400 urteko jauzia dela eta. Eta gaiei dagokienez, aspektu batzuk harrigarriki esanguratsuak diren bitartean –izan ere, pertsonaia berekoi eta eskrupulurik gabeko horrek Trump, Milei, Abascal eta beste hainbeste gogorarazten dizkigu–, beste batzuek garai bateko ideologia atzerakoia ekartzen digute gogora.
Horrelako obra bat oholtzara eramateko ausardia biltzen duen antzerki konpainiak zailtasun horiei egin beharko die aurre. Esan liteke egokitzapenak planteatzen duen gatazka artistikoa, testuak berak barnean dakarrena bezain handia edo are handiagoa izan daitekeela. Edo behintzat ondorio hori atera daiteke Rikardo eta ni obra ikusi ondoren. Izan ere, taldeak publikoarekin partekatzen duena obra original eta entreteginarri honetan sorkuntza prozesuaren gorabeherak dira: testuarekin egindako probak, tonu desberdinekin antzeztutako eszenak, esperimentuak, jolas eszenikoak eta berauek landu bitartean taldekideen artean sortzen diren hausnarketak, iritzi trukaketak eta eztabaidak. Hiru aktoreak askatasun handiarekin barneratzen dira autofikzioaren eremuan eta lehenengo momentutik publikoa konplize sentitzen da.
Atrezzoa eta eszenografia baliabide xumez osatua dago erabaki kontziente eta, nire ustez, erreibindikatibo bat dela medio. Oro har, etxetik ekarritako materialak eta objektuak dirudite eszenan erabiltzen direnak. Birziklatze eta berrerabiltze aire hau erabat koherentea da obraren izpiritu esperimentatzailearekin. Izan ere, ematen du sorkuntza prozesu horren parte garela nolabait, taldekideekin batera sormeneko garaje batean, esperimentu eszeniko sortzaile baten kideak bagina bezala.
Antzerki mota honek Grotowskiren antzerki pobrea edo Gaztetxeen estetika ekartzen dizkit burura, produkzio handien ondoan bestelako xarma daukatenak. Aurrekontu txikiak irudimena estimulatzen du, artisten alderdian ez ezik, publikoarenean ere bai. Sortzaileek modu zoliagoak bilatu behar dituzte euren ideiak adierazteko eta, modu berean, “bukatu gabeko” material hauek esangura aberatsagoak eskaintzen dituzte, ondoren ikusleek osatu ahal dituztenak euren irudimenarekin. Adibidez, kartoiaren erabilerak zenbait ideia eta irakurketa dakartza berarekin –guztiak obraren planteamenduarekin bat datozenak: berez, produktu “ez bukatuaren” sentsazioa ezartzen du eszenan, work in progress airea emanez guztiari; orobat, kartoiak produktuak garraiatzeko kutxetara eramaten gaitu, alegia oraindik muntatu gabe dagoen zerbaiten ideia; eta horiez aparte, noski, kartoia jostailurik erabilienetakoa da munduan, umeen esku erortzen denean milaka posibilitate hartzen dituen joko xume baina potentzia handikoa baita.
Arma horiek aldean dituztela, taldekideek Shakespeareren testua disekzionatzen dute goitik behera, testuaren berezko konplexutasunari buelta ematen zaio emaitza jostari eta aldi berean pedagogiko –ez itxia, baizik eta erabat polisemiko– bat lortzeko. Umorea –batzuetan absurdoa, besteetan parodiko eta zorrotza– eta ironia etengabekoak dira, eta eszena oso desberdinak tartekatzen dira dinamismo handiarekin. Hori dela eta emaitza oso entretenigarria da, nahiz eta berez gai sakon asko jorratzen diren. Zalantzarik gabe, barre nahiz hausnartzeko aukera asko ematen dituen proposamen bat da.