Izan ala ez izan

"Identitarteak" antzezlanari buruzko iruzkina.

2023-12-15 | Maddi Sara Goikoetxea Juanena

Izenburua: Identitarteak. Konpainia: Gilkitxaro. Antzezleak: Ane Zabala, Galder Perez eta Aitor García de Vicuña. Testua: Lutxo Egia. Tokia: Azpeitia, Dinamoa. Eguna: Azaroaren 9a.

Hautsi da anfora! Gureak egin du. Ez gara jada emakume, ez gizon, ez euskaldun, ez espainol, ez herritar, ez guraso, ez heldu, ez gazte. Ez gara inor, baina inor direnak ere badira nor, ez da hala?

Hitz eta kontzeptuak kiribiltzera jolas egiten dute oholtza gainean Galder Perez eta Ane Zabalak, soka gure lepoetan endredatu eta ikuslea arnas gabe uzteraino: akabo orain arte uste zenuena, esan adio zure izen guztiei, definitzen zintuzten etiketa denei, paradigma ororen amaiera baita. Askagarria bezain absurdoa izan daitekeen eszenatoki bat sortu digute, iruditegian dugun estruktura deseraikitzeko gonbita eginez, hots: egin dezagun gure identitateaz beste.

Dudarik gabe, lan honetan protagonismo berezia du Lutxo Egia idazlearen testuak, 2016an Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Saria irabazi zuenak. Gilkitxaro konpainiak egilearen baimenarekin testua moldatu ahal izan du, baina hala ere, haren esentzia mantendu nahi izan dute, nahiz eta horrek erronka handia suposatu duen, ez baita oholtzaratzeko testu erraza, inondik ere. Zabalak eta Perezek hogei urtetik gora daramate elkarrekin lanean, eta duoaren konexioa nabaria da: pertsonaien arteko begiradak, elkarren artean sortutako tentsioa, erritmoa, jolasa… eta batez ere, isiluneak. Duoa hirukote izatera pasa da taularatze honekin, Aitor García de Vicuña musikariak lagundu baititu bat-bateko interbentzio eta momentua girotzen duten musika zein soinu xelebreekin.

Komedian sentitzen dira erosoen, eta ikuslegoa dibertitzeaz gain eremu deserosoetara, irristakorretara eramatea dute gustuko, kasu honetan bezala. Badakite, ondo jakin ere, barrea dela hartarako biderik errazena; eta baita sanoena ere. Pertsonaiok gertutik ikusi ondoren -ezpainetako-barra gorria ahoan barreiatuta, marinelaren zapia lepoan, neskatilen gona urdin-ilunak, golf-erako zapatila zuriak, buruan kaskoa…- lehenengo euren buruaren kontura barre egiten dutela esango nuke.

Trebezia handiz -jolaserako ere teknika beharrezko baita-, eskutik eraman gaituzte anfora hautsi den territorioraino, lurrik zapaldu ezin den espaziora: desertua edo itsasoa bezain zabala, handia, mugagabea. Azkeneraino eraman dute postmodernitatea, eta algarak ez ezik, hasperenak entzun dira aretoan, eskuak eraman ditugu kolkora batek baino gehiagok, eta etorriko denarekiko adi, isil-isilik gelditu dira beste hainbeste. Amaieran, hasierako puntu berera itzuli gara, bidaia zirkular batean. Sentsazioa izan dut afalosteko konbertsazio sutsu batean parte hartu dudala, eta pare bat orduren ondoren, nekatuta, “beno, gaurkoz konpondu dugu mundua” esan eta lehengora bueltatu garela. Jarraitzen dugu ezkontzen eta gure seme-alabak “Aitor” eta “Amaia” izendatzen, goizetan kafesnea edaten eta Altus motxilak moda-eternalean mantentzen. Ez zaiteztela larritu! Egin ezazue lo lasai: azken batean, ez gara hain modernoak ere.