Francoren bilobari gutuna

2020-05-08 | EHAZE

Artikulua: Lan kolektibo bat kolektiboarentzat.

Titulua: Francoren bilobari gutuna.

Egilea: Artedrama / Dejabu / LPTDP / Igor Elorza / Unai Iturriaga.

Argitaletxea: EHAZE + Susa.

Kritika: Berria, 2020-05-03.

Susa argitaletxeko Ganbila sailean orain arte argitaraturiko hiru antzezlanetan azkena da Francoren bilobari gutuna. Bi bertsolariren lana dugu, gainera: bertsozaleoi (eta ez hain zaleei) ezagunak zaizkigun Igor Elortzak eta Unai Iturriagak Artedrama, Dejabu Panpin Laborategia eta Le Petit Theatre de Pain taldeekin elkarlanean idatzia. Editorialaren sar-hitzak zehazten du egiletza kolektiboaren garrantzia, antzerki zuzendarien lanerako estrategiarekin zuzenean lotua dagoelako, “euskal gizartearen esperientzia errealetan sorburua izaki, aktoreen inprobisazioaren bitartez eratzen den ikuskizunak egiletza kolektiboari zor diola. Horrela, testua Unai Iturriagak eta Igor Elortzak sinatzen badute ere, idazleak baino, gidoi finkatzaileak ditugu”. Beraz, duela hamabost egun iruzkindutako Miren Tirapuren Bazterreko ahotsak piezan azpimarragarria bazen zuzendariaren esku hartzea bere biografiarekin estu loturik zegoelako, hemen iruzkingai dugun kausan, hain justu kontrakoa da nabarmengarria; hau da, testuaren desagerpena.

Katarsia. Hala definitu du editorialaren eskutik datorren sarrera testuan antzezlanak ikusle-irakurlearengan uzten duen oihartzuna. Baiki, gaur egun irakurrita, testuak are esperientzia emozionalagoa eragiten du, krisiarengatik abandonatutako ospitale bateko gorabeherak iruzkintzeari beste prisma batetik begiratzen baitiogu orain.

Umore absurdoz bustitako kritika zuzena egiten zaio ustelkeriari ospitale delirante honetako gaixoen eta langileen bitartez. Mezua zuzena da, baina ez, ordea, leuna. Gertukoak zaizkio irakurleari ospitaleko langileek saihestu behar dituzten arazoak, egunerokotasunean agertzen direnak, eta krisi egoeran nabarmen geratu den bezala, gaixoari zuzenean eragiten diotenak; hargatik dira mingarriagoak lanean planteatzen diren hutsuneak: kainismoa, irabazi-gosea, esplotazioa. Deshumanizazioa. Idazkera estilo soil horren eraginez, erritmo biziari jarraitzen dio tramak dialogoetan, irakurlea antsietatez kolapsatzera eramateraino.

Bestalde, drama antzeztua ikusi duenak jakingo du eszenaratze soila duela, egiazki, idazlanean, akotazioekin ia osorik zehaztua, irakurlearentzako jarraibideak oso zehatzak gertatzen dira. Eszenaratze eskematiko horrek testuaren garrantzia nabarmenago bihurtzen du lan honetan, zeina mezu nagusia bereizten ahalegintzen bada ere, umore absurdoa baliatuz arazoaren planteamendutik harago, hausnarketa metaliterario nahiz metafisikoetara ere gerturatuko baita. Hartara, iragarle gertatzen dira 9. Agerraldia: Antzerkiaren azalpena bezalako atalak. Ximun Fuchsen hitzostean antzezlanak antzerkiaren inguruan plazaratu nahi dituen oharren inguruko eztabaida planteatzen da, eta zuzendari baxenabartarraren tesia interesgarri suerta liteke teatro politiko honen nondik norakoak ulertzeko.

Arantxa Iturberen eskutik datorren prologoan dagoeneko hainbat euskal ikuslek gozatu duten antzerkiari esker ona adierazten dio idazle alegiarrak.