Artikulua: A ze parea!
Antzezlana: Erradikalak ginen.
Taldea: Ane Labaka eta Beatriz Egizabal.
Kritika: GARA, 2020-03-03.
Bi dira, bi, orain arte Ane Labakak eta Beatriz Egizabalek sortutako ikuskizunak: “Erradikalak gara” lehenbizikoa eta “Erradikalak ginen” bigarrena. Bi antzezleak asmatutakoarekin pozik eta gogoz bukatuta, indartsu ziren elkarlanean beste proiektu honi ekiteko. Horrela adierazten digute emankizuneko antzezpen xalo bezain esanguratsuan. Ikusleek pozik eta alai ulertu diete lehengo formulari eutsiko diotela eta harrera abegitsu eta kantari egin diete lehenbiziko bertsoetatik. Aretoan umorearen bitarteko komunitate sentsazioa sortu dute inolako errazkeriatan erori gabe.
Bi dira, bi, uztartzen dituzten diziplinak, bi dira belaunaldiak, bi, oholtzako ahotsen bolumenak, bi, gorpuzkerak, bi, aldarte ezberdinak. Bertsolaria serio zein pausatu aritzen da; antzezlea, aldiz, barrearen bila abiatzen zaigu aurpegiko hazpegiak nabarmenduz pantomima gisan nahiz hitzen tropelaren abiadura azkartuz. Bi dira, bi, bertso eta prosa, kanta eta enuntziazioak, hausnarketa eta barregarritasuna: bi katebegi guztiz ondo lotuta, feminista koherenteagoak bihurtzen gaituen prozesuan. Hortik titulua, “Erradikalak ginen” eta hortik asmoa “eta izango gara”.
Betiko neska gazte promesak noiz arte dira gazte? eta promesa? Nola ez du jendeak Beatriz ezagutzen 20 urteko lan ibilbidea egina badu? Zer gertatzen da emakume helduen gorputzean? Ezagutzen al duzue kremen zeremonia? Eta plaiara eroso joateko jarraibideen katalogoa? Aldika parte hartzen dute, orain bertsotan orain esketxa, erritmo onean. Laburra egiten zaigu, amaitzeko kantuketan jarri gaituzte: «Behar da amorrua… baina umoretik ere egin dezagun borroka» letrarekin laburtu dute ikuskizunaren planteamendua. Euskal antzerkiaren kartelerako erdigunea okupatzen duten komedia txatxuetatik oso urrun, gure umorean bide ezberdin bat.