Artikulua: “Eltzea sutan”. (Berrian argitaratua, 2020ko abuztuaren 18an).
Ekoizpen etxea: Txalo. Egileak: Matthieu Delaporte eta Alexandre de la Patelliere. Bertsioa: Jordi Galceran. Antzezleak: Ane Gabarain, Jose Kruz Gurrutxaga, Mikel Laskurain, Susana Soleto, Asier Sota. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abuztuak 14.
Matrimonio baten etxean elkartu da familia afari baterako. Denen lagun bakartia eta emaztearen neba ere azaldu dira, eta beranduago etorriko da haurdun dagoen haren bikotea. Izan ere, jaiotzekoa denari zein izen jarriko dioten bihurtuko da gaualdiaren eztabaidagai nagusia, halako moldez non apurka-apurka baina ezinbestean elkarbizitza suntsitzeko detonagailu bilakatuko den, protagonistek aurreikusi ezingo lituzketen ondorioetaraino heldu arte. Hori dakar eltzea sutan lagatzeak, eta kontrolik gabe gainera.
Izena deitzen da orain Txalo ekoizpen etxearen muntaketa, baina Ene ba! deitu zen urtarrilean Andoainen estreinatu zenean. Koronabirusaren beste ezusteko eragin bat agian. Kontua da jatorrizko izenaren —Le prénom— itzulpenarekin aspaldiko dFeria batean ikusi genuela Donostiako Gazteszenan, Silvia Vladimisky eta Salo Pasik argentinarrak orduko muntaketaren atzean zeudela. COVID-19aren kontura ezarritako neurrien ondorioz, ezin izan dugu esku-programarik eskuratu —supermerkatuetan, ordea, eskuragarri daude propaganda aldizkariak—, baina, Txalok azaldu zuenez, oraingo bertsioa Jordi Galceran katalanarena da.
Azken finean, ez da harritzekoa behin baino gehiagotan ikusi izana, frantziar estilo ezaguneko komedia fina eta matematikoki eraikia delako. Gainera, haren barruan inor mintzen ez duten giza arazo arruntak azaleratzen dira, komedia arinaren parametroetan, betiere deserosotasunaren mugetatik prudentziazko distantzian baina europarron azal finean atximur nahikoa eginez hala ere.
Oraingo bertsioa, noski, euskara txukunean etorri zaigu, Martin Agirreren eskutik, nahiz eta antzezle batzuk etxean goxo sentitu, eta esan dutena batzuetan ez dugun ulertu. Dena den, talde polita eratu dute denen artean, ondo koordinatuta egon dena eta une oro funtzionaltasun handia erakutsi duena, dekoratu hipernaturalista eta ondo zamatu batean murgilduta.
Marko konbentzional horretan sartuta, aktore bakoitzak hobekien datorkion rola jokatu du —Txalok badaki ongi jokatzen antzezleak beren prototipoetan kokatzerakoan— eta, horrela izanik, erraztasun osoz ibili dira Ane Gabarain etxekoandre esanekoaren rolean, Mikel Laskurain haren senar grisarenean, Jose Kruz Gurrutxaga euskal enpresari jatorrarenean, Susana Soleto haren emazte haurdunarenean eta Asier Sota izaera zehaztugabea duen lagunarenean. Haien lanarekin eta jatorrizko komediaren balioekin barreak sano bota eta arratsalde atsegin bat eman dugu arte eszenikoen altzoan.