Eusko Labeldun basoak

Maddi Goikoetxearen artikulua "Eukalyptus" lanari buruz.

2024-05-29 | Maddi Goikoetxea Juanena

Izenburua: Eukalyptus. Testua: Nerea Ibarzabal, Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro eta Beñat Urrutia. Antzezleak: Jon Ander Urresti eta Beñat Urrutia. Zuzendaritza eta dramaturgia: Matxalen de Pedro eta Jon Ander Urresti. Tokia: Amasa-Villabona, Gurea Antzokia. Eguna: Apirilaren 26.

Nork ez du, noizbait, tren edo autobuseko leihatilatik so, Euskal Herriko mendi, zelai eta basoen paisaia debozioz kontenplatu. Lurraren berdeak kilometroak hartzen ditu, eta gogoa han nonbait eramaten, erromantizismoz puztutako gogoeta batean. Han, natura: basati, aske, autentikoa. Bertokoa, beste inon ez bezalakoa. Gure identitatea, Laboaren edo Lertxundiren melodiek lur hartzen duten parajea. Ikuspegi kaletarregia ote? Hiriko haurrak mendia begiratu eta haren errealitatearen ezjakintasunetik sortutako sentsazioa? Idilikoegia, xaloegia? Zer ikusten du, aldiz, baserritarrak? Zer, basozainak? Zer, Eusko Jaurlaritzak? Behin lagun mexikar bat etorri zitzaidan bisitan, eta errepidean gindoazela, mendiei begira, zera esan zuen: “Aquí parece que a los cerros les dan mantenimiento”. Grazia egin zidan, ez nukeen inoiz pentsatuko.

Antzezlan honen sortzaileak -Jon Ander Urresti, Matxalen de Pedro, Beñat Urrutia- eukaliptoz jositako ingurunean bizi dira, Bizkaian. Gertutik ezagutzen dute, beraz, antzerkiaren bidez plazaratu nahi duten gaia: basoen ustiapena, monokultiboa, bertako eta kanpoko espezieak, euskal identitatea eta paisaia, esplotazio kapitalista… Tamaina horretako fenomenoa taularatzearen desafioari erantzun diote: ikuslegoa informatu eta erakartzeaz gain, edonor interpelatuko duen moduan egin dute. Hausnarketa kritikotik eta umoretik, eztabaida baten konplexutasuna haragiztatzen duten -eta oso ondo landurik dauden- bi pertsonaia aurkeztuz, keinua eta gorputza trebeziaz maneiatuz, eszenografiaren sinpletasunetik irudi poetikoak sortuz.

Eukaliptoa kontsumitzeko badira mila modu. Seguruena, ezagun egingo zaizu baten bat: mukizapiak, komuneko papera, folioak, eztarriko karameluak… Bada, horra hor kontsumo kapitalistaren tranpa: ia ezinbesteko egin zaigu gure bizitzetan. “Euskalduna eta kontzientziatua” izan zaitezke, baina ez poltsikoan “kleenex”ak ordezkatuko dituen telazko zapi bat eramateko lain. Ez dira horren praktikoak. Praktika eta idealak: beti lehian.

Kritika honek antzokira joateko gonbidapen sutsua luzatu nahi du, baina kontuz!, ez baita atzera bueltarik egongo. Eukalyptus ikusi ondoren, errepidean barna autobus, tren edo kotxeko leihatilatik begiratzean, jada ez zaizkizu -modu inozenteenean- “Oi, Ama Euskal Herri goxua!” edo “Maite ditut maite, gure bazterrak” kontzientzia lasaira etorriko… Ustekabean erasotuko zaitu, eukalipto hosto baten gainean, Francoren irudiak. Pegatina maradikatua!