Artikuluaren titulua: “Ezetzak baieztatzen du” (BERRIAn argitaratua, 2020ko azaroaren 7an).
Konpainia: Horman Poster. Zuzendaritza eta dramaturgia: Igor de Quadra. Jantziak: Alberto Sinpatron. Eszenografia: Miriam Isasi. Argiak: Arantza Flores. Soinua: Asier Renteria. Dramaturgia eta interpretazioa: Xanti Agirrezabala, Maite Aizpurua, Matxalen de Pedro, Jon Ander Urresti. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 5.
Ezetzak beti baieztatzen du zerbait, Antigonaren pertsonaiarekin gertatu zen bezala. Kreontek debekatu egin du Polinizesen gorpuari lur ematea, Tebas hiriari egindako traizioarengatik, baina Antigona neba ehorztera deliberatu da, eta garesti ordainduko du bere desobedientzia, horrek luzarora Kreonteren zorigaitza ekarriko duen arren.
Duela bi milurteko eta erdi idatzitako tragedia historian gehien antzeztutako obra omen da, baina orain arte ez dugu haren eszenaratzerik ezagutu, eta Horman Poster taldeko kideek bertsio garaikide eta librea ekarri berri dute taulara. Egia esan, beren aurreko lanak ikusita —Iragan perfektua, Magia sinpatikoa…—, ez da harritzekoa Sofoklesen jatorrizko testua era horretan eraberritu izana, Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra arima dituen konpainia antzerki dokumentalaren eta performancearen arteko bideetatik ibili delako askotan, hau da, antzerki ez konformistaren eremuan.
Jatorrizko tragediara itzulita, Antigonaren ezetzak Kreonteren tirania eta haren mendekoen koldarkeria baieztatu zituen, horrela frogatuz ustez erabakigarria den ekintza bakoitzak bere erreakzioa edukiko duela ezinbestean. Nire susmoa da Sofoklesen testuari dilema moralaren zukua atera diogula gehienetan, eta oso gutxitan zentratu garela dialektikaren kontu horretan. Seguruenik kutsu marxistako auzi hori askoz argiago agertzen zen Brechten bertsioan, eta, alde horretatik, esan beharra dago oraingo sortzaileek haren testua eta beste batzuenak ere aztertu dituztela oraingo muntaiarako, haien artean Jokin Zaitegiren Antigone hura dagoela. Hortik etorri da oraingo izenburua, eta dramaturgiari lagundu dioten hitzak sorkuntza kolektiboaren fruitu izan dira.
Izan ere, dramaturgia da eszenaratze honetatik gehien interesatu gaituena, haren gainean eratu baitira, era koherentean, antzezleen inguruko arlo guztiak: argien presentzia egokia eta haren aldaketa lasaiak, jantzien egokitasun neutroa… Zalantzarik gabe, dramaturgiaren arloan rol nagusia jokatu du soinu-bandak, emanaldiaren erritmo sostengatuari eutsiz eta eszena bakoitzari bere girotze dramatikoa erantsiz.
Bide beretik, eremu eszenikoaren diseinuan pisu sinbolikoa hartu du gorputz geometrikoen presentziak eta beste objektu batzuen erabilera sinbolikoak. Haiekin batera, gure errealitatean errotutako umore txinparta txikiak oparitu dizkigute tiranoaren diskurtso ironikoan, eta, horrekin batera, antzezleen jarrera eskultorikoak eta keinu metaforikoen erabilera funtsezkoak izan dira orduko Antigona hura gaurkoan eta gurean esanguratsua izan dadin.